Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2013/05/15 11:54:10.393772 GMT+2

Azkarrik azkarrena

            Baserri bateko armarrian letra greko batzuk ikusiko bazenituzte ez al zinatekete harrituko? Ba gehiago baserriko jabeari Harkaitz azkarrari buruzko kondaira entzun izan bazenioten. Eta are gehiago bost urte ikertzen ibili ondoren deskubritu nuena kontatzen dizuedanean. Baserriko jabearen esanetan, antzina, gure historiaurrean, azkarrak euskaldunak ehizarako erabiltzen zituzten morroi bizkorrei zeritzeten. Ehiztariaren ondoan jartzen ziren eta honek geziak jaurti bezain laster ziztu bizian abiatzen ziren balizko ehiza sasi artean gal ez zedin. Eta jakina, Harkaitz azkarrik azkarrena izateaz aparte 100 metroko luzeran ez zuen parerik, Numantzian, Iberiako jokoetan demostratu zuen bezala. Baina Harkaitzek loria handiagoak zituen begira, Feniziako merkatari batek eraman baitzuen itsasoaren harandian, Olinpian izaten ziren entzute handiko jokoetara. Afrika, Asia eta Erromako inperiotik etorritako korrikalariak biltzen ziren han. Harkaitz horrenbeste korrikalari onen artean lotsatuta sentitzen zen eta eskerrak lotsari ere zatiarekin irabazi zuen lasterketa, ze epaileak arropak eranzteko agindua eman zuenean eta Harkaitzek biluzik korritu behar zuela ikustean tximistaren abiadan bete zituen ehun metroak. Eta Grezian Jainko egin bazuten Euskal Herrira eskutsik heldu zen, beno, besapean mendez mende hor eskegita iraun duen armarri antzeko hori ekarri zuen. Baina harrigarriena, eta niri bost urteko lana eman didana, inskripzioa izan da. Inskripzioak zenbaki greko bati dagokio, 1008a. Harkaitzek hareazko erloju mazedoniar baten lehenengo mila eta zortzi hondar aleak behar izan zituen ehun metroak burutzeko, bederatzi segundu eta berrogeita hamar ehuneko, gaur egungo munduko errekorra baino hogeita hamar ehuneko gutxiago.

 

Posted by: txistuy.2013/05/15 11:54:10.393772 GMT+2
Tags: papergalduak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/11 22:40:9.255072 GMT+2

Bizitzak adarrak ankerrak ditu

Berriro harrapatu naute Ilargiaren adarrek

gauaren urdailean tunelak egiten

orain faltsuak edaten

orainetik ihesean

komuneko zulotik goitika

ahaztu nahi eta ezinaren patua

insomnio zurbilaren mamua

ihesaren marrak eskuetan

galeraren putzuak betazpietan

 eromenaren galaxiak buruaren orbitan

atera beste porrot-basokada bat

barra ondoko askatasunaren gatibu

ordu hordien hilotzak

edalontziko izotzak.

 

Berriro harrapatu naute

ezerezdunak detektatzeko radarrek

kale ilunetan galduta

nire bizitza etxe abandonatua da

eta han goian Ilargiaren adarrak

nire zauri beroetan sastadaka.

Bizitzak adarrak ankerrak ditu.

Ron Sniakin

Posted by: txistuy.2013/05/11 22:40:9.255072 GMT+2
Tags: poesia | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/03 09:04:58.971079 GMT+2

Krimen perfektua

Gas leherketa baten moduan joan zinen

krakatoak jaurtiz begietatik

trumoiaren burrunba takoietan

plaka tektonikoen talka atearen danbadan.

Bertan utzi ninduzun

bakardadearen desolazioan

galdera guztien erredurak eztarrian.

Adibidez:

Noiz hasten da maitasuna hiltzen?

Lehen larru-jotzean?

Bigarren gezurrean?

Hirugarren aharrausian?

Harrezkero hemen natza

erantzun gabeko galderen keak itota.

Baina ez zaitez kezkatu,

egun hartan alde eginda

krimen perfektua gauzatu zenuen eta:

bizirik topatuko dute nire gorpua.

 

Ron Sniakin

Posted by: txistuy.2013/05/03 09:04:58.971079 GMT+2
Tags: poesia | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/01 20:17:34.070091 GMT+2

langale

Gaur, maiatzak 1, azken Langile Eguna ospatu da. Arrazoia? Langile bat bakarrik gelditzen delako eta inork ez dakielako non dagoen. Beste guztiak dagoeneko langabeak ei dira. Hortaz, datorren urtetik aurrera, Langale Eguna ospatuko da, hau da, langale diren langabetuen eguna, nahiz eta zer ospatu gutxi izango duten. Eta sasiospakizun horri izen hori emanda, hain erabilera murritza duen –gale atzizkiari arnasa emango diogu, ezberba bat oparituta.

Dakigunez, -gale atzizkia beharrizan fisikoekin lotuta dago (tugale, txizagale, kakagale, botagale, hazgale, logale, jangale, edagale…), baita emozionalekin ere (negargale). Sarriago erabili beharko genuke atzizki hori, gogo bizia adierazteko. Esaterako: larrutan egiteko premia duena larrugale da (eta zehaztasunetan hasita: zakilgale, alugale, uzkigale…); erretzeko gogoa duena, erregale (haxixgale, kalamugale, kokagale…); mozkortzeko irrika duena, hordigale (ardogale, vodkagale, guinnessgale…).

Era berean, negu euritsua igarota, eguzkigale izaten gara; gazteak, asteburua helduta, jaigale; hainbat emakume, haien fantasia erotikoen arabera, suhiltzailegale; presoak, kaleragale; suizidak, hilgale; pederastak, umegale… Eta lanean diharduen langile bakar hori seguru oporgale izango dela.

Behar fisiko eta psikikoetarako ez ezik, bestelakoetarako ere erabil genezake –gale atzizkia; adibidez, beharrizan ekonomikoetarako. Horretara dator, hain zuzen ere,  gaurko ezberba: langale.

Noizbait norbaitek esan zuen lanak duintzen duela gizakia. Ez dakigu esaldi horren asmatzailea langilea ote zen. Seguru asko, enpresaburua izango zen, eta hauxe esaldia: inoren lanak duintzen du nire zakua. Edozein modutan ere, errealitateari jaramon egiten badiogu, gero eta gordinago mamitzen ari da beste esaldi hau: lanak duingabetzen du gizakia. Zera gertatzen ari da Indian bezala hemen ere: beharrak eraginda, gero eta jende gehiago prest dagoela gehiago (eta okerrago) lan egiteko diru gutxiagoren truke.

Langabetuak halako arraza madarikatua dira, lan-apurrak lortzearren  edozer egiteko prest dagoen artalde galdua, odol ekonomikoaren egarriz edozein lan edozein baldintzatan hartzeko gertu dagoen zonbi taldea.

LANGALE: lanaren behar psikiko-ekonomikoa duen langabetua.

Zer sindikatuk egiten du langaleen alde?

Langaleak antolatuko balira, iraultza seguru.

Posted by: txistuy.2013/05/01 20:17:34.070091 GMT+2
Tags: ezberbak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/29 08:20:4.805497 GMT+2

Udaberria

Eta udaberria helduko da berriro

okaran-ondoko lore arrosekin

eta mimosen lore horiak

eta enara beltzak ere

eta perretxiko zuriak

jango ditugu.

Eta batzuetan euria egingo du

eta bestetan eguzkiak gogor joko du

eta ortzadarra irtengo da

eta tabernan eztabaidatuko dugu

ea Ertzaintza kapaz den

alkoholemia kontrolean  

gabon esanda bakarrik

mozkortuta gatozen igartzeko.

 

                                                                 Lodinowsky

Posted by: txistuy.2013/04/29 08:20:4.805497 GMT+2
Tags: poesia | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/19 17:52:9.194257 GMT+2

MIKROANDOSILLOAK 42

411- Ez gara konformatzen infinitu bakarrarekin.

412- Inperioak jausten diren guztietan, penaltia da.

413- Lokarriek askatuko gaituzte.

414- Gaur ere ez naiz itzartu.

415- Basilisko itsuak gara.

416- Heriotza hilerrietatik kanpo bizi da.

417- Urrats bakoitzean eraikitzen da iragana.

418- Pospoloek ezin dute ozeanoa amatatu.

419- Amuak irribarre faltsuak dira.

420- Gorde ezazu azken bala zeure buruarentzat.

                                                                                             

                                                                                     Vittu Cherigan

Posted by: txistuy.2013/04/19 17:52:9.194257 GMT+2
Tags: aforismoak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/12 12:19:22.964891 GMT+2

Tovarixtx-en azken berbak

Txistu y Tamboliñ aldizkariak, bere bizitza oparoan hainbat testu paregabe sortu arren, baditu testu madarikatuak ere, bazterturik geratu direnak, tiraderetan abandonatuak. Miseriak eta alde ilunak erakusteko joera nagusitzen ari den honetan, geuk ere paper galdu orain arte bazterturiko horiek plazaratzeko tentazioari men egin eta banaka-banaka aterako ditugu, ustel-sunda eta guzti. Eta hara! Sorpresa bat baino gehiago hartu dugu, gure irudikoz testu malapartatu eta zimel horiek oraindik ere halako distira gordetzen dute-eta. Esan daiteke denborak, batzuetan, edertu egiten duela: gauza bat zimurra da, eta beste bat simaurra.

Beraz, hemen dituzue sasoi baten jaso ez genituen mahats-aleak, mahaspasa bihurtuta. Haiei zuku ateratzen jakin dezazuela!

 

Tovarixtx-en azken berbak

Hamazazpi urtekin gazte askoren bezalako kezkak eta larritasunak izan nituen, "mugida" hartan txorizo xerrakatu baten lez sentitzen nuen nire burua: zati sesuala bokadiloetan jateko, iraultzailea sartenean prijitzeko eta lapikoan ondo egositako zati sustantziagabea neure euskarazko konozimenduak. Horrela makina bat egun, gau eta biharamon joan ziren X. Leteri "Marx eta Lenin irakur ditzan gehiegi nekatu gabe" entzun nionean arte. Ordutik hasi nintzen marxisten eta marxianoen liburuetan arakatzen; lehenengo lan famatuenak, gero edizio kritikoak, asteburu mordo bat etxetik irten barik, kontzeptuak asimilatuz, azalpenetan muinetara iritsiz, ikuspuntu kritikoak erabiliz, e. a. Kalera abiatzen nintzen bakoitzean neure lagunek moskeoz begiratzen ninduten, dirudienez beti "dialektika", "proletargo", "kontradizio" eta antzerako hitzekin aspertzen nituen hurbiltzen nintzaienean. Baina niri bost axola zitzaidan igitaia eta mailua bedeinkazio nuen bitartean, nire iraultza gulatikoa asegabea zen eta zirkunstantzia batzuen ondorioz prosobietikoa bilakatu nintzen, beharbada txikitatik galasietako pelikuletan beti sobietarrekin identifikaturik nengoelako. Gauez Mosku irratia, egunez Lenin-en diskurtsoak, Konsomolskaya Pravda... eta astelehen arratsaldeetan errusozko klaseak partidu komunistaren lokalean; neure zaletasuna egun batetik bestera areagotuz zihoan, hura ez zen txantxetakoa, erotze prozesu batean sarturik ote nengoen? "Tovarixtx, hire moduko jentea behar diagu terrorismo washintonianoa deusezteko", honela erantzun didate Minsk-era heldu naizenean nituen diru apurrak bidaian jorratu ondoren. Bihar Siberiara noa konzientziazio eta propagandazko aparatoaren buru izendaturik. Ez naiz gehiago sorterrira itzuliko Varsoviako itunaren dibisioekin ez baldin bada.

Posted by: txistuy.2013/04/12 12:19:22.964891 GMT+2
Tags: papergalduak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/08 10:25:2.041640 GMT+2

Sabinen testamentua

Aste Santua da Bilbon. Hemen ere prozesioak modan jarri dira: kaputxinoak ortozik, vavuzela zaratatsuak eta doluzko gurutzeak.

Zinemara joatea erabaki dut, baina eguraldia dela eta ia areto guztiek gainezka egin dute, Bartzelonatik datorren“Los últimos días”  pelikula apokaliptikoa ikusteko izan ezik. Eta horren txarra da ze irauten duen ordu t’erdian neuk ere kalbarioa egin behar dudala  erabaki dut, hots, putetxera eramango nauen gurutze-bidea egitea.

 

Beraz, Kontxa kalean dagoen ileapaindegira heldu aurretik 12 garagardo 12 tabernakulotan edango ditudala erabaki dut. Lehendabizikoa Café Antzokian, hara Las Culebrasen kontzertua entzutera koadrilako konbertitu bi joan dira, edandako eta erretako guztiagatik orain erretzeari eta edateari utzi diotenak alegia, gainera euren burua zuritzeko biharamuneko txangoa aipatu didate, Balenziagaren museoa ikustera doazela. Sasoi ilunagoetan Getariako txakolin uzta arriskuan jarri eta museoko soinekoak haziztatuko zituzten, aspaldiko kontuak.

 

Baina eurekin Arantza etorri da, eta Arantza ez da nolanahiko emakumea,  kiloko ogi zuria baino gozoago dago. Ez daukat harekin ligatzeko aukerarik baina a ze titi mardulak, a ze ipur masailak eta, tomatearekin ez dagoenean, a ze gamelu apatx ikusgarria. Nahikoa izango da ileapaindegiko txirrina zakilarekin sakatzeko.

 

Lodinowsy

Posted by: txistuy.2013/04/08 10:25:2.041640 GMT+2
Tags: ipuina | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/01 20:29:26.233600 GMT+2

Derrotaren bihotzerrea

—Antzokiko argiek tabakoaren kea behar dute distiratzeko— esan dit Arantzak, txiskeroaren lamari begira.

—Aitzakia poetikoak leku debekatuetan erretzeko— erantzun diot.

Amaitzear da Las Culebrasen kontzertua. Sartu garenean, Antzokia erdi hutsik topatu dugu, baina musikaren indarrak eta garagardoaren aparrak ikuspegia aldarazi didate: orain erdi beteta ikusten dut.

Neuk ere urratuko nuke legea, baina ezetz esan diot Arantzak eskaini didan tentazioari: hogeita bi egun pasatu dira erretzeari utzi diodanetik. Bitxia da: gripeak jota egon arren birikak nikotinaz pozoitzen tematu eta gero, tabakoari ezetz esan nion osatu eta berehala, pentsatu barik. Nork esan zuen gizakia adimentsua dela?  Nik behintzat, gauza bat argi daukat: adimena eta adina ez doaz beti batera.

Azken abestian Sabin agertu da, zikloi baten moduan (eta San Miguel bat eskuan, jakina). Zinematik dator. Coronadoren azken filma kalifikatzeko, zera esan dit: “Almodovarren azkena baino hamar aldiz txarragoa, txo!”. Ez dakit film txarren eskalan hain behera joaterik dagoen…

Atsedenaldian sarrerara atera gara (sarrerara atera?). Arantza aurkeztu diot Sabini: Helicobacter pylori bakterioari urdail birjinal bat aurkeztea izan da (inuzentea!).

Sabin estratega doktoratua da: ikustekoa da nola hurbiltzen zaion, zein trebea den elkarrizketa interesatzen zaion esparrura eramaten. Urduritzen hasi naiz, solas-jolas horretan nire muturren aurrean nola katigatzen diren ikusita, zigarreten kearen artean babestuta. Ez dakit arriskuei aurre egiten: saltokira hurreratu naiz, disko eta kamisetei begira porrota disimulatzeko. Eta Las Culebraseko kideak agertu direnean, libidoa ames-joka hasi zait. Haien musika bezalaxe, boltaje handikoak begitandu zaizkit: haiekin ohean imajinatu dut neure burua, hanka luze haien artean endredatuta; planta horrekin, hiperaktiboak izango dira, seguru. Luxuriaren panpinak, beti prest pozoia inokulatzeko.

Kontzertuaren bigarren zatia etorri da gero: Sex Museum. Nire harridurarako, Sabin Durangoko koadrila zaharreko bi lagunekin elkartu eta Antzokitik joan da, garagardo-rallyari ekiteko. Arnasa hartu dut: urrundu da arriskua.

Gogotsu ibili dira Sex Museumekoak, baina aitortu behar dut nire begiak Marta eta haren organoarentzat izan direla. Kobra baten moduan zutuntzen izan da organoaren gainean: Hammond haren teklatua izango banintz, Martaren hatzen pasioa sentitzeko! Gustura hartuko nuke fisioterapeuta moduan…

Aspertu egin naiz. Inguruan denak saltoka, eta ni, aharrausika. Las Culebrasen freskuraren aldean, formula ahitua iruditu zait Sex Museum. Arantza, aldiz, pozarren, batez ere komunetik bueltan etorri denetik… Pare bat bider saiatu naiz hurreratzen, baina alferrik. Gero, esan dit. Eta ni pozik, geroaren esperantzan (inuzentea! + ergela!). Zoritxarrez, Arantzak ez du Axularren notiziarik. Gauzak geroko uzteak zer arrisku duen jakin beharko luke, baina kia! Argi dago Arantzak ez duela geroaren beldurrik: nahi duenean atzamarrekin kriskitin egin eta bertan izaten ditu nahi beste mutil, eskua miazkatzeko prest. Geroaren arriskua nire jabetza pribatua da. Zein ehiztari dago geroko txoriei beha, eskopetaren aurrean pieza ederra duenean? Nire moduko txotxoloak, bistan da.

Horrela joan da kontzertua: Arantza, estasian; ni, garagardoak garraiatzen (bost bidaia × bina garagardo = poltsikoak hutsik). Eta, bis eske gabiltzala, arriskuak belarri parean egin dit oihu (Es-te-ban! Es-te-ban!). Buelta egin, eta horra hor Sabin, Durangoko koadrilakoekin, irribarreen dimentsioa edandako litroen salatari.

Oraindik ez zaizkio erabat ahaztu gaztetako futbito-saioak: dribling egin eta Arantzaren ondoan paratu da. Hortxe hasi da mamitzen helicobacter pyloriren garaipena: Sabinen irribarreak Arantzaren titi-puntekin topo egitean.

Hortik aurrerakoa mingarriegia da xehetasunetan hasteko. Gauza bat aitortuko dut, hala ere: ez dago derrota ez onartzea baino derrota umiliagarriagorik. Orduan, derrotaren bihotzerreak gupidarik gabe egiten dizu haginka.

Bada, horixe egin dut nik: aitzakia bat asmatu sugandilen moduan desagertzeko. Ni, etxera; haiek, Azkenara, gauaren errapeetatik garagardo guztia edatera. Urrundik ikusita, Sabinen irribarreak itsasargia dirudi, eta, pizten den bakoitzeko, mezu hau bidaltzen dit: nirea da!, nirea da!, nirea da!...

Honezkero, Arantzaren urdailean ultzera ederra inauguratua du Sabinek. Sabin kabroi halakoak. Eta orain hemen nago, udako ordutegi dontsuak gauari jandako ordu edo desordu honetan neure burua madarikatzen. Aste Santuko kalbario hau areagotzeko, zartailua atera eta autoestimua zigortzen nabil. Ondo pentsatuta, nirea astoestimua da.

Eta hona hemen ondorio mingarria: Sabin eta biok ez gara hain desberdinak; ni pentsamenduetan geratzen naiz (ezinbestean), eta berak ekintza bihurtzen ditu. Koherentzian ere, bera garaile.

Zorionez, porrota ez da sekula erabatekoa izaten (beti lor daitezke marka hobeak…). Butakan jesarri, kaskoak jarri, eta Las Culebrasen disko berria jarri dut. Hor daude, CDaren azalean fresko-fresko, erreguka batutako sinadurak, haien hankak bezain luzeak  (eta lizunak). Haiei begira, txiskeroa atera eta dagoeneko ezpain artean dudan zigarretari bizia eman diot. Akabo hogeita bi eguneko baraualdia!

(Inuzentea! + ergela! + subnormala!)

 

Kapez Kap

 

Posted by: txistuy.2013/04/01 20:29:26.233600 GMT+2
Tags: ipuina | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/03/26 20:28:20.908500 GMT+1

Tximeleta-efektua Bentagertun

Artazugoikoko eskola Bentagertu deitzen da. Egunotan, tximeleta-efektua zer den erakutsi die andereño Lourdesek ikasleei.  Herenegun, eguraldi-mapa azaltzeko, hauxe esan zien:

–Afrikako elefante batek tronpa astintzen duenean, Atlantikoko borraskak eta antizikloiak mugitzen hasten dira.

Orduan ulertu zuten umeek telebistako eguraldi-mapa. Beraz, Atlantikotik zetozen fronte luze haiek elefante-tronpak ziren!

Umeak ez dira aspertzen andereño Lourdesekin. Atzo esperimentu bat egin zuten, tximeleta-efektuaren indarra probatzeko. Ideia irratia entzuten zebiltzala bururatu zitzaien, elkarrizketatu batek hitz arraro batzuk esan zituenean.

—Andereño! Zer da zolu etikoa?—galdetu zuen Alainek, gelako ume txikienak.

—Politikarien artean modan jarri den espresio bat da, bihotza. Gure oinazpietan denok izan beharko genukeen zolu mota bat da.

Gauzak eginez ikasten direnez, tximeleta-efektua praktikan jartzea proposatu zien.

—Andereño! Badakit zer egin dezakegun!— esan zuen Alainek.

—Zer, bihotza?

—Denok batera egingo dugu jauzi, ikusteko non dagoen zolu etikoa, eta non ez.

Pentsatu eta egin. Gelaren erdian jarri ziren denak, korruan, eta batera egin zuten jauzi, Alainek berba hauek esandakoan:

—Jausi daitezela zolu etikorik ez dutenak!

Umeak triste geratu ziren, haien oinazpietan munduak berdin-berdin segitzen zuen eta. Andereño Lourdes ikasleak kontsolatzen saiatu zen:

—Ez tristatu, umetxook. Tximeleta-efektua ez da segituan igartzen. Biharko egunkariak irakurri beharko ditugu, jakiteko gure esperimentuak huts egin duen ala ez.

Eta gaur… gaur andereño Lourdesek egunkaria umeen begien aurrean astindu du, gure futbol-taldeak gola sartukeran zaleok banderak astintzen ditugun modu berean.

—Hemen dator notizia! Guk jauzi egin genuen momentuan hara zer gertatu zen!

Eta berria irakurri die:

“Atzo, goizeko hamaikak hamaika minutu gutxiagotan, hainbat lekutan batera, zolua zulo bihurtu zen. Horren ondorioz, zenbait eraikin eta makina bat pertsona desagertu dira, lurrak irentsita. Oraindik inork ez daki zerk edo nork sortu dituen zulo horiek guztiak”.

—Ikusten duzue? —esan die andereño Lourdesek— Zolu etikorik ez dutenak zulo septikora joan dira. Baina ez esan inori guk eragin dugula hori, ados? Gure sekretua izango da.

Gero irratia jarri dute, tximeleta-efektuaren eragin zehatzak jakiteko. Estatuko hiriburuan, adibidez, parlamentuak egon behar zuen lekuan, krater handi bat ei dago, eta Bonbon erregea ere leize sakon batek irentsi du, jauregi eta guzti; dirudienez, Elefantearen ehiza izeneko zarzuela bat kantatzen ari zela. zulo erraldoi bat zabaldu zen haren oinazpietan. Era berean joan ziren zuloan behera hainbat epaile, artzapezpiku, enpresaburu eta handiki.

—Oso kuriosoa da! —esan die andereño Lourdesek umeei— Besteei zolu etikoa eskatzen zieten horiexek joan dira zulora. Zer esan nahi du horrek, umetxook?

—Norberak betetzen ez duena ezin diogula albokoari eskatu? —galdetu diote,  denek batera.

—Horixe bera. Ez da hain gaitza, ezta? Umeen zentzuna beharko lukete hemen askok eta askok!

Eta tximeleta-efektuaren garaipena ospatzeko, luntx bat egin dute.

Esan beharra dago Artazugoikoko jendea oso jaizalea dela, eta edozergatik antolatzen duela bazkariren bat. Bentagertu eskolako maisu-maistrak ere horrelakoxeak dira: haien metodologiaren oinarrian zoriontsuak izatea dago, eta hori luntxak eginez lortzen dute. Eta bete-betean asmatzen dute: zoriontasun-indizea munduko altuena da Bentagertuko ikasleen artean. Azken baten, nork ez daki urdaila dela zoriontasunaren bihotza?

Eta, luntxa amaitzen dabiltzala, halako batean atea zabaldu eta Txefo agertu da. Txefo txangoen arduraduna da, eta beti dago umore onean.

—Aizue, datorren astean Elorriora joango gara.

Denak hasi dira txaloka, eta Txefogana joan dira, musukatzera.

Haiek Elorriora doazen bitartean, zolu etiko bakoak elorriokoak ikusten egongo dira, zulo septikoetan…

 

Bernardo Kapanaga

Posted by: txistuy.2013/03/26 20:28:20.908500 GMT+1
Tags: ipuina | Permalink | Comments (2) | References (0)