Eskale bat egokitu zaigu etxe azpian, arkupeetan. Ez da
eskale konbentzionala: ez da zikina, ez du atzamarrik gabeko
eskularrurik, ez diot kartoizko oherik ikusi. Gaztea da, guapoa dela esan daiteke, eta, aurikularrak belarrian, mp3aren konpainian
igarotzen ditu egunak.
Baina dirua eskatzen du.
Edonori. Modu goxoan. Bereziki neskak ditu jomugan. Niri
zuzentzerakoan, euskara ere tartekatzen du: "Kaixo, barkatu, oye, una preguntita,
mesedez…". Eta galderatxo hori dirurik emango ote diodan izan ohi da.
Aurpegi arraroa jartzen diodanez bere egoeraren nondik norakoak
azaltzen dizkit, gaztelera hutsean oraingoan: "Gurasorik gabe nabil eta,
badakizu, dirua behar dut…". Bere albotik pasatzen naizen bakoitzean,
informazio gehigarria eskaintzen dit. Azken egunean, "asistentearen
laguntza" ailegatzen zitzaion bitartean eskatzen ari zela argitu zidan,
eta gero berriz errepikatu "gurasorik gabe" zebilela.
Ez
dut oso ondo ulertzen zer esan nahi didan horrekin. Hil egin direla?
Gurasoen etxea utzi duela? Gurasoek etxetik bota dutela? Bat edo bestea
izan, ez dut ondo harrapatzen mutilaren logika. Garai bateko eskaleek
hiru seme-alaba eta amaginarreba bat beren kargu zutela argudiatu ohi
zuten. Langabezian egoteagatik ezin zutela prolea behar bezala zaindu.
Eta laguntza eskatzen zuten horregatik.
Mutil
honek ez du familia baten erantzukizuna aurkezten baizik eta kontrakoa:
familia eza. Ez lan eza, ezta etxe eza ere, ez: guraso eza. Ando sin aitas y… esan ohi du aurikularrak kendu gabe. Hau da, diru eta ondasunen hornitzailerik gabe dagoela.
Ez
dakit tipoak izugarrizko kopeta duen edo eskale espezie berri baten
alea ote den. Gaztea, kualifikazio eta enplegurik gabekoa (hala diote
estatistikek, lehen hezkuntzatik pasa ez direnen artean langabezi tasa
izugarria dela egun) eta sostengurik emango duten gurasorik gabe.
Neo-eskaleak. Mp3 batekin. Baina kale gorrian, usadio zaharrak
jarraituz.
Hileko azken asteazkenean azken borrokara gonbidatuta zaude. Joxean Agirre etorriko zaigu Santutxuko Irakurlearen tartera. La lutte finale (Elkar, 2008) bere azken nobela izango dugu hizpide. Hori eta urak ekartzen diguna.
Ohiko moduan Arbide kaleko AEK euskaltegian zain izango gaituzu, 8etatik aurrera.
Eta ohi bezala, galdera edo iruzkinik bazenu, baina txaluparik ez Bilbora etortzeko, hemen ere utz dezakezu esateko duzun hori.
Pasa den urtekoRamon Llull saria, katalanezko letretan
garrantzitsuenetakoa (90.000 euro, aizue) Najat El Hachmi idazleak
eskuratu zuen. El Hachmi Marokon jaioa da, baina zortzi urterekin
emigratu zuen Kataluniara (orain 29 ditu). Emakumea, gaztea eta
jatorriz, marokoarra: dena dauka letra katalanen Obama titulua eskuratzeko.
Katalanez
idaztea ez zela berez aukera bat adierazi du idazleak. Bere
testuingurua katalana zen, idazten ikasi zuenean, katalanez ikasi zuen.
Naturala da berarentzat katalanez jardutea. Katalunian katalana idazten
duten immigranteen fenomenoa ez da hain arraroa. Gaur egun Matthew Tree
ingelesa edo Laila Karrouch marokoarraren izenak nahikotxo entzuten
dira.
Baina tradizioa XX. mendearen erdialdeko
beste inmigrazio horretatik dator, Andaluziatik, Extremaduratik edo
Murciatik etorritako jende andana horrengan. Inmigrante horien ahotsa
Paco Candel izan zen, Els altres catalans liburuan Franco garaiko langile ibiltari horien aztarna jaso zuena.
Konparazio
oro gorrotagarria dela jakinda ere, utzidazue gorrotagarria izaten
momentu batez. Imajinatu dezakegu marokoar, errumaniar edo ekuadortar
jatorriko euskal idazlerik? Bai? Noizko? Hamar, hogei urteren buruan?
Inmigranteen bigarren belaunaldira itxaron behar al dugu? Ume marokoar,
errumaniar eta ekuadortar horiek beren eskolaratze prozesua euskaraz
bukatuko duten momentuan al dago gakoa? Hori bakarrik? Berez erakarriko
al ditu euskal literaturak idazle potentzial horiek? Modu "naturalean"
erabiliko al dute euskara beren literatur jardunean?
Zalantzak dauzkat. XX. mendeko inmigrazioaren garaian ere, hemen ez zuen inork Beste euskaldunak
izeneko libururik idatzi.
(Eta zera gehituko nuke, beste behin
gorrotagarria izaten eta gauzak nahaste aldera: Kataluniako presidentea
Kordobako Montilla da; gurean, ordea, oraindik ere txisteak egiten dira
Portugaleten jaiotako Lopez lehendakarigai bat dela eta ez dela).
Apirila zen eta hala ere elurra ari zuen
Istanbulen. Mezkitetan sartzeko erosi nuen pashmina buruan ondo bilduta
neraman.
Mehmetek gauza interesgarriak kontatzen zizkigun, bere herrialdeari
barre egitea gustuko zuen. Begira gizon guztiak, tabernan, lanik ez dagoelako
kexuka, eta begira hor emakumeak, lanean egun osoan, gelditu gabe.
Guk ere
egiten genuen barre.
Norbaitek galdetu zion: Mehmet, zergatik daude
Turkiako banderak balkoi guztietan zintzilik?
Kurduengatik, esan zuen, pasa den astean, beren
ospakizun batean, gure banderak erretzen ibili ziren. Eta ezin dugu hori
onartu, ezta? Ezta?
Apirila zen eta hala ere, elurra ari zuen
Istanbulen
Iñaki Encina lagun eta opera zuzendariari elkarrizketa bat egin nion Parisen bisitatu nuenean, pasa den azaroan, eta orain ARGIA astekariak argitaratu du. Iñakiren berri jakin nahi baduzue, sartu hemen edo erosi aldizkaria.
Hauxe da bizitzan burutu dudan lehenengo elkarrizketa. Karrerako lehenengo kurtsoan bagenuen Informazio Generoak izeneko ikasgai bat, eta bertan astero genero informatibo bana jorratu behar genuen: kronika, erreportajea, elkarrizketa... Elkarrizketa egitea egokitu zitzaidanean Iñaki Encina berari egitea otu zitzaidan. Garai hartan piano laguntzaile ikasketak egiten zituen Toulousen, eta interesgarria iruditu zitzaidan bertako bizimoduaren berri elkarrizketan kontatzea.
Arazo teknikoak tarteko (Iñakik ez zuen e-mailik garai hartan, beti izan da motel samarra kontu hauekin) nik neuk dena asmatzea erabaki nuen.
Orain, iruzur hura konpontzeko aukera izan dut, eta hemen duzue Iñaki Encinari egindako elkarrizketa guztiz erreala.
Gosaldu bitartean egin nuen elkarrizketa. Hori bai, argazki saiorako Iñakik pijama erantzi zuen (kaleko arropa jartzeko, ulertzen da).
Unibertsoaren erdigunea
Mexiko hirian dago. Zehatzago esanda, bere enparantza nagusian, hau da, Zokaloan.
Hori hala da aztekek bertan Tenochtitlán hiria eratu zutenetik.
Hernán Cortés-ek
profesionaltasun handiz txikitu zuen Moktezumaren hiria, baina enparantza
nagusia errespetatu zuen, Nueva Españako
erdigune bihurtuz, Mexikoko independentzia gauzatu zen arte. Independentziak eskatzen
zuen oroitarria ez zen inoiz eraiki, zokalo bat baino ez zuten zutitu
enparantzaren erdian. Laster hura izan zen plazaren izena: zokaloa. Eta ordutik
izen bera hartu dute Mexikoko hiri guztietako plaza nagusiek.
Unibertsoaren erdigunea
zatikatuta dago egun, Mexiko osotik barreiatuta. Baina bisitariak DFko zokaloan
soilik izango du unibertsoaren erdigunean egotearen sentsazioa.
Ahaztu aurretik, urte berri on guztioi. Zer moduz dena? Elurra-eta? Lana-eta? Nik, Tenerifeko eguzki-dosi oparoarekin hasi dut urtea, beraz, ez naiz kexatuko momentuz.
Ahaztu aurretik, agenda bat behar dut. Galduta nabil bera gabe. Elektronikoa baldin bada, hobe. Eta telefonoarekin bateratu badaiteke, perfekto. Zer erosi? Blackberry itsusi horietako bat? Agenda daramate barruan? (Merke daude Movistarrekin, horregatik galdetzen dut).
Lagundu, mesedez, 2009. urteari ekin ezinik nabil. Eguneraketa: Joder, post pijoagorik ezin zitzidan geratu. Tenerife eta Blackberry lerro berean. Ni ez naiz horrelakoa, benetan!
Oporraldi luuuuuze baten ostean, datorren ostegunean, hilaren 18an, martxan jarriko dugu atzera berriz Mahatserriko Irakurlearen Tartea. Kirmen Uribe izango dugu gonbidatu. Bilbao-New York-Bilbao bere lehenengo nobelaz berarekin hitz egin nahi baduzu, badakizu non egongo garen. Eta ez badakizu, segituan argituko dizut.