HASERRETU ZAITEZTE

sakanakoahtrikez 1456152365123 Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana | 2011-04-01 15:29

Stéphane Hesselek liburuxka bat atera berri du izenburu honekin: haserretu zaitezte. Hori da bere oihua, bere aldarria. 93 urte ditu eta bere bizitzaren azken txanpan dagoela badaki. Bigarren mundu gerran, nazien aurka aritu zen, gogor aritu ere, eta haserretzeko grina horrek asko lagundu ziola adierazten digu. Bai kontzentrazio eremuetatik bi aldiz ihes egiteko, bai erresistentzian aritzeko erresistentziaren funtsezko arrazoia haserrea izan zena.

Erresistentziaren Kontseilu Nazionalean parte hartu zuen eta orain dela 66 urte osatu zuten programa aldarrikatzen jarraitzen du, esan nahi baitu Gizarte Segurantza, Pentsioak... garai haietan lortu zituzten lorpenak galtzen hasiak garela gaur egun eta, beraz, haserretzeko arrazoiek darraitela.

Ez da gizon makala Stéphane, erresistentzian aritu ondoren Frantziako enbaxadore izan zen Nazio Batuen Erakundean eta bertan Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren erredaktore izan zen. Gaur egun haserretzeko arrazoiak ikusten ditu nonahi: finantza-merkatuen diktadura, etorkinen aurkako errepresioa, beti gehiago lortzeko lasterketa eta lehia, edo esaterako, lurraren egoera.

Arrazoiak egon badira haserretzeko, baina zaila da gizarte geroz eta otzanago honetan jendearen haserrea lortzea, are gutxiago, xenda onetik bideratzea.

Sakanan ere haserretzeko makina bat arrazoi ditugu, langabezia, garapenkeria eroa, errauskailu kutsakor bat martxan jartzearen arriskua, industrialde makroak, Goi Tentsioko autobide elektrikoa edota berarekin estu loturik dagoen Abiadura Handiko Trena. Gure lur aberatsenak hormigoi harresi baten azpian lurperatuko dituena.

Baina ez dugu jende gehiegi haserre ikusten, haserretzeko arrazoi asko egon arren. Eta guk ere haserrea aldarrikatu nahi dugu, beste Sakana bat nahi dugulako, bizitzeko leku on bat behar eta nahi dugulako. Gu haserre gaude, haserretu zaitez gurekin. Apirilaren 2an Iruñean Abiadura Handiko Trenari ez! esanen diogu, haserre, oso haserre!

GORKA OVEJERO GANBOA.
Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanako kidea.
(Guaixetik hartuta).


Utzi iruzkina: