Erregeak kilimusika hiltzen du

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-05-30 23:04
3

Asteburuan, Herta Müller-en El rey se inclina y mata (Siruela, 2011) liburuaren berri izan dut. Hatsaren kulunka irakurri ondoren, idazlearen alderako halako jakin-min bat piztu zitzaidan, eta liburu hau berdinik gabea da, min hori arintzeko.

Hizkuntzari buruzko saiakera laburrez osaturik dago liburua. Müllerrek bere hizkuntza diglosiko, zokoratu eta iraganekoaz dihardu, mapetatik aienatua den komunitate baten eledun gisa.

Aho-gozagarri paragrafo laurden bat dakarkizuet.
Nire herriko hizkuntzan —hala iruditzen zitzaidan umetan— nire inguruko jende guztiak bazituen hitz doiak gauzak zuzenean izendatzeko. Gauzakiak izendatu bezalakoxeak ziren, eta ziren bezalakoxeak izendatzen ziren. Betiko irauteko zen hautsi-mautsi baten bidez. Jende gehienarentzat ez zen zirrikiturik bat ere hitzaren eta gauzakiaren artean handik zehar begiratu eta ezerezarekin topo egiteko, nor bere larruazaletik irristatu eta hutsartean amilduko balitz bezala.
Eta orain paragrafo erditxo bat:
Ez da egia zernahi izendatzeko hitzik denik. Ez eta beti hitzen bidez pentsatzen dugunik ere. Nik oraindik hitzik gabeko pentsamenduak izaten ditut; ez dut hitzik aurkitu ez herriko alemanean, ez hiriko alemanean, ez Alemaniako alemanean, mendebaldekoan nahiz ekialdekoan. Ez ezein liburutan. Barneko zokondoak ez dira bat etortzen hizkuntzarekin; herrestan eramaten zaituzte hitzik izan ez litekeen lekura.

Joxemari

Joxemari 2011-05-31 19:31 #1

Originala ezagutu gabe ere, "Erregeak kilimusika hiltzen du" eta "El rey se inclina y mata" benetan efektu berekotzat dituzu, Iñigo? Ez dizut ukatuko zuzen eta dotore-dotorea ez denik. Hala ere horretantxe dago arazoa, nire ustetan, originala apaingarriz jantzi eta den baino gehiago edertzean, hain zuzen. Horrelakoetan, nahi gabe, arreta itzultzailearen eskura hartaratzen da idazlearenera baino, eta hori, dakizunez, arriskugarri oso izaten da itzulpen batean.
Bestela zorionak blogagatik: maila ikaragarria du eta beti irakurtzen dut interes handiz, baita asko ikasi ere zugandik.

Iñigo

Iñigo 2011-05-31 20:27 #2

Arrazoi duzu, Joxemari. Izenburua itzuli beharko bagenu, ez dakit xuxen nola egingo genukeen (ez dakit alemanez). Hala ere, nire asmoa ez zen liburuaren izenburua euskaraz ematea goiburuan, ezpada artikuluari izenburu harrigarri bat paratzea. Gainerakoan, ados nago zure esanekin.

Eskerrik asko loreengatik.

Joxemari

Joxemari 2011-05-31 21:00 #3

"Nire asmoa ez zen liburuaren izenburua euskaraz ematea goiburuan, ezpada artikuluari izenburu harrigarri bat paratzea"

Bete-betean asmatu duzu orduan, nire kasuan behintzat! Badakizu, hatzak ilargira erakusten duenean, Bilbokook, eta beraz oro bat tonto samar garenok, hatzari begiratzen diogu. :-)

Utzi iruzkina: