Arrastiko izarra

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2014-02-08 19:55

 

           Morning star, evening star, étoile du jour, étoile du soir, lucero del alba, lucero de la tarde... Artizarra, Venus planeta, da "ortzantzean lehena argitzen". Bitxia da, euskaldunontzat goizeko izarra da, ez iluntzeko edo arrastikoa. Baina Marten bagina, berriki jakin dugu, Lurra litzateke evening star -arrastiko izar- hori, Curiosity robotak erakutsi digu beste planeta baten azaletik inoiz atera diguten lehen argazkian. Irakurri berriro: beste planeta baten azaletik inoiz atera diguten lehen argazkian.

           2007 urruti hartan hitz egin genuen hemen puntu urdin zurbil honetaz, gu denok orduko 107.000 kilometroko abiadan espaziotik garamatzan harrizko bola erraldoi honi 6.000.000.000 kilometrotatik Voyager I-ek egin zion erretratuaz.

           Atzo argazkia hau ikusi nuenean hunkitu egin nintzen: -Hor neu nago! pentsatu nuen.



          

           Ez diot tentazioari eutsiko eta hementxe paratuko dizkizuet berriro Carl Sagan-ek Pale Blue Dot hari idatzitakoa:

"Arrakasta izan genuen argazki hau atera genuenean. Eta ikusten duzunean puntu bat ikusten duzu. Hori “hemen” da. Hori “etxea” da. Hori “gu” da. Eta hor dira maite dituzun guztiak, ezagutzen dituzun guztiak, inoiz ikusi dituzun guztiak, izan den gizaki oro, bizi izan den oro. Gure poz eta nekeen batura, milaka erlijio sinisberena, ideologia eta doktrina ekonomikoena, ehiztari-biltzaile bakoitza, heroi bakoitza, koldar bakoitza, zibilizazioaren sortzaile eta suntsitzaile bakoitza, errege bakoitza eta nekazari bakoitza, bikote maitemindu bakoitza, aita eta ama bakoitza, haur itxaropentsu bakoitza, asmatzaile eta esploradorea, moral irakasle bakoitza, politikari ustel bakoitza, “superstar” bakoitza, “gidari izpiritual” bakoitza, santu bakoitza eta pekatari bakoitza. Gure espezieko bakoitza hortxe bizi izan da, eguzki errainu baten gainean pausatutako hauts ale horretan."



____________________________________________________________________
Bonus 1: Ze argi ikusten den Lurra eta Iretargiaren arteko distantzia erraldoia!

Bonus 2: Entzun aurreko aipua Carl Sagan-en beraren ahotsean:

 

 

 


Utzi iruzkina: