Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2013/05/16 20:33:2.814415 GMT+2

Testosteronaz

 

  • Testosterona da zakila eta barrabil-zorroa garatzearen arduraduna, umekia oraindik amaren sabelean dagoela.

  • Ikerketa zientifikoek frogatu dute maitemintzean testosterona maila jaitsi egiten dela gizonengan eta igo emakumeengan; horren ondorioz, portaera antzekoa izaten dute biek.

  • Aita izan ondorengo garaian ere beherantz egiten du testosterona mailak, antza, seme-alaben zaintza babeste aldera.

  • Gizonengan testosterona maila altuak eragin arriskutsua izan lezake etorkizunari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko unean, zuhurtasun maila jaisten baitu.

  • Futbolak testosterona maila igotzen du: futbol partida bat jokatu ostean %30 altuagoa da testosterona maila eta, harrigarriena dena, gol gehien sartu dituztenei igotzen zaie gehien.

  • Gizon -eta emakume- batzuek, kulturismoa egiten dutenek esaterako, artifizialki igotzen dute testosterona maila giharrak handitzeko helburuaz; honek bestelako ondorioak ere izan ditzake, jarrera berekoiagoa garatzea kasu.

  • Gizonezkoetan testosterona altua eta serotonina maila baxua izatea ez da oso nahaste egokia, orduan gertatzen baita agresibitate maila handiena. Gogoratu behar da -ez alferrik- serotonina agresibitatearen inhibitzailea dela eta aldi berean "umorearen eta plazeraren hormona" bezala dela ezaguna.


Orain ikusi -eta bereziki entzun- bideo hau, baina ohartxo bat:   0:10 - 0:15 segundo bitartekoa ezin da azaldu testosteronaren eraginagatik, hor zerbait gehiago dago. Edo zerbait gutxiago, ez dakit.

Posted by: Jozulin.2013/05/16 20:33:2.814415 GMT+2
Tags: serotonina testosterona ertzaintza polizia | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/04 12:09:5.343695 GMT+2

Amaren abizena

 

Gaur Jozulinen begitantziñoetan #amarenabizena, Twitterreko kontu bat:

#Amarenabizena traolaz bataiatu genuen bat-bateko ekimen honi esker -traszendentzia gutxikoa baina polita bere xumean- ohartu ginen bat baino gehiago gure amaren abizena ere bere aitarengandik jasoa zela eta ez amarengandik. Ez da beste munduko aurkikuntza, badakit, baina nola-ez-naiz-orain-arte-konturatu momentua izan zen niretzat (horrelakoxe inozoa naiz sarritan, ez izan krudelak nirekin, mese ;-). Ez dagoela, beraz, oso-osorik amaren -izan ditugun amen- "ondarea" ospatzerik. Ama bakoitzaren lehen abizena aitarena izan baita beti, gaur egun beste aukerarik ere baden arren.

Hartara, datorren urterako erdi-broma-erdi-serio proposatzen dut zera: DNA mitokondrialaren eguna ospatzea, ezaguna baita gure zeluletako bakoitzean daramagun mitokondrien DNA soil soilik amek ematen diotela zigotoari. Atzera-atzera eginez, amatxiz-amatxi, Oteizaren laurogeigarren amonaz haratago helduta, gu guztion amama beltzarengana iritsiko ginateke: ama guztien amarengana.

Tira, pentsatzen hasi beharko orduan ze traola jarriko dugun...

 

Posted by: Jozulin.2013/05/04 12:09:5.343695 GMT+2
Tags: ama abizena amama dna oteiza | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/26 19:25:54.771585 GMT+2

Gernika

 

Entzun dugun musika gara. Gaur hona ekarri nahi dudan diskoa, Pablo Sorozabalen Gernika, izango da ume nintzela gehien entzun dudanetako bat. Orain ulertzen duzue nolakoa naizen, ezta? Txantxak alde batera, A aldea entzuten nuen batez ere, B aldea ez zitzaidan hainbeste gustatzen: musika instrumentala izan dut beti nahiago. Etxean ez zegoen disko jogailurik, baina izeko-osabarenean bai eta han entzuten nuen disko hau, beste batzuen artean. Gainera, Pablo Sorozabalek berak -osabaren laguna zenak- nire lehengusinari oparitua eta dedikatua zen diskoa.

Ordutik urte dexente joan delarik, ibili naiz aspalditxuan ea aurkitzen nuen sarean, digitalizatzeak nagia ematen zidan-eta. Aurkitu dudan bertsioa berria da nonbait eta letra ere badauka, abesbatza batek kantatua. Baina ez zait gustatzen. Batere ez. Beraz, nagiak astindu eta .mp3 bihurtu nuen 1967ko disko zaharra. Pentsa, monoaural-a da, atera kontuak.


Internet aurreko garaietan altxor bat gorde nahi bagenuen, zazpi giltzaren pean egingo genuen, lau tigre gosetik zaindutako ate sendo baten atzean, sotorik ilunenean. Baina orain desberdina da eta altxor musikal hau gal ez dadin ahalik eta jende gehienengana helaraztea da egin beharrekoa. Hemen duzue, ba:

1.- Gernika
2.- Irugarren kalez kale
3.- Zortziko de las bateleras
4.- Donostia fandango vasco
5.- Biotz bat
6.- Kuku
7.- Gau eder bat
8.- Penak
9.- Urrundik
10.- Kinkirrin kunkurrun
11.- Baialdakizu maite
12.- Euskaldun makilla

A.- Diskoaren azala
B.- Diskoaren kontrazala

___________________________________________________________________

Eta hau idazten amaitu dudanean, konturatu naiz -benetan horrela izan dela- gaur dela bonbardaketaren urteurrena. Ze gauzak!


 

Posted by: Jozulin.2013/04/26 19:25:54.771585 GMT+2
Tags: gerra musika gernika | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/18 20:07:57.847464 GMT+2

Erleak eta poliziak

Erlauntzetan, txikitan aurkezten ziguten egitura ia perfektu hartan, bakoitzak -erlamando, erle-langile, erlama- du bere egitekoa, baina badira -hara non- erle-langile batzuk beren zeregin arruntak bazter utzi eta arrautzak erruten dituztenak, nahiz eta guztiz debekatuta daukaten, egiteko hori erreginari baino ez baitagokio. Izan ere, erlamak berak jariatzen dituen feromonen bitartez lortzen du erle-langileen obarioak behar bezala ibili ez daitezen, ondorioz langileak antzutuz. Argi dago, ordea, errepresio hormonal hori ez dela nahikoa eta beste bide batzuk ere badituztela erle-langileen antzutasuna bermatzeko: "Erle poliziak" dei genitzakeenak ibiltzen dira erlauntzan zehar halako portaera desegokiak sumatu ahala zigortzeko. Erlamaren leinua arriskuan jar lezaketen erle-langileek errundako arrautzak aurkitu eta jan egiten dituzte.

Uste da 30.000 erle dituen erlauntza baten hiruzpalau "erle-iraultzaile" besterik ez dela izaten; beraz, gehiegizkoa irudi lezake halako ahalegina, baina hala da: erreginarena ez den arrautza bat ere ez da zilegi erlauntzan.

Eta halakoxe kontuak dabilzkit gaur buru aldrebes honetan, hemengo hauek ezin ahaztuta...

 

____________________________________________________________________

Polizia gaiaz gehiago Baga, biga bloga!-n:

  1. το σκυλί δεν είναι φίλος των σκύλων 2011/07/02 17:10:1.829000 GMT+2

  2. Pentsatzen jarrita... (IV) 2009/06/10 22:36:9.214000 GMT+2

  3. Iraultza Galdakaon hasi zen. 2009/05/31 21:10:26.262000 GMT+2

  4. Zu kazetari 2007/11/10 19:48:5.431000 GMT+1

  5. Izena dut 2006/12/01 17:21:58.245000 GMT+1

  6. Hombre refranero... 2006/10/25 23:50:4.431000 GMT+2

  7. Nahi izatea 2006/03/07

Posted by: Jozulin.2013/04/18 20:07:57.847464 GMT+2
Tags: polizia erleak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/10 00:18:30.180757 GMT+2

Strange fruit

          Strange Fruit izango da jazzaren historiako abestirik tristeena beharbada, ta Billie Holiday-k utzi zizkigunen arteko ezagunena ere bai. Hauxe da kantaren historia.

          Artista handi askok bezala ez zuen izan bizitza errazik Eleonora Fagan-ek, horixe zen bere benetako izena. Amak hamahiru urte zituela, aitak hamabost, izan zuten Billie. Aitak, bera ere musikaria, ez zituen egun asko egiten etxean eta halako batean etxetik joan zen berriro ez itzultzeko.

          Oraindik nerabea ere ez zela bortxatu egin zuten eta horrek, nola ez, utzi zuen arrastoa Billierengan. Nagusiagotan, Brooklynera joan zen bizitzera amarekin eta prostituzioa eta drogekin batera jazza jotzen zuten tabernazuloak aurkitu zituen. Beltzak sarrera debekatua zuten taberna eta klubak, baina, hala ere, musikari beltzak kontratatzen zituztenak. Arrazakeria gordina joan zen mende hasierako Ameriketan.

          1938 aldera Artie Shaw-ren orkestarekin -denak musikari zuriak- egin zuen bira bat AEBetako hegoalde are arrazistagotik. Ezin zen jatetxeetan sartu eta autobusean bertan jaten zituen lagun musikariek eramaten zizkioten ogitartekoak. Autobuseko leihatilatik ikusi zituen hiltzeraino torturatutako gizon beltzen gorpuak bide bazterreko zuhaitzetatik zintzilik. Handik urtebetera grabatu zuen Lewis Allen-en poema, Strange fruit, fruitu arraroa.

          Bere biografia idazten ari zirelarik, eskatu zuen Billiek kanta honen azken hitzek, Bitter Crop (uzta mingotsa), lekua izan zezatela liburuaren izenburuan. Editoreak ez zion utzi.

          Ilea lazten duen kanta da eta eztarrian korapiloa eragiten duena. Niri behintzat hala gertatzen zait entzuten dudanero. Hemen duzuen bertsioa 1959 urtean grabatua da, Billie Holiday hil zen urte berean, piano baten laguntza minimalaz. Gozatu.

Strange fruit

Southern trees bear a strange fruit,
Blood on the leaves and blood at the root,
Black bodies swinging in the southern breeze,
Strange fruit hanging from the poplar trees.

Pastoral scene of the gallant south,
The bulging eyes and the twisted mouth,
Scent of magnolias, sweet and fresh,
Then the sudden smell of burning flesh.

Here is fruit for the crows to pluck,
For the rain to gather, for the wind to suck,
For the sun to rot, for the trees to drop,
Here is a strange and bitter crop

Posted by: Jozulin.2013/04/10 00:18:30.180757 GMT+2
Tags: jazza musika billie_holiday | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/03/16 20:39:24.021334 GMT+1

Hedabide berri bat (eta III): Oraingoan egia da


Tira ba, hirugarrenean  izan da. Lehena txantxa izan zen, bigarrena ere bai, biak ere Iñuzenteen egunekoak. gero, beste saiakeraren batzuk ere egon ziren... Baina oraingoan bai, orain egia da: Hedabide bat jaio da, umoretsua eta –ejem!- gaztea. Egun gutxi batzuk baino ez dituelako gaztea eta atzean gazte jendea dagoelako; mota guztietako gazteak, argitu beharra dago: gazte-gazteak batzuk eta aurrekoen adina bikoiztera hel litezkeen gazteak beste batzuk. (*)
 
Gozatu ezazue, egizue barre!  Irakurri Izparringia.net, redios! Batez ere, Santi Potros-en artikulu eta erreportajeak ;-)
 
 

(*) Bost lerrotan zazpi aldiz gazte hitza, marka berria.

___________________________________________________________________
P.S.: Orain serio (edo):

1) Zelan ari naizen gozatzen jostailu berri honekin!!
2) Ez dago gauza peligrosoagorik @joxe aspertuta dagoenean baino. Antolatzen dizu Izparringi bat amen batean!

Posted by: Jozulin.2013/03/16 20:39:24.021334 GMT+1
Tags: hedabideak izparringia umorea | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/03/03 19:42:7.292287 GMT+1

Fair play: futbola, gezurrak eta burofaxak

 

Kirolaz -futbolaz, zehatzago- ez ditut gauza asko ulertzen, hemen saiatu nitzen azaltzen zergatik. Aurreko batean, baina, kuadrillakoak bahituta nengoen tabernan futbola ari ziren ematen telebistaz: urdinak gorrien aurka, adibidez. Halako batean urdinetako bat ate-eremura heltzear zegoela, hurbildu zitzaion arineketan gorrietako bat eta han joan ziren biak lurrera. Biak zelaian kexaka eta zaleak zarataka, nork bere aurkakoari errua egotziz. Telebistako irudietan argi ez zegoen arren, neure susmoa agertu nion ondoko lagunari:  -Urdinak bultzatu eta bota egin du, ezta? galdetu nuen. -Antza bai, baina ez dago argi, litekeena da gorriak bere burua lurrera botatzea ere izan zen erantzuna. Errepikapenak ez zuen jokaldia argitu eta ahaztu egin nuen kontua. Atzo arte.

Burofaxgate bezala bataiatu dezakegunaz irakurtzen ari nintzen eta hor ere errepikapenak ez du argitzen zer gertatu zen: Paperak beren lekutik atera zituzten urdinek ala gorriak ez ziren aurkitzeko gai izan? Burofaxa jaso eta gero kaxa batean itzuli zituzten urdin batzuek ala bazeudela jakinda ez zituztela aurkitzen esan zuten gorriek?

Ezin jakin nork dioen egia, baten batek esatekotan, esan nahi dut. Futbolean eta politikan gaitz berak kutsatzen du jarduna: neureek egindako gaitzak estali eta aurkariarenak haizatu. Helburua irabaztea baita. Edonola.
_________________________________________________________
Besterik da, gainera, burofax ditxosoa gaztelania ederrean baino ez omen zutela bidali. Euskaldunak euskaldunari erdaraz, no comment.

Posted by: Jozulin.2013/03/03 19:42:7.292287 GMT+1
Tags: kirola politika futbola | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/02/22 20:18:45.883000 GMT+1

Pachi vs Patxi

(Mezu hau duela lau urte idatzitakoa da eta automatikoki gaur argitaratua)


Bete al du Patxi Lopez-ek orduan agindutakoa?


Posted by: Jozulin.2013/02/22 20:18:45.883000 GMT+1
Tags: patxi_lopez | Permalink | Comments (0) | References (1)

2013/02/06 20:52:17.678000 GMT+1

Torlojugintzaz

Gaur, Baga, biga, bloga!-ko irakurle maiteok, torlojugintzaz arituko gara. Ulertzaile onari, hitz gutxi.

Gure lantegian torlojuak egiten ditugu. Langile apur batzuek goizetik eguerdira lan egiten dute, beste batzuek arratsaldetik gauera eta gehienak goiz eta arratsalde ari dira, gaueko bederatzi eta erdiak arte. Berriki jakin dugu gure langintzarako oso aberasgarria izan daitekeen mahai ingurua antolatu duela arloko beste enpresa batek, izenburua hauxe: "Nola egin torlojuak? Torlojugintza XXI. mendean" eta bertan landuko diren gaiak: Nola egiten dira torlojuak gaur egun? Nola eta non egingo dira torlojuak? Norantz doaz metodologiak eta tresnak? Zer eskatuko du bezeroak?; hizlariak ere apartekoak, torlojugintzarako teknologia eta metodologia berrietan adituetan adituenak.

Joan egin behar duela pentsatu du egun horretan goizeko txandan dabilen langile batek eta mahai ingurua arratsaldeko zazpietan denez, arazorik ez: bere aisialdiari ordu batzuk kendu eta 130 kilometro egingo ditu joan etorrian, erregaia, autobidea eta aparkalekua bere poltsikotik ordainduz.

Arratsaldeko txandako lankide bati esan dio eta, interesa adierazi duenez, zera pentsatu dute: nagusiari baimena eskatuko diote, beti ere lanpostuan beste lankide bat egongo dela ziurtatuta: torlojuak egin egingo dira, berdin-berdin. 

Baina, hara non, sekula torloju bakar bat ere egin ez duen nagusiaren erantzuna ezezkoa izan da. Eta arrazoia (sic), zera: "Hori ez da formazioa, ez da garrantzitsua, ez dauka zerikusirik zuen lanarekin".

Eta horrela bizitzen gera, galduz ta galduz gure aukerak, atsedenik hartu gabe.

Atsedenik hartu gabe.

 

 

Posted by: Jozulin.2013/02/06 20:52:17.678000 GMT+1
Tags: euskara purrustadak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/02/03 17:22:37.353000 GMT+1

Politika fikzioa


Jozulinek egingo dizue egoeraren analisi fina eta, geroa ikusteko makiñie badaukanez, zer gertatuko den ere jakingo duzue. Adi:


Raxoirenak egin du? Hipotesi bi:


1.- Ez. PPk, eta hau guztia sostengatzen duen sistemak, eutsi egingo diote oraingo enbatari. Nola edo hala gai izango dira oraingo atakatik erdi onik ateratzeko. Oraingoz.

2.- Bai. Gerta liteke orain arte argitaratutakoa izotzmendiaren goiko muturra (*) baino ez izatea. Eman dezagun El Mundo-k eta El País-ek gordeta izatea, hor nonbait, diru beltzarena froga lezaketen agiri gehiago.

Baliteke, halaber, iritzi publikoa orain baino are gehiago asaldatzea, ez da zaila. Kasu horretan sistemak Raxoiren burua -eta PPrena berarena ere- behar luke sakrifikatu bere burua -sistemarena- (**) salbatze aldera.

Sistema diodanean, zer esan nahi dut? Norekin du Espainiak zorra? Nori ordaindu behar dio mailegua? Ba, horrexek berak egingo ditu ahalegin guztiak aldatu behar dena aldatzeko. Beti ere ezer ere aldatu ez dadin, jakina.

Beraz, zer gertatuko da?

Lehen kasuan Raxoik jarraituko luke Gobernuan, aldaketaren bat eta epaitegirako bisita sonaturen bat medio. Urtebete-edo barru, hauteskundeak eta sistemaren barneko beste alderdiak -PSOEk- hartuko luke mailegua ordaindu ahal izateko murrizketak ezartzeko ardura.

Baina ez dut uste. El País-eko agiriak -atera direnak eta ager litezkeenak- argiegiak dira. Gainera, prentsaurrekoa monitore bidez egin izanak erakusten du ezerk baino gehiago PP ze ahul dagoen oraintxe bertan.

Orduan, zer?

Espainiak hartzekodunak dauzka eta agian beldur dira ez ote den iritzi publikoa, hauteslegoa, ezkerrera lerratuko egoera gehiago okertzen bada. Indar hauek behartuko dute Espainia nolabaiteko aurpegi zuriketa batera: ikusiko ditugu dimisioak, ikusiko ditugu gurutziltzaketa mediatikoak eta agian gartzelaratze oso sonatuak eta lotsatsarazte publikoak ere bai.

Hori dena ikusiko dugu salbatzailea aurkezten diguten arte. Salbatzaileak hartuko du gidaritza. Berak eta bere teknokrata talde aseptikoak. Esango digute oooooso gaizki dagoela dena, baina eskerrak eurak heldu diren dena garbitzera. Eta zoritxarrez eta tamalez murrizketak egiten jarraitu behar dutela, ez dagoela erremediorik, zer egingo zaio. Eta mundu guztiak -bueno, sistemari botoa ematen diotenak, nik ez- den-dena sinestu eta 'cest fini mon ami'.

Eta horrela izago da dena. Ikusiko duzue.



(*) Izotzmendia!! Ze irudi geza eta indargea, ezta?

(**) Zenbat buru, ez?

Posted by: Jozulin.2013/02/03 17:22:37.353000 GMT+1
Tags: ekonomia politika | Permalink | Comments (0) | References (0)


Nabigatu euskaraz

Recent Comments

Recent references

Contents