Soziolinguistika zedarritzea

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2014-03-17 09:23

Iratiko oihana suntsitu dezakegu soziolinguistika zer den eta zer ez den paperean azaldu nahi badugu. Mila teoria daude, mila zedarritze saio, mila mugapen eta mila eztabaida. Eta gehienetan antzuak (edo antzu samarrak). Inora ez doazen eztabaida sasi-akademikoak. Mila erpin ukitzen dituen jakintza-arloa baita soziolinguistika.

 

Xavier Vila katalanak, ostera, eutsi dio gaiari. Bat aldizkariaren 87/88 zenbaki bikoitzak haren artikulua dakar euskaratuta. Eta langintza zaila izan arren, eztabaida antzu horri buelta eman eta soziolinguistikaren zedarritzeari forma eman dio (eman ahal zaion neurrian, jakina).

 

Zedarritze partziala beti ere. Eta komunitate zientifikoaren bermea ez duena, jakina (oraindik behintzat). Baina hurbiltze saioa egin du, oso interesgarria, eta etorkizuneko ildo batzuk ireki (iradoki) ditzakeena. Noan, orduan, harira behingoz.

 

Soziolinguistikara hurreratzeko, lehenik oratu dio hizkuntzari. Bere berbetan, “hizkuntza bat egon dadin, hizkuntza hori erabiltzen duten pertsonak egon behar dute, hizkuntza, baita ere eta batez ere, giza jarduna delako, giza portaera”. Banana_2

Eta jarraitzen du hizkuntzarekin: “hizkuntza izaki bizidun bat ez da, izaki bizidun batzuk beste batzuekin izaten duten praktika-multzo bat baizik. Horrek berekin dakar uko egitea aniztasun linguistikoaren eta biologikoaren arteko baliokidetasun naifegi batzuei, zehatzak ez direlako eta iruzur egiten dutelako”. “Hizkuntzen bizitzaren eta heriotzaren metaforak dirauen arren, tropoa ez da zuzena: hizkuntza batek ezin du bizirik edo hilda egon, bizitzeko oinarrizkoak diren ezaugarriak falta baitzaizkio”. “Hizkuntza bat birus batekin parekatu daiteke: ez dira haiek bakarrik bizitzeko gai, eta organismo bizidun batean sartzen direnean bakarrik aktibatzen dira”.

 

Hori guztia esan, eta hizkuntzaren piramidea ere marrazten du. Piramide horrek lau oinarri ditu: usteak (ideologiak), sistema (corpusa), erabilera (praktikak) eta jabetzea. Eta piramide horren barruan garatzen dena soziolinguistika da, edo hobe esanda, soziolinguistikoa izateko lau oinarri horiek izan behar ditu.

 

Eta, azkenik, ausartu eta ikerketa soziolinguistikoek izan behar dituzten ezaugarriak zerrendatzen ditu, maisuki zerrendatu ere:

 

- Hizkuntza-gertakaria dimentsio anitzeko errealitatetzat hartzen da eta, horretan, hizkuntzaren sistema ez ezik, erabilera, ideologiak eta gaitasunak ere kontuan hartzen dira.

 

- Arreta handia jartzen da ekintza eta aldaketa ulertzeko.

 

- Banakoaren eta komunitatearen arteko dialektikatik abiatuta aztertzen da errealitate linguistikoa.

 

- Heterogeneotasun eta desberdintasun egituratuak daude ordena sozialean, soziokulturalean eta linguistikoan.

 

- Interakziozko testuinguru batekin hertsiki lotuta dagoen errealitatetzat jotzen da hizkuntza-gertakaria.


Utzi iruzkina: