Autozentroaren zentroa

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2008-09-09 07:56

Autozentratua, berba totemikoa bihurtu da azken aldi honetan. Askotan entzun dut azkenaldi honetan (adibidez, Kike Amonarrizek esanda ), eta, zer demontre, berba horren bila abiatu naiz.

Irakurri nuen lehen aldia orain dela bost urte izan zen, Aitor Zuberogoitiari irakurri nion, komunikabideez ari zela. Ea zer dioen berak:

Zer da ordea autozentramendua? Zer esan gura dugu ordea autozentratu berbarekin? Ekonomian-eta gero eta gehiago aipatzen den terminoa da berau. Miren Etxezarreta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen aipu batez baliatuko gara kontuari traza hartzen hasteko. Hara zer zioen Etxezarretak 1999-III-21eko Euskaldunon Egunkarian:

“(...) esportazioei begira egonda soilik ekonomia ezin da ondo ibili. Esportazioak mundu mailako lehiakortasuna izugarri altxatzen du, eta horrek lan baldintzen prekarietate bortitza dakar. Horregatik, barrura begiratzen duten garapen eredu autozentratuak dira gure proposamena. Ez dira eredu itxiak, baina bai barneko beharrei begira dauden ereduak [geurea da letra etzana].”

Barneko beharrei begira dagoen eredu autozentratua: horixe bera aldarrikatzen du Jabier Erize EHNEko kideak (2000) Euskal Herrian nekazaritzarako ere, eta horixe bera ikusten dugu guk behar-beharrezko komunikazio-esparruan. Kontua ez da lehendik dagoena edo besteena euskaraz paratzea; hala eginez gero, ez dago eredu erakargarririk osatzerik, fotokopiek lan originalek baino kalitate txarragoa izaten dutelako beti. Kontua da norbere hizkuntza-komunitatearen beharrak zeintzuk diren aztertu, eta, mundura zabalik izateaz gain, hizkuntza-komunitate horren kultur-ondarea ikertuta horren araberako komunikazio-esparrua prestatzea, bertako kideak asebeteko dituzten komunikabideak eskaintzea, inorenak modu kaskarrean kopiatzen ibili ordez.


Orain, aldiz, komunikabideei ez ezik, hizkuntza komunitateari begira hitz egiten da autozentratu berbarekin. Eta zer demontre da hizkuntza komunitate autozentratua? Definizio bat ematen saiatuko naiz, nahiz eta jakin definizio guztiz subjektiboa den (definizio subjektiborik esistitzen al da?).

Hizkuntza komunitate autozentratua da espazio sozial eta funtzional batzuetan nagusi den hizkuntza komunitatea. Hau da, euskaldunon hizkuntza komunitatea autozentratua izateko, espazio sozial (leku fisikoak) edo funtzional batzuetan nagusi izan beharko litzateke, burujabe, kolonialismotik urrun.


Utzi iruzkina: