Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2012/05/15 23:04:22.933000 GMT+2

AULKIEN BOROBILARI AGUR

2007.urtea zen. Udaberria. ETAk Madrilen T4ko atentatuarekin suetena apurtu zuen, gutako askoren ilusioak lurrera botaz. Gizartea jota eta  ilusiorik gabe bezala zegoen. Zatiketak eta aurreiritziz betetako jarrerek bakearen alde lan egiten zuten taldeak eta pertsonak batzea oso zail egiten zuten. Bakoitza gure arrazoiekin, gure argudioekin, gure kritikekin, gure lehentasunekin, gure ekimenekin, gure helburuekin, gure egiekin, gure aldetik genbiltzan. Topo egin ezinik. Irteerarik gabeko zirkuluaren barruan itzuliak emanez bezala genbiltzan, burua galtzeko eta itxaropena bera ere galtzeko arriskuan.

Egoera horren aurrean, Bidea Helburu taldeak,  baliabide ez bortitzekin bakea lortu behar dela pentsatzen zuten pertsona anitzak onartu zezaketen ekimen bat abiaraztea pentsatu zuen. Pertsona anitzen arteko elkarlan esperientzia bat egitea zen helburua, zenbat eta aniztasun gehiago hobe.

Ekimenaren sustatzaileek saiakera ez zela erraza bazekiten. Une hartan saiakerak aurrera egiteko zituen zailtasunak ezagutzen zituzten, bazuten jakiteko haina esperientzia, baina ez ziren kikildu, aurrera egin zuten.

Bidea Helburuko kideak, bakearen aldeko erakundeetako kide batzuekin harremanetan jarri ziren, ideia proposatzeko eta parte hartzera gonbidatzeko,  era erabat pertsonalean. Hortik jaio zen,  lehenik talde sustatzaile txikia eta "Egin Bidea Bakeari" ekimena ondoren.

Lehen lana, ekimena, bere arrazoiak eta helburuak azalduko zituen jakinarazpena adostea izan zen. Egia esan, arazotsu gerta zitezkeen elementuak alde batera utziz, adostasuna lortzea ez zen zailegia izan. Benetako borondatearekin, akordioak posible gertatzen direla garbi utziaz.

Ekimenaren xehetasun praktikoak ere erabaki ziren:

•    Topaketak Boulevard-en, hileko lehen eta hirugarren ostegunetan egitea.
•    Borobilean jarritako aulkietan eserita 15 minututan  isilunean mantentzea.
•    Une bakoitzean  interesgarriak izan zitezkeen pertsona edo taldeak Borobilera gonbidatzea.

Hau da jakinarazpena:

“ Bulebarreko topagune/espazio biribil honetan biltzen garen pertsonok gure herrian bakeak aurrera egitea nahi dugu. Elkarrekin bakean bizi nahi dugu. Halaxe nahi du gure gizarteak. Ez dugu nahi datozen belaunaldiek egungo indarkeria adierazpen hauek jaraunsterik.
 
Gure adierazpideak biribilean ipinitako aulkiak eta isiltasunaren indarra dira. Gatazka luze bateko parte sentitzen gara eta konponezin hori gizatiartu egin nahi dugu, indarkeria gabeko bideetatik zuzendu, hitza, elkarrizketa eta parte-hartzea erabiliz, giza eskubideak  inoiz eta inola urratu gabe.
 
Bizi dugun egoerak sortzen duen sufrimendu izugarria ez dugu ahazten. Sufritzen duten guztiei gure elkartasun  osoa  adierazten diegu.


 Bakean bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu.
Herritarron ekimen apal honen asmoa elkarrizketa bultzatzen duten beste ahalegin batzuekin bat egitea da; ez ditu, inola ere, ordeztu nahi.

Espazio berean esertzearekin erakutsi nahi dugu prest gaudela guztiona den leku hau elkarbanatzeko, elkar errespetatuz, eta taldean adierazi nahi dugu asper-asper eginda gauzkala etengabeko indarkeria eta eskubide-falta egoera honek.

 Ardurak dituztenak BERRIRO ESER DAITEZEN ESERIKO GARA HEMEN, bakea bilatuko duen prozesu berri bati ekin diezaioten. Ez dugu etsi nahi, gaurko konponezin egoera honetan, objektu pasiboak izatera. Ez dugu ezer egin gabe geratu nahi, kulpa guztiak besteei botata.

Bakeari bideak ireki nahi dizkiogu eta pertsona guztiei eta bakoitzari gonbita egiten diogu, egunero bakea eraikitzeko aktiboki zer egin dezakeen pentsa dezan. Hasteko, topagune-aulki hauetan esertzera gonbidatzen zaitugu, non ideia eta izaera oso desberdineko pertsonak baikaude. Zenbat eta gehiago bildu, hainbat eta hobe.”

(Oharra: Hizki lodian dagoena bigarren fase batean, 2009. urte aldera erantsi zen.)

Hasieran taldeko izan ziren pertsonetatik batzuk, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, topaketetara etortzeari utzi egin zioten une batean edo bestean, baina beste batzuk berriz elkartzen joan dira. Talde egonkor bat beti egon da. Ekimenaren inguruan maiztasun gehiagorekin edo gutxiagorekin biltzen ziren pertsona taldea sortzen joan da eta beren artean pixkanaka eratu den estimua eta elkar ulertzea azpimarratu nahi dugu. Baloratu behar da, ordurarte, elkar ezagutzen ez genuen pertsonak ginela kasu askotan, eta gaur oraindik ez dakigu bakoitzak nola pentsatzen duen ere

Arrazoi bategatik edo besteagatik taldea utzi duten pertsonak  ezin ditugu ahaztu, ezta guregana  hurbildu  eta itxaroten zutena ez aurkitzean jarraitu ez dutenak ere. Gure errespetu osoa.

Gurekin izan ziren eta utzi gintuzten pertsonen arrazoiak ez ezagutzearen pena geratzen zaigu, baina onartu behar da.
Hileko lehen eta hirugarren ostegunetan bildu gara, eguraldi onarekin eta txarrarekin, lan eguna edo jai eguna izan elkartu gara. 100 topaketa baino gehiago egin ditugu.
Esanahi handiko pertsonek, gurekin eseriz, beren babesa eman digute, abestu dute, dantza egin dute, txalaparta jo dute, grafitiak margoztu dituzte eta abar.

Nolanahi ere, isilunea izan da topaketen elementu nagusia. Isilunearekin, eseri garen aulkiez eratu dugun borobilak, nahiz eta era apalean, Euskal Herriarentzat desiratzen dugun egoera irudikatu  nahi izan dugu.

Gure baliabideak mugatuak izan dira, hala ere, demokratikoki funtzionatu dugu, nahiz eta norbaitek egindako akatsen bat egotzi ahal izan, muga horien erruz hain zuzen ere. Ekimenaren balorazioak egiteko eta berriz planteatzeko bilerak eta galdeketak  egin dira.
Taldea autokudeatu eta autofinantzatu egin da bere funtzionamenduko gastu gutxietan.

Bere edukiagatik edo errealizazioagatik, kolaborazioengatik edo beste arrazoi batzuengatik hunkigarri eta atsegingarriak izan dira topaketa batzuk, beste batzuk berriz, errutinazkoagoak, denetik izan dugu.

Topaketetan  benetakotasuna eta bakezaletasun handia nabari izan da.

Ez da erraza izan itxaropenari eustea hilabete luze hauetan, baina eutsi diogula uste dugu, baita elkartu garen ia bost urteen zehar bizi izandako unerik zailenetan ere.

Hilabete hauetan,  pertsonalki eta taldean, ekimen hain apalak eraginkortasunik ba ote zuen arazo hain handiaren konponbidean galdetu diogu gure buruari, egiten genuenak zerbaitetarako balio ote zuen alegia. Hondar ale bat jarri dugula ziur gaudela esan behar dugu.

Pauso oso garrantzitsuak eman dira arazoaren konponbiderako eta lortu nahi genuen helburuaren norabidean azken hilabeteetan zehar:

•    ETAren iragarkia indarkeria behin betiko uzten duela adieraziz.
•    Azken hauteskunde orokorretara eta udaletakoetara, sigla desberdinekin Ezker Abertzalea aurkeztu ahal izana, eta lortutako emaitza bikainei esker erakundeetan  bere lana egitea ahalbidetzen duena.
•    Donostiako Nazioarteko Konferentzia eta gatazken konponbidean adituak diren nazioarteko sei pertsona esanguratsuengatik sinatutako Aieteko Adierazpena.
•    Gizartearen parte handiak presoen erreibindikazioetatik asko onartu ditu.
•    Elkarrizketaren alde mugimendu garrantzitsuak ari dira sortzen.
•    Bizikidetasunaren eta adiskidetzearen aldeko Hainbat ekimen agertzen ari dira.
•    SORTU-ren legeztapena gero eta hurbilago ikusten dela dirudi.
•    Ezker Abertzalea normalizazioranzko pauso garrantzitsuak ematen ari da.

Guztia egina ez dagoela eta lanean jarraitu behar izango dela badakigu. Parte har daitekeen ekimen asko ditugu eskura.
Egoera berriak, bakearen alde lan egin duten mugimendu asko beren posizioak berrikustera  eragin ditu, guk ere gure etorkizuna ikuskatu behar izan dugu.

Hainbat bilera egin ditugu azken udatik, asistentzia eta parte-hartze handiarekin.

Erabakia ez da erraza izan. Iritziak zatituak egon dira. Jarritako helburuak bete diren edo ez jakitea zaila da. Batzuentzat beteak daude, besteentzat berriz ez. Bakoitzak jarritako itxaropenak ere ez dira berdinak, gure arteko aniztasuna dela eta hain  zuzen ere. Ez genuke ahobatezkotasunik inoiz lortuko puntu honetan segur aski.

Oso zaila  egiten da ahobatezkotasuna lortzeko eman beharreko baldintza zehatzak finkatzea.

Puntu honetan iritzi desberdinak izan da, denbora luzean taldea sendo mantentzea zaila dela  badakigu, eta etorkizunari aurre egiteko sendotasuna beharrezkoa dela ere bai.

Nabari dirudiena zera da,  gizartea, markatu genituen helburuen bidean dagoela eta lortzeko arrazoizko posibilitateekin gainera.
Irautea izan da hasieratik erronka, baina ia bost urteren ondoren, lehen aipatutako arrazoiak kontuan izanez,  ekimena amaitutzat ematea zuhurragoa dela uste izan du gehiengoak, izan ere,  jarritako helburuak betetzat emateari eta ekimena bukatutzat emateari dagokionez ikuspuntu desberdinak  izateak,  taldearen indarrak eta taldea bera ahuldu egiten baititu aurrera begira, higaduragatik, hau bezalako ekimen batek merezi ez duen amaiera izateko arriskuan jarriz. Hau, ñabardurekin bada ere, izan da sen nagusia.

Beraz, 2012ko Urtarrilaren 24ko bileran, gehiengo zabalez, honakoa erabaki zen:

•    Boulevard-en egiten ditugun topaketak bukatutzat ematea, 2012ko Maiatzaren 3an egingo dugun azkeneko topaketa bereziko ospakizunarekin.
•    Ekimenaren inguruan urte hauetan zehar eratzen joan den taldea oso interesgarria dela kontuan hartuaz, posta elektronikoaren bidez kontaktuan mantentzea, normalkuntza prozesuan atzerakadak gertatzen direlako, hartzen den erabakia atzera botatzea beharrezkoa balitz ere.  

Lan asko geratzen da oraindik: presoak, biktimak, bakea, bizikidetasuna, adiskidetzea, eta abar. Euskal Herriaren geroa eta bere errebindikazioak  geratzen dira. Gure aniztasunak, bakoitza bere ahaleginak alor batera edo bestera zuzentzera eramango gaitu. Zeregin asko eta  alor asko daude lanerako. Bakoitzak aukeratuko du berea.

Amaitzeko, bizi izandako esperientzia BAIKORRA eta ABERASGARRIA izan dela esan dezakegu. ESKERRAK GUZTIEI.

Donostia, 2012ko maiatza.

Posted by: eginbideabakeari.2012/05/15 23:04:22.933000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2012/04/30 16:04:17.026000 GMT+2

AULKIEN ZIRKULA,AZKEN DEIALDIA

Kaixo lagunok

2012ko Maiatzean bost urte beteko dira Donostiako Bulebarrean aulkiez osatutako gure borobiltxoa sortu genuenetik. Azken hilabeteotan, bilerak eta kalean egoteko saiakerak egin izan ditugu eta azkenean  martxoan egindako bileran ekimena bukatutzat ematea erabaki genuen.

Beraz, datorren astean, maiatzak 3an, ostegunean, arratsaldeko 8etan Bulebarrean esertzea erabaki dugu berriz ere, oraingo honetan herritar ekimen honen azkenengo elkarretaratzea egiteko.

Horrexegatik, oraingoan ere gurekin esertzera gonbidatu nahi zaitugu, igarotako uneak eta bakoitzaren hausnarketak, mezuak, sentipenak, irakurketak... elkarrekin partekatzeko (mikrofonoa zabalik egongo da) eta askoren gozotasunean hurrengora arte aurrez aurre esateko. Bertan ere taldeak egindako balantzearen laburpena partekatuko dugu guztiokin.

Sarea mantenduko dugu eta beharrezkoa denean Bulebarrean berriro topatuko gara.

Posted by: eginbideabakeari.2012/04/30 16:04:17.026000 GMT+2
Tags: | Permalink

2010/11/22 19:47:43.798000 GMT+1

ARTIKULUAK PRENTSAN

Azaroaren 2-an Diario Vasco egunkarian argitaratu zuten Egin bidea bakeari ekimenari buruzko artikulu bat.

Sillas en círculo por la paz

Una propuesta ciudadana impulsada en gran medida por el 'boca a boca'

Azaroaren 18an aldiz Noticias de Gipuzkoa egunkarian

Por una "paz de colores"

Bere garaian Berria eta Hitzak ere argitaratu zituzten ekimenari buruzko artikuluak
BERRIA
Bakearentzako aulkiak



IRUTXULOKO HITZA

  Zero gunearen isileko aldarria

 




Posted by: eginbideabakeari.2010/11/22 19:47:43.798000 GMT+1
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2010/09/21 17:53:2.023000 GMT+2

HAUSNARKETA ETA SENTIMENTUAK SU ETENAREN ONDOREN

Irailaren 5ean ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egiteko erabakiaren berri eman zuen. Bulebarreko eserialdia hilabeteko lehen eta hirugarren ostegunetan egiten denez, tarte honetan alderdi politiko eta beste eragileek berria nola jaso duten jakin dugu, manifestazio deialdiak eta debekuak egon dira, atxiloketak eta kale eraso batzuk... lehen albiste horri eta ondoren etorri direnei buruz gogoeta egiteko denbora izan dugu bakoitzak...

Irailaren 16ean Bulebarrean bildutakoen artean papera eta boligrafoak banatu ziren, eta bi galdera egin ziren

  1. Azkeneko egunetan eman diren gertaerek zer sentsazio utzi digute? ¿Qué sensaciones tenemos ante los últimos acontecimientos?
  2. Aldatu behar al dugu gure ekimena? ¿Qué pensamos debemos hacer desde “Egin bidea bakeari”.
 bakoitzak, isilean hausnartuta,  bere iritzia emateko aukera izan zuen, eta hemen dituzue:

Posted by: eginbideabakeari.2010/09/21 17:53:2.023000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (37) | References (0)

2010/06/07 17:01:20.939000 GMT+2

EKAINAK 10: PALESTINA, ISRAEL ETA IRLANDAKO LEKUKOTZAK

Ekainaren 10ean aulkien borobilak herri ezberdinetan gatazkaren eraginak bizi izan dituzten pertsonen lekukotzak jaso zituen:


Ali Abu Awwada, Aron Barnea, Pat Magee

Batetik Palestina eta Israeldik etorritako Ali  Abu Awwada eta Aron Barneak hartu zuten parte, Parents Circle - Families Forum senideen elkartekoak.

1995ean sortu zen elkarte hau, Osloko Bake prozesua garatzen ari zen unean, eta 500 famili israeldar zein palestiniarrek parte hartzen dute bertan: Ekialde Hurbileko gatazkan lehen mailako senideak galdu dituztenak . 

AARON BARNEA. Israeldarra, Parents Circle - Families Forum elkarteko Nazioarteko Harremanetarako arduraduna da. Bere semea israeldar soldadua zen Libano hegoaldean hil zenean.

ALI ABU AWWAD. Palestindarra Parents Circle - Families Forum elkarteko proiektuen arduraduna da. Lehendabiziko Intifadan berea ama eta anaiekin batera atxilotu zuten eta 4 urtez israelgo presondegi batean eduki zuten. Israeldar soldaduek bere aniaa Yousef hil zutenean sartu zen Parents Circle - Families Forum elkartean.


Israel eta Palestinako Agintaritza Nazionaleko lurretan egiten dute lan, eta bi aldeek bake akordio bat sinatzen dutenerako komunitateen artean adiskidetzea susuatu nahi du. 

Irlandatik beste behin ere Pat Magee etorriko zen: 

PAT MAGEE Belfasten jaio zen, IRAko ekintzailea izan zen eta  bizitza osorako zigor pare bat jaso zituen. 1999ko Ostiral Santuko Akordioak sinatu ondoren amnistiatua izan zen, gartzelan 13 urte pasa eta gero. Ondoren bakearen aldeko lanean murgildu zen.

Pat Magee Jo Berryrekin elkarlanean aritzen da: Jo-ren aita, Sir Anthony Berry,  IRA-k Brighton-eko Hotelean egindakoa tentatuan hil zuten, Tory-en 1984ko Konferentzian: une horretan Jo ordurarte ezezagun zitzaion gatazkaren barruan sentitu zen, eta ordudanik "sendaketa" prozesuan sentitzen da eta bakearen aldeko lana egitenm du. 2000 urteko azaroan Pat Magee ezagutu zuen, bere aitaren heriotzaren arduradunetako bat. Jo "Building bridges for peace" eta Bakearen Aldeko Sarea elkarteetako arduradun da.
 
Pat eta Jo-k azken 9 urtetan gartzeletan, eskoletan eta unibertsitateetan egon dira hitz egiten, eta baita bakeari buruzko topaketetan ereconferencias sobre paz, orain dela gutxi Erresuma Batuko Ganbera Baxuan eta orain dela astebete Tutu Artzapezpikuarekin


Ali Abu Awwada, Aron Barnea, Pat Magee Ali Abu Awwada, Aron Barnea, Pat Magee Ali Abu Awwada, Aron Barnea, Pat Magee

Posted by: eginbideabakeari.2010/06/07 17:01:20.939000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2010/05/21 19:55:14.646000 GMT+2

HIRU URTE ISILTASUNA HITZATZAT HARTUTA

Maiatzean aulkiz osaturiko biribil honek 3 urte bete ditu. 2007ko maiatzean ekin genion ekimen apal baina emankor honi, bakeari bidea egiteko herritarrok abiarazi genuen ekarpen txiki honi. borobila 3 urtez Ordutik hona, herri ekimen autonomo hau 70 alditan baino gehiagotan gauzatu da Bulebarrean. Denbora honetan zehar, 40 pertsona baino gehiago aritu gara esertzen biribilean jarritako aulkietan, isiltasunaren indarrari esker adieraziz urte asko dituen gatazka baten parte sentitzen garela eta gatazka gizatiartzea eta indarkeria-ezaren aldeko baliabidean bideratzea nahi dugula, hitzaren, elkarrizketaren eta partaidetzaren bidez.

Bertan hainbat pentsaerako pertsonak bildu gara, eskaera komun baten gerizpean: bakean bizitzeko eta elkarbizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzea, ez gaude prest inguruan zein guk geuk jasaten dugun sufrimendu egoera lazgarriaren aurrean ezer egin eta esan gabe geratzeko. Hori dela eta, hemen esertzen jarraituko dugu harik eta benetako bake prozesua abian jartzeko ardurak dituztenak dagokienean eseri arte.
loreak uzten
Somorrostrok esan eta Imanolek kantatu moduko "Lorerik gabeko lore maiatzean" gaude, hau da, nahasmen eta zentzugabekeria beteriko uneak bizi ditugu. Beraz, hainbat mota eta koloretako lore hauen bitartez adierazi nahi dugu espero dugun bakea beroa, alaia, bizia, bazterketarik gabekoa, egunean adostua eta kolore anitzekoa izatea nahi dugula.
irakurtzen 3
Geure bizitzak urrundu beharrean gerturatuko dituen bakea nahi dugu, bidezkoa baina ez mendekatzailea izango den bakea. Indarkeriak sortu duen samina bildu eta sendatuko duen bakea, elkarbizitza gozaraziko diguna, geure herrian dauden bide eta iritzi ezberdinak egonda ere. Nahi dugun bakea ezin da banaturik mantenduko gaituen bake hotz eta metalikora mugatu. Ez dugu desiratzen fikziozko bakea, mendekaria, garaile eta garaituekin, kode penalaren kolpearekin, eskubiderik gabe, erru guztiak gainerakoei leporatzen diena, gizartearen borondatea aintzat hartu gabe...
dantza borobilean 2
Ez dugu sufrimendu gehiagorik nahi inorentzat. Toki mankomuna nahi dugu, elkarrekiko errespetuan. Hauxe esan nahi genuen geure hirugarren urteurrenean.

BULEA DA GEURE ZERO GUNEA
HILEKO LEHEN ETA HIRUGARREN OSTEGUNETAN, 20:00etan


BERRIA EGUNKARIAN EKITALDIAREN KRONIKA
3. urteurren honetan pertsona eta talde ezberdinek bat egin zuten ekimenarekin. Lore eskaintza bat egin zen eta borobilean dantza egin zen.

HITZA: http://www.irutxulokohitza.info/paperekoa/2010-06-16/p00002001/Zero_gunearen_isileko_aldarria.htm



loreak jartzen ekitaldia irakurtzen dantza borobilean 2 dantza borobilean loreak 2

Posted by: eginbideabakeari.2010/05/21 19:55:14.646000 GMT+2
Tags: 3 urteurrena | Permalink | Comments (0) | References (0)

2009/08/09 09:34:44.231000 GMT+2

Ez, horrela ez!

Azken aldiz hemen bildu ginenetik nahigabez bete gaituzten gertakari asko bizi izan ditugu: indarkeria berriz ere;  heriotzak; leherketak; triskantza handiak;  mehatxuz betetako adierazpen eta mezuak, alde batetik eta bestetik; hain  maite dugun Txema Auzmendi tartean izanik are eta mingarriago zaigun epaiketa zorrotzen iragarpena etab.

 

Elkarrengana gerturatzeko eta elkarrizketarako keinurik txikiena ere ez. Aspergarria litzateke benetan, izugarria  ez balitz.

 

Eta bakea zer? Eskubide osoz aldarrikatzen dugun bakea noiz?

 

Horrenbeste urteren ondoren, horrela ez dugula bakerik lortuko oraindik ez dugu dirudienez  ikasi.

 

Kaska gogorrak gera benetan.

 

Guk, indarkeria uzteko, elkarrizketaren bidez, denon artean, konponbidea bilatzen saiatzeko eskatu asmoz esertzen jarraituko dugu hemen, alferrikakoa dela badirudi ere.


2009-08-06 


EGUNERAKETA:

Testu honetan "Egin bidea bakeari" ekimenean hasieratik parte hartu duen Txema Auzmendiri egiten zaio aipamena, Egunkaria Auzian auziperatua. Zorionez, 2010 apirilaren 12an Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen auzipetu guztiak.

Informazio gehiago: http://egunkaria.info

Posted by: eginbideabakeari.2009/08/09 09:34:44.231000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2009/07/18 23:32:16.224000 GMT+2

Itxaropenaz

Mattinen hitzak, uztailaren 16ko elkarretaratzean:

Toki askotan, eta hemen ere bai, noiz edo noiz, erdera hutsez egiten da errazago zaielako, denbora gutxi dugulako, edo denek ulertzeagatik… Nik hiru arrazoi horiexengatik euskara hutsez egingo dut: errazagoa zaidalako, euskara behar den tokian jartzea presakoa zaigulako (ez dugu galtzeko denborarik), eta denek ulertzeagatik euskararen egoera nolakoa den, zer pentsatua emateko; honek ere zeresan handia du gatazkarekin eta bakearekin. Hau esanda:

 

Gure gizarteko egoera honek desesperantza eta etsipenera bultzatzen du; nik nolabaiteko itxaropena ikusarazi nahi nuke: bat oso luzerako eta bestea berehalako.

 

Gizateria, bere sorreratik, zorioneko izatera deitua dela sinetsita nago ni. Denok dugu zorion eta bake egarria. Nik ez dut zalantzarik helduko dela gizartea egarri hori asetzera. Guztiok denon onaren bila, ez nire ona, hasten garenean, sartu gara zorion eta bake bidean, baina denena: hasi Afrikan gosez hiltzen ari direnetatik eta Bush-enganainoko guztiena. Baina guk ez dugu denak hasi zain egon behar. Hemen gauden berrogei lagunok hori nahi ote dugu? Eta praktikan hori bizi ote dugu? Berrogei lagun baino talde txikiagoetatik hasita egin dira gauza handiak. Horretara animatu behar genukeela uste dut; hori aztertzera, nor bere lekuan, taldeka edo nolabait antolatuta. Guk honezkero ez dugu gauza handirik egingo, baina etorriko dira berriak eta jarraituko dute guk hasten duguna.

 

Etsitzea azkenekoa dela esan ohi da, baina nik azkenean ere ez dela etsi behar uste dut. Etsitzeko ez dago azkenik. Etsipenak ez du lekurik!

 

Mattin   


Posted by: Agurtzane.2009/07/18 23:32:16.224000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2009/06/21 00:10:26.135000 GMT+2

Mario Benedetti gure artean

Duela hilabete pasatxo hil zen Mario Benedetti, 88 urteko idazle uruguaiarra, oso ezagun eta maitatua bere bizitzan eta lanetan erakutsitako konpromisoagatik. 

 

Azken garaiko liburu baten pasarteak irakurri genituen ekainaren 18an:

 

El secreto de la salvación

 

En las primeras líneas de este escrito, yo me preguntaba: ¿qué les queda por probar a los jóvenes en este mundo de paciencia y asco? (…)

 

Basta con recorrer página a página los periódicos de aquí y allá para comprobar lo que el mundo actual ofrece a los jóvenes (…)

 

La actitud de los mayores ante los jóvenes de ambos sexos asume en ciertos casos visos de venganza, como si quisieran castigarlos porque, desde el pasado, no les entregaron un presente mejor. (…)

 

Memoria y esperanza

 

A través de la historia, la religión ha bendecido cañones, ha empujado a las dóciles masas en inquisiciones y genocidios de todo tipo. En cualquier conflagración, cada bando proclama su fundamento religioso, y los jóvenes son los primeros en ser forzosamente convocados a semejantes estragos. En estos días escribí: “Y con Biblia, Talmud, Corán y Tora, siempre habrá un dios para apoyar la guerra”.

 

Jóvenes de ambos frentes mueren y mueren. Los que deciden y empujan las guerras están en cambio cómodamente instalados en sus despachos de poder, con el champán a mano para cuando haya que festejar victoria, o el bourbon –ese whisky yanqui- como consuelo en las derrotas.

 

Ellos van después, cuando todo culmina, y las nóminas de muertos y heridos crecen en silencio. Sí, van después,  con elegantes esposas y ex amantes, con familiares y alabancero, y por supuesto con militares que siempre obedecen, pensando en su próximo ascenso.(…)

 

Tengo la impresión de que en este presente implacable y descastado, al mundo le duele la juventud y a la juventud le duele el mundo.(…)

 

No obstante, la juventud aguarda un gesto, una rendija de esperanza. Aunque se aturda, aunque recurra a mil variantes de la violencia, la juventud espera ser atendida y ayudada a sobrevivir. Y los prójimos de todas las edades deberían comprender que en la salvación de la juventud reside el secreto de su propia sálvación.

 

Hombres y mujeres, adultos o hasta viejos, sintámonos jóvenes por un instante y medio. Quizá así percibamos que la juventud no es un enigma, sino un inapreciable azar que a todos nos ilustra y nos descubre.”

 

Mario Benedetti (Memoria y esperanza: Un mensaje a los jóvenes, p. 81-89).     

Posted by: Agurtzane.2009/06/21 00:10:26.135000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2009/06/14 11:29:38.525000 GMT+2

Jose Mariren aurkezpena ekainaren 4an

Bi urte igaro dira dagoeneko hemen biltzen hasi ginenetik.  Ia 50 aldiz eseri gara hemen, eguraldi onarekin eta txarrarekin, nahiz aste egun nahiz jai egun izan, gure isiltasunarekin beti eskaera bera ozen aldarrikatzeko: “Eseri daitezela eseri behar dutenak ”. Era baketsuan “Bakeari bidea egiteko”.

 

Gure ekimena pertsona gehiagotara eta Euskal Herri osora zabaltzea nahi genuke, baina, zer egin dezakegu?


Kostata bada ere, denbora honetan, iraun arazi diogu piztuta orain bi urte piztu genuen argitxoari.

 

 

Luzerako izan daitekeela badakigu. Itxaropena galdu gabe, beharrezko den arte iraun ahal izatea da orain gure erronka eta horretan, bakarrik ez gaudela jakiteak, elkarren laguntzak eta taldetxoaren babesa lagungarri izango zaizkigu.

 

Mariano Ferrerek Bilboko topaketan orain gutxi esan zuena gogoratzea egoki deritzot gaur beste behin: “Utopian bizi garela norbaitek aurpegiratzen badigu, Galeano idazleak bezala erantzungo diogu: utopia zeruertza bezala da, inoiz ez da iristen, baina ibiltzen laguntzen du. Gehiago zioen Mariano Ferrerek, norabidea erakusten digu. Beraz,  Aurrera!

 

Gaur gure artean dugu bigarren urteurrena ospatzeko Amaia Zubiria, hainbeste eskertzen dugun  babesa eskaintzeko eta oxigeno pixka bat emateko, mila esker.

 

Jose Mari Iturriotz

Posted by: Agurtzane.2009/06/14 11:29:38.525000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)