Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2007/09/05 15:32:48.696000 GMT+2

Sare sozialak, objetu sozialak eta FaceBook

Nolatan ez zitzaion inorri lehenago okurritu? Horixe da FaceBook-en saltseatu ondoren pentsatu nuena. Horren da ideia sinple eta potentea!

Sare sozialak

Beti egon dira modan sare sozialak.
 
Apuntatzen zara webgune batean eta, ahal baduzu, zure lagunak apuntarazten dituzu. Arrakasta duen tresna bada, ikusiko duzu mundu osoko ehunka lagun daudela ja apuntatua. Gero, esaten duzu "Urlia nire laguna da" edo "Urlia nire ezaguna da", harreman-gradu diferenteak ere marka baitaitezke normalean. Eta zure harreman sare birtuala definitzen duzu horrela.
 
Harremanen sare hori balia dezakezu kontaktuak egiteko. Urliak bere aldetik Sandia ezagutzen duela ikusiko duzu, eta zubi hori aprobetxatuz Sandiarekin harremanetan jarri zintezke (teoriaren arabera, munduko edozeinekin 6 ezaguneko kate baten bidez). Edo zubi hori baliatu gabe, zuzenean berari "nire laguna izan nahi?" galdetuta lor zenezake e-posta.

Baina, honek guztiak ezer gutxirako balio du.  Harreman sozialen definizio birtual hotz bat baino ez da. Norbere egoa puzteko balio dezake -nik 24 lagun eta Urliak 13 baino ez-. Diagrama politak lortzeko. Edo, diote, harreman serioagoak lantzeko. Ligatzeko, adibidez (Orkut). Edo laneko kontaktuak bilatzeko (LinkedIn).

Ez dakit. Nik alta emana dut holako pare bat saretan, lagunek batek gonbidatuta. Emaitzak, baina, zero.

Objetu sozialak

Zenbait webgunek eduki pertsonala sarean jartzeko balio dute. YouTuben zure bideoak jartzen dituzu; Flickren zure argazkiak; del.icio.us-en atentzio deitu dizuten weborrien helbideak (faboritoak); blog-komunitateren batean zure testuak; komentarioak han eta hemen (zure gustoko pelikulenak, irakurri dituzun liburuenak, probatu dituzun jatetxeenak, ikusi dituzun museoenak, egin nahi zenituzken bidaienak...)
 
Argazkiak, bideoak, komentarioak... Horiek guztiak dira objetu sozialak; edo izan daitezke, behintzat. Lehenengo aldiz, Jyri Engestrom soziologo finlandiarrari entzun nion hitz hau, Donostian eman zuen hitzaldi batean.
 
Zuk zure edukia jartzen duzun bezala, zure lagun-ezagunak ere ari dira euren edukia jartzen. Urlia ari da bere argazkiak igotzen; Sandia ere bai. Beraz, joaten zara flickr-era eta han markatzen duzu Urlia zure laguna dela, eta flickr-era sartzen zaren bakoitzeko, zure lagun guztien argazkiak ikusteko aukera izango duzu. Beraz, objetu sozial horren -argazkien- inguruan, beste sare-sozial bat definitzen da, azken finean.

Baina del.icio.us-i, flickr-i, youtube-ri... denei esan behar diezu, behin eta berriz, Urlia zure laguna dela, hango mugimenduen berri jakingo baduzu.

FaceBook

FaceBook-ekoek listo jokatu dute eta horregatik lortu dituzte 34 milioi erabiltzaile pasa.
 
Sartzen zara FaceBook-en eta ematen duzu alta. Ohiko sare-sozial batean bezala, esaten duzu "Urlia nire laguna da" eta sortzen duzu sare minimo hori.

Gero, ordea, FaceBookeko zure perfilean askoz gauza gehiago konfiguratzen dituzu. Esaten diozu, nire bloga blogak.com-en daukat; nire argazkiak flickr-en gehitzen ditut; nire bideoak hemen daude... Nire edukia non ipintzen ari naizen esaten diot eta konfiguratu egiten ditut aplikazio hoiek guztiak nire orri horretan. FaceBook gai da denak batzeko.

Eta, horri esker, aplikazioa hoietan guztietan egiten ditudan aldaketen berri emango die FaceBook-en nire lagunei. Flickr-era argazki bat igotzen badut, FaceBook bitartez enteratuko da Urlia argazkia igo dudala. Bihar beste webgune batean zerbait igotzen badut -aurkezpen bat slidesharen, adibidez-, Urlia enteratu egingo da nire mugimendu hortaz, nahiz eta berak ez duen slideshare ezagutzen.

Lagun berri bat egiten badut, FaceBook-en gehitu eta lagun berri horren mugimenduak jarraitzeko aukera izango dut, nahiz eta mugimenduok FaceBooketik kanpokoak izan.

Noski, esatea erraza da hori. Egitea da zaila. Eta hor jokatu dute bereziki listo FaceBook-ekoek. Edozein aplikazio FaceBooken integratzeko modu ireki bat eskaini dute, aplikazioak eurak enkargatu daitezen lotura hori egiteaz. FaceBook-Flixster lotura ez du FaceBook-en egin, Flixster-ekoek egin dute.

Potentea bere sinpletasunean.

Objetu sozial ebidenteez gain, beste informazio mota bat ere objetu sozial bilaka dezake tresna honek. Nestoria etxe-bilatzaileak, adibidez, ez du sare-sozial propiorik sortzen. Baina FaceBooken barruan Nestorian bilaketa bat egiten baduzu, zure lagunak Donostian etxe bila ari zarela enteratuko dira, agian. Filma bat ikusi eta 8ko nota eman badiozu, zure lagunak enteratu egin daitezke, eta agian galderaren bat luzatuko dizute horren inguruan. Edo, jolasak, lagunekiko pike hori gabe soso xamarrak izan daitezkeenak. Sarean egiten duzun edozein mugimendu bilaka daiteke objetu sozial, azken finean, edozein bilaketa edo klik egiten duzunean informazio eskaintzen ari baitzara, zure ingurukoei interesantea iruditu dakiokeen informazioa.

Honegatik guztiagatik ari dira batzuk esaten, FaceBook sistema eragile soziala sortzen ari dela. Harreman sare horren inguruan aplikazioak sortzea baimentzen ari delako.

Haseran esandakoa. Nolatan ez zitzaion inorri lehenago okurritu?


Posted by: azpi.2007/09/05 15:32:48.696000 GMT+2
Tags: facebook sare-sozialak | Permalink | Comments (2) | References (1)

Comments

"Ez dakit. Nik alta emana dut holako pare bat saretan, lagunek batek gonbidatuta. Emaitzak, baina, zero."

Ze emaitzen esperoan zeunden?

Posted by: xa2er.2007/09/05 23:39:40.543000 GMT+2
http://www.blogak.com/xa2er

Zure artikuluak lagundu dit hobeto ulertzen Facebook. Eskerrik asko, Josu!

Posted by: Joxe Aranzabal.2007/09/07 16:49:2.844000 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/faroa

References

...le Wave: baina zer da hau? DecĂ­amos ayer Facebook begiratu eta ulertu ondoren nolatan ez zitzaion inorri lehenago okurritu pentsatu nuela. Google Wave be...

Reference by: Google Wave: baina zer da hau? - azpi 2009/06/10 11:02:50.161000 GMT+2

Post a comment





Please answer this question to add your comment
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru