Busturiako Udalak Bekoerrotako lehengo padura eta istingak 70.hamarkadako lehen urteetan baimenik barik egindako betelanak aurreko egoera naturalera berrekartzea onartu zuen.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-05-03 00:00

Proiektuak Urdaibai Patronatuaren oniritzia zeukan eta Madrileko Ingurumen Ministerioak itsasertzak hobetzeko zituen planetan bete-beterik sartzen zen, eta aurreikusitako eran eta moduan tramitatu bazen Europako fondoek oso-osorik finantzatuko zuten.

Hala ere, Busturiako Udalaren buru Gondra Alkatea bigarrenez jarri zenean, hau uzkur agertu zen hasiera-hasieratik aurreko udalbatzak planteaturiko jokabidearen aurrean eta aurreko udalbatzaren erabakia baliogabetu barik –gaur oraindik indarrean baitago–, padurak berreskuratzearen eta futbol zelaiaren derrigorrezko birkokapenaren kontrako jokabide mordo bati eman dio hasiera. Uste dugu jarrera horren motibazioak 79-83 legegintzaldian, Itsasadar kirol-gunea idatzi eta baimenik barik burutu zenean, Alkate kargua izatean aurkitu behar direla.

Horrela, Gondra jaunak, eta EA eta EAJko zinegotziek atzera bota zuten Auzoarteko Herri Kandidaturako zinegotziek planteaturiko proposamena, hau da, gaur egun zenbait legek babesturiko gunean kokaturik dauden udalerriko kirol instalazioentzat kokaleku alternatiboa aztertu eta proposatzekoa. Atzera bota zuten, halaber, San Bartolome auzuneko txaleten plan partzialean futbol zelai berriaeraikitzeko 9.000 metro karratu libre uzteko zuen proposamena ere.

Egun hauetan Herrialdeko Kosta Mugaketak Milioietako Plan bat aurkeztu dio Udalari tren geltokiaren itsas aintzira txikia berritu, oinezkoen sarbideak Urkitzapera egin, untziratzeko lekuak egin, Itsasadarreko harri lubetak kendu, tren geltokiko aparkalekuaren betelanak kendu, saskibaloi zelaiaren zati bat kendu, ormigoizko itxiturak, etxolak eta gainerako posteak kendu, eta azkenez futbol zelaiko aldagelak kentzeko. Udalbatzaren gehiengoak ez du onartu proiektu hori eta Alkateak bere burua eskaini du Ingurumeneko ministro andrearengana joateko konbentzitzera ez bakarrik futbol zelaia kontserbatzeko beharrizana dagoela, baizik eta moketa sintetikozko tapetearekin estalitako 6.000 metro 2ko plataforma batean, batzuek belar artifizialeko zelaia deitzen diotenean hain zuzen, bihurtzeko baimena eman diezaion.

Gutxienez, PNV eta EAko zinegotzien kontraesan politikoa behintzat bada, Ibarretxe Lehendakariak onarturiko garapen iraunkorra eta Euskadiko Ingurumen Estrategiako erabakiak defenditzen dituztela ahots betean aldarrikatzen baitute, baina gero senperrenak egiten baitituzte azken 30 urteetan Busturian ingurumena berritzeko planteatu den proiektu bakarraren kontra. Euren jarrerarekin lortuko dute Busturiarako destinaturiko diru hori joatea Gondra jaunak gobernaturiko udalerriak baino “kontzientzia txar” gutxiago daukan beste udalerri batera.

Horren aurrean Auzoarteko ekimeneko zinegotziek salatu gura dugu parte hartzaileei egindako adar-jotzea eta diru publikoaren zarrastelkeria suposatu dituen Busturiako tokiko Agenda 21 idazteak –duela gutxi euren botoekin onartuak–, zeren, lan horretan planteaturiko ekintzetariko bat Bekoerrotako paduren berreskurapena den arren, helburu hori lortzeko ez baitute ezer praktikorik egiten: adibidez, herriko futbol zelaia birkokatzeko hiri lurzorua edourbanizagarria kalifikatzea, eta elkarteek eta Kosta Administrazioak zentzu horretan proposatzen dizkien proiektuen kontra aktiboki jartzen baitira; eta, gainera, gero esango dute errua hirugarrenek, ezer ez izatekotan kargu publikorik ere ez dutenek, dutela, eta ez dute betetzen herritarrek Gondra jaunari eta bere Ekipoari eman dieten ondo gobernatzeko erantzukizun handia.

Busturia 2006ko maiatzaren 3a, eguaztena.


Utzi iruzkina: