Masailetan malko bi

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-05-30 10:32
2

Masailetan zerbait bitxia nabaritu eta bertara eraman dut eskua, busti zait, zergatik? Aspaldi ez zitzaizkidala begiak hezetzen, aspaldi ez nituen negar malkoak isurtzen… Negar egiten dudanean inoiz ez dakit zergatik den, konturatu gabe gertatzen dira nire barnean emozioen arteko talka eta leherketak. 

Besteren batek aurrean, berdin du zeinek, lortu du hitzak botatzearekin batera nire eztarrian korapilo bat sortzea. Ez dut negar egiteko gogorik, eta arrazoirik ere ez, uste dut, baina badirudi aspaldiko mamuak aipatzeko orduan erreakzionatzen duela nire barneak.

Hitzak mozten zaizkit, begiak urez betetzen dira, zerbait esan nahi dut baina oroitzapen txarrek, minek, beldurrek… ez didate uzten. Ez zait ahotik soinurik kasik irteten eta ezpainak apenas mugi ditzaket nahi eran. Berezia da sentimendua, ez dut tristurarik somatzen, ez nago ondoezik, baina hala ere, negar malkotan itotzen jarraitzen dut.

Elkarrizketa bukatu, mamuak, zeuden toki ilunera, nire buruko zulo ezkutu horretara itzuli eta bat-batean bukatzen dira malkoak. Begiak lehortzen ditut eta ez naiz gelara negar zotinka bueltatzen. Ez baita izan angustiak sortutako negar zotin hori, finean, malko batzuk baino ez dira izan.

Idatzi, hau ere ez dakit zergatik, gogoa sartu zait derrepente, ageriko arrazoirik gabe.

Negarrez hasten naiz nire sentimenduei buruz hitz egiten dudan bakoitzean, daukadan horma botatzea kostatuko balitz bezala eta horrek negarra eragin. Baina… negar egiteko gai izanda, sentimenduei buruz hitz egiteko gai izanda… zergatik iruditzen zait ezinezkoa behar dudanean besarkada edo musu bat eman edo soilik eskatzea? Zergatik ez dakit nola zoriondu eta laudatu jendea, nola goretsi? Edo ere berean, zergatik egiten zait hain zaila zerbaitengatik zorionak eta laudorioak jasotzean erreakzionatzea? Sentimenduetaz hitz egiten ikasi dut, baina nik nahiago dut adierazten jakitea, eta hor oraindik bide luzea dudala uste dut. Askotan berdin da, beste askotan beharrezkoa…

Berriz paretako haurrari begira, postura pentsakorrarekin eta begirada galdua, ziurrenik faltsua dena, argazkirako entseatua. Baina edertasuna eta inozentzia ikusten ditut beregan, nire gogoaren parte batek berreskuratu nahi duen inozientzia, besteak haren aztarnak desagerrarazten dituen bitartean.

Egin beharko nukeena, nire burua ezagutzea baino, nire burua ulertzea da. Nire barnean gertatzen ari diren hurakan guztiak baretzea. Nahigabe sortzen dudan defentsa sistema hor zergatik dagoen jakitea. Konfiantza, segurtasuna.

Ez itxi oskola, bestela ezingo da inor sartu, inor…egizu behintzat zulotxo bat, txikia bada ere…

matx

matx 2007-05-30 11:29 #1

Ez gara errezak ez ulertzen, ez ezagutzen... Baina ahaleginak eta umoreak askotan laguntzen du. Eta idazteak, pila bat. Ez galdu grina!<br /><br />

Sugoi

Sugoi 2007-05-31 23:39 #2

Bai, asko laguntzen du bebai jakiteak pertsona gutxi batzuek idatzitakoa irakurtzen dutela, beraz, eskerrik asko!


Utzi iruzkina: