Lagundu! Arraina naiz!

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-06-11 01:00
1

"Txiki, txiki txikia... sentitzen naiz kalean!", arrainontzi edo akuario batean sartuta dagoen arrain baten antzera sentitzen naiz. Galduta, ez dakit non nagoen, ez dut ingurua ezagutzen, bueltaka eta bueltaka ari naiz igerian, denbora guztian ikuspegi beraren gainetik nire begirada paseatzen dudalarik. Ezer berririk ez, baina ezagutzen dudan ezer ere ez. Kaiola honetatik alde egin nahian nabil, eta saiatzen naizen arren ez dut lortzen. Nire bizitoki iluna arinki aritzen duen zulotxo bat begiztatu dezaket, baina urrunegi nago eta ezin dut nire helburu txiki hori erdietsi. Alde egitea soilik, ez dirudi hain zaila, aitzitik, ezinezkoa zait.

    

Heze, hotz, heze... bakarrik, desorientaturik, nora abiatu jakin gabe... Zulo ilunean, izalak baino ezin ditut ikusi. Preso naiz, eta ni naiz neure kartzeleroa, neuk erreprimitzen dut nire burua, neuk apurtu nire askatasuna. Badirudi, askatasuna ez dela soilik aurkitzen  barrote batzuk apurtzean... guk eraikitako kartzelaren paretak bota beharra dago, zelda tristearen hormak eraitsi beharra. Krisia, tristura ulertezina, eta batez ere ezin azal ditzakedan sentimenduak. Bajoia, isiltasuna, hitzik ez. Kopetilun, gaueko ke galduetan lasaitasunaren bila. Nor naiz? Aldi penatu batean garuna murgildurik daukan neska bat, neska alai tristetu bat.

Pasako da, beti pasatzen dira garai txarrak. Ekaitzaren ostean beti dator barealdia, azken egun hauetan bezala. Eguraldia bezalakoak gara, batzutan goibel, besteetan disdiratsu, denbora luzez edo tarte laburretan. Berriro etorriko dira garai txarrak garai onen ondoren, eta gero berriz barealdia, etengabeko zirkulua. Horrelakoa da bizitza, irregularra, gorabeheraz betea. Guk geuk egiten dugu bizitza, guk geuk tristetu, guk geuk alaitu. Bizitza da, bizitza! Polita, itsusia... bizitza, azken finean!

Gorka

Gorka 2007-06-13 01:17 #1

Ados nago, bizitza azken finean bere legeak ditu. Baina egia da bajoi batzuk errekuperatzea beste batzuk baino gehiago kostatzen dela. Batzuk bolada luzeak dira eta beste batzuk orduak soilik irauten dute. Baina dudarik gabe pozik egotea da hoberena!!!!!!!!!!!!!<br />


Utzi iruzkina: