Hain erreza...

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-08-01 22:01
2

Hain da erreza hitzekin paper gainean jostatzea... denbora nahikoa dut, ideiak eta sentimenduak antolatu eta idazteko, eta nola gelditu zaidan gustuko ez badut alda dezaket... esan dezaket maite zaitudala, edo gorroto zaitudala, mindu zaitzaket edo soilik lausengatu, idazluma edo ordenagailua bitarte ez baitago kasik zailtasunik.

Bestelakoa da gauzak aurpegian esatea, politak zein itsusiak izan ahotik irtendako hitzak. Jende askok erraztasun handiz erabiltzen ditu ezizen amultsuak edo birritan pentsatu gabe esaten dio norbaiti 'maite zaitut'. Dirudiena baino zailagoa da ordea. Hotzean pentsatuz, txorakeria beharko luke izan, azken finean hitz hutsak baino ez dira, zein ezberdintasun dago 'pasaidazu ogia' eta 'maite zaitut' esatearen artean? Elkarrizketan ez dago, baina esanahiak markatzen du dena. Beste batzuen artean nik beti izan dut ezaugarri nagusi gisa komunikaziorako zailtasuna. Ezagutu bai baina nirekin erlazio oso estua ez daukatenak harrituko lirateke hau entzunda, baina egia borobila dela esango nuke. Kostatu egiten zait errealitateari aurre egitea, edo hori uste dut. Bueno, zehazki ez da hori, baina garrantzizkoa den zerbaitetaz edonorekin hitz egitea lan gogor bihurtzen zait niri. Zerbait txarra esan behar badut koldarra naiz, zerbait ona bada lotsatia, eta hitz egin beharrekoa bada soilik urduria, esan dezagun. Beste pertsona bati txorakeria irudituko litzaiokeenak negarra eragiten dit, soilik norbaitekin konpartitzean. Urduritu egite naiz zeharo, bihotzaren erritmoa azkartzen da, eskuak izerditan hasten zaizkit eta ahoa lehortu erabat, nire ahots kordak soinua sortzen saiatzen direnean dardar egiten dute, eurek eta ahotsak. Eta honekin guztiaren erridikulu sentsazio handi batek hartzen nau.


   
    El pensador, IBAI AL KUBO

Gizakia beti dabil askatsuna bezalako kontzeptuekin gora eta behera, baina gai al gara aske izateko? Ondo dago sistema kritikatzea, kontrolarekin apurtu nahi izatea, iraultzailea eta borrokalaria izatea edota erresistentzian sinistea, ondo dago bai kanpokoari errua botatzea, ez baitzaio falta. Baina agian autokritika bat ere ez letorke gaizki, izan ere, kanpokoek libre utz zaitzaten lehen pausua zuk zeure burua libre utzea da. Nire gogoa lau pareten artean bizi da, kaiola batean, preso eta triste. Batzuetan lehio txiki bat irekitzen dut eguzki izpiak ikus ditzan baina ez diot irteten uzten. Eta sentimenduak adierazi nahiko nukeen arren, hegan egingo nukeen arren, ezin dut barkamenik eskatu, edo ezin ditut laudorioak bota, jasotzea ere kostatzen zait. Gehiago kostatzen zait laztantzea benetan sentitzen badut, zailago zait muxu egiazko bat ematea gezurrezkoa baino, esanahia daukana egiten baitzait ezinezko... besarkadak, muxuak, laztanak, begiradak, keinuak, hitzak, oihuak, xuxurlak...

Gutxinaka lortzen dut lehio txikia handitzen joatea, eta hitzen mundua menperatzen hasia naiz, hala ere, oraindik ezin diet esan senideei zenbat maite ditudan, edo lagunei zenbat behar ditudan... besteei aatsak ateratzea edo berri txarrak ematea... norbaiti aguantatze ez dudala onartzea... baina saiatzen ari naiz, eta espero dut adinaren laguntzaz gauzak hobetzea, orain arte horrela izan da eta. Orain behintzat, ditudan arazoei buruz hitz egitea lortzen dut, kostata, dardarka baina, lortu egiten dut

 

astrozoro

astrozoro 2007-08-04 19:17 #1

kuriosoa&nbsp; gero! lagun bi, oso lagunak, biak laguntza eske, biakelkar lagundu nahiean, eta bat bera ere ez da mugitzeko gai. biak oihuka, eta biak besteen oihuak baretzeko nahia. bada garaia, ezta? portzierto, beltzez idaztea oso zaila da fondoa ere beltza denean, kaguenla...<br />

Sugoi

Sugoi 2007-08-05 13:59 #2

Kuriosoegia! Egoera ez da ohikoena baina aurten pixkanaka aldatuko delako esperantza daukat, onera noski.


Utzi iruzkina: