Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2011/06/07 12:49:17.583000 GMT+2

XEREZADE IKUSI NUENEKOA

Xerezade ikusi nuen atzo zentroko taberna batean. Groupy baten ausardiaz hurbildu nintzaion, miresmenez hunkiturik: “Xerezade”, esan nion, ahotsa dardarka, “betidanik esan gura izan dizut zenbat miresten zaitudan. Ze zuhurra, ze argia izan zinen! Ziria sartu zenion Heriori: ipuinen sare batez sultan pizti hura harrapatu, eta zeure burua eta ahizpa guztiak salbatu zenituen”. Kholez inguratutako begiradaz bildu ninduen. “Eskerrik asko. Baina badakizu? Ez dut uste ipuinak sarea zirenik, edo sultana bertan harrapatu nuenik. Gehiago uste dut ehundutako mila eta bat jantzi izan zirela, eta horiek banan bana jantzita bera ere salbatu zela: gorrototik, asperduratik eta bakardadetik salbatu zen. Mila eta bat bizitza bizi izan zituen”.

            Hennazko labirintoaz apaindutako eskuen artean liburu elektronikoa zeukan, eta ez nion gehiago enbarazu egin gura izan. Musua eman nahiko nion ezpainetan, baina groupy batek jakin behar du bere lekua non dagoen, eta kortesiaz despeditu nintzen.

            Aterako bidean ispilu baten aurrez aurre suertatu nintzen. Odola izoztu zitzaidan. Azal zilarreztatutik  gizon bizardun, tripa handi batek begiratzen zidan. “Zuk ere mila bizitza bizi nahi dituzu”, esan zidan sultanak, “zuk ere esan nahi diozu egunero Herioari: Gaur ezin dut, etor zaitez bihar... “.

Posted by: Xerezade.2011/06/07 12:49:17.583000 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

Post a comment





Please answer this question to add your comment
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru