Urola-Kosta: konposta egiten ikasteko ordua

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-06-27 13:13

Urola Kostako Udal Elkarteak etxean konposta egiteko ikastaroa jarriko du martxan uztailaren 7an eta 8an. 2005ean egin zuten lehenengoz ekimena, eta eskaria ikusita, berriz eskaintzea erabaki dute. Jardueraren helburua norberak etxean sortzen dituen hondakin organikoekin konposta egitea da.

Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako herritarrek har dezakete parte bertan. Baldintza bakarra bete beharko dute haiek, etxean lorategia edota baratza izatea, alegia. Ildo horretatik, interesa dutenek ordu eta erdi inguruko eskola jasoko dute, konposta egiten eta konpostagailua erabiltzen ikas dezaten. Era berean, familia bakoitzari konpostagailua emango diote doan, eta argibideen esku liburua.

Ikastaroak Udal Elkarteak Zarautzen duen egoitzan (Urdaneta bidea, 6) emango dituzte, uztailaren 7an 18:00etan euskaraz, eta hilaren 8an berriz, ordu berean, gaztelaniaz. Izena eman nahi duenak astelehenetik aurrera egin ahal izango du, egoitzara bertaratuta, edota 943-89 08 08 telefonora deituta. Uztailaren 6a izango da izena emateko azken eguna.


Utzi iruzkina: