Zaborraren gatazkaren inguruko iritzi bat

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2013-07-07 18:47

Bai, atez atekora aldatu naiz, edo bihurtu ia-ia kontu honen inguruan eztabaidan dabiltzanak entzunda, erlijio edo sinesmen kontu batez ari garela ematen baitu azkenaldian. Ogia ematen didan eskualdeko super reportero lana dela eta, oso gertutik bizi izan dut Goierrin jasaten ari garen iskanbila eta kontu honen inguruan nire buruan garatu den prozesua azaltzea gustatuko litzaidake gaur blog honetan. Insteresik baduzue, ongi etorri.

Memoria dudanetik birziklatu dugu nire etxean. Beti egon izan da paper eta kartoientzako kaxa bat sukaldeko leiho ondoan, ontzi eta tetra brikentzako beste bat sukaldeko konketa azpian eta zakar arrunterako beste bat azken honen ondoan. Amari esker gehienbat, oso presente izan dugu txikitatik etxean birziklatzearen ardura eta ingurumenarekiko honek duen garrantzia. Orain urte batzuk, bosgarren edukiontziaren bidez organikoa ere birziklatzeko aukera eskaini zutenean, lehendabizikoetakoak izan ginen ontziz betetako konketa azpi horretan zakar pote marroiari lekutxo bat egiten.

Gerora, hainbeste une eder ahalbideratu dizkigun elkarteko bazkide izatea lortu nuenean, hasiera hasieratik aldarrikatu nuen elkartean birziklatzen hasi beharrean ginela (lortu genuen azkenean). Urte batzuk geroago, nire gurasoen etxetik irten eta nire etxean bizitzen hasi nintzenean, etxean sukaldatu behar nuen lehen egunean bertan joan nintzen udaletxera nire zakar pote marroi eta bosgarren edukiontziko giltzaren bila.

Bere horretan zen nire birziklatzaile bizitza erraustegiaren inguruko eztabaida piztu eta atez atekoaren haizeak sumatzen hasi ginenean. Hasiera batean, onartu behar dut, kontrako jarrera hartu nuen naiz eta ez nuen ageriko oposiziorik egiten. Gerora konturatu naiz, isiltasun horren arrazoia argudio gabezia zela gehienbat. Hala ere, baziren gustuko ez nituen hainbat gauza atez atekoan; zaborra noiz bota behar nuen beste norbaitek esatea, kalea zabor poltsa zintzilikatuz beteta iksutea, etxean zabor usaina etengabe jasatea, alderdi politiko jakin batekin zuzenki lotua egotea, bilketaren inguruan sortu zitezkeen zalantzazko kontzesioak, etxe aurrea postez beteta ikustea eta gehienbat, birziklatzaile on bat izanik, nire zaborraren inguruan norbait zelatan izatea.

Onartu beharrean naiz, aurreiritzi hauek, hortik zehar taberna zulo edo egunkarietatik jasoak zirena ez bainuen sistema honekin bizi zen inor gertu. Denborarekin eta facebook edo twitterren kontrako iruzkin pare bat egin ondoren, ezagun nituen eta edozein alderdikeriaz libre dauden Usurbil edo Oiartzuneko lagun pare bat sistemarekin oso gustura zebiltzala jakin nuen. Horrek zer pentsatu eman zidan eta zintzoa izanez, atez atekoaren inguruan ezer gutxi nekiela onartu nuen.

Gutxi gora behera garai berberean, Bilduk hauteskundeak irabazi zituen Goierriko herri gehienetan eta Sasietako Mankomunitateko boterea eskuratu zuen. Bolbora baino azkarrago zabaldu ziren atez atekoa zetorrenaren zurrumurruak eta garen kazetari zintzo eta arduratsu moduan, gai honen inguruan sortzen zen informazio ezberdinak bildu eta zabaltzen hasi ginen. Mankomunitateak atez atekoaren apustu ofiziala egin zuen eta Bilduk gehiengo osoa zuen herrietan atez atekoa ezartzen hasi ziren. Oraindik ez ninduten konbentzitu eta nire barrenerako errepikatzen nuen behin eta berriz bosgarren edukiontziarekin ederki geundela “Zergatik izorratu behar dut nik besteek erabiltzen ez dutelako?”.

Eztabaida areagotzen joan zen eta Goierriko hainbat herrietan atez atekoaren aurkako edo bosgarren edukiontziaren aldeko taldeak sortzen hasi ziren. Eskualde osoa hartu zuen olatuak eta batzuk aurka egiten zuten bitartean, Sasieta eta sistema berria indarrean jarri behar zuten udalak zabalkunde lana egiten hasi ziren. Bi aldeetako makina bat prentsaurrekoetan izateko aukera izan dut (gehiegi egia esatea nahi baduzue…) eta alde bateko eta besteko argudioak jasotzen hasi nintzen.

Denbora luzea igaro da egun haietatik gaur egun arte eta esan dezaket, ideia orokor bat egina dudala bi sistemen eta hauen defentsan dabilen jendeaz. Zero Zabor, MunduMob, Bosgarren edukiontziaren ez dakit nongo herri ekimena, Ez dakit zein garbia edo itun bat sinatzen duen ez dakit nondar pertsona libreen taldea. Guztiak, lehendabizikotik azkeneraino, alderdi politiko batek bultzatuta ari dira lanean eta gerrako arerio moduan tratatzen dute parean dutena. Bereari tiraka ari dira bestearen argudio, proposamen eta ideiei kasu izpirik ere egin gabe.

Atez atekoaren alde egiten ari diren agintari eta langileak datu eta argudioekin ari dira eta nahiz eta kontu honek guztiak kokoteraino gaituen, merezi du hauek hartu eta bakardadean buelta batzuk ematea. Kontra dabiltzanak ordea, sentitzen dut, baina atez atekoaren errealitatearen inguruan erabat desinformatuak ikusten ditut. Intentzio onez asko baina erabat desinformatuak. Hizketan entzuten ditudanean orain urte pare bat nik buruan nituen argudioak botatzen ikusten ditut eta orduan nire iritziak bezain zutabe ahulak agerian uzten dituztelakoan naiz.

1) Zaborra noiz bota behar dudan beste norbaitek esatea: Egoskortasuna alde batera uztita, ez du halako arazorik sortzen honek.

2) Kalea zabor poltsa zintzilikatuz betetzea: Goierriko herrietan banatzen ari diren kubo sistemarekin ez da halako arazorik izango.

3) Etxean zabor usaina etengabe jasatea: Kontuan izanda organikoa astean behin usten dudala eta atez atekoarekin astean hiru egunetan jasotzen dutela, ez dut uste orain baino zabor usain gehiago izango dudanik

4) Alderdi politiko jakin batekin zuzenki lotua egotea: Honek ez dit oraindik grazia handirik egiten baina kontrako jarrerako ekimenak ere alderdi baten edo eghiagorekin zuzenki lotuak daude. Hori gutxi balitz, Monty Pythonen esketx baten tankerako hamaika egoera ikusi behar izan ditugu. Bizi guztia herriari hitza eman behar zaiola esaten pasa dutenak herri kontsultei balioa kentzen eta bizi puta guztian herriari ezer galdetu ez diotenak herri kontsultak antolatzen. Esketx hauek ordea, esan beharrik ez dago, ez dute grazia putarik ere…

5) Bilketaren inguruan sortu daitezken zalantzazko kontzesioak: Jakina da alderdi politiko guztiek enpresa lagunak dituztela eta onartzen ez duenak, miopia arazo bat du. Hala ere, eta Goierriren kasuna behintzat, zabor bilketa Sasietako mankomunitatearen esku geratu da eta horrek lasaitu egiten nau.

6) Etxe aurrea postez beteta ikustea: Honekin ere arazoak izaten jarraitzen dut baina hainbat herrietan ikusi dut aparteko guneetan edo etxe atzekaldeetako pareta hutsetan ere zintzilikarioak jartzen ari direla.

7) Birziklatzaile on bat izanik, nire zaborraren inguruan norbait zelatan izatea: Hau ere, egoskortasunarekin harremanetan egon liteke baina zer nahi duzue esatea? Ez dit grazia gehiegirik egiten. Hala ere, birziklatzea derrigortu behar dela onartzeko prest banaiz, sakrifizio batzuk egiteko prest ere egon behar dudala uonartu dut.

Beraz, “Zergatik izorratu behar dut nik besteek bosgarren edukiontzia erabiltzen ez dutelako?” ba birziklatzea derrigortzen ez badugu, besteek ez dutelako sekula birziklatuko eta ingurumena zaintzeko gure lanak ez duelako ezertarako balioko. %80a birziklatzen omen da atez atekoarekin (harritzen nau portzentaje horretara iristea baina oraingo %35a baino dexente gehiago izango da ziur…) eta Beasaingo Udalak orain gutxi eskainitako datuei esker, jakin dugu Beasainen bertan 2.000 familia inguruk besterik ez dutela bosgarren edukiontzirako izena eman eta horietatik 10etik 3k, ez duela sekula erabili.

Gauza bakarra dago hemen garbi eta hori, zaborrarekin arazo bat dugula da. Zabortegiak goraino ditugu eta zaborra kudeatzeko modu berri bat erabaki beharrean gaude, ahal bezain beste birziklatzetik pasatzen bada, hobe. Atez atekoaren aldeko hautua egiten dut baina ez zait gustatzen alderdi bakoitzak sistema bakar bat modu zurrun batean bandera moduan ibiltzea. Bakoitzak bere aldera egiten du tira eta ez dira beraien artean entzuten. Kontra daudenak, hain kontra daude, atez atekoa zertan datzan ere ez dutela jakin nahi eta alde daudenek, sakoneko beste eztabaida batzuk saihesten dituzte. Ados, gehiago birziklatuko dugu baina %20 edo 30eko errefuxa bat izaten jarraituko dugu. Zer egingo dugu horrekin? Atez atekoa edo erraustegia galdera plazaratzen dute baina ez zait iruditzen hori horrela denik. Erraustegia ez zait gustatzen baina ez naiz kimiko edo sendagilea eta agian, atez atekoarekin nengoena bezain erratua nago errausgailuarekin. Edo ez, agian pentsatzen dudana bezain kaltegarria da osasun eta ingurumenarentzat. Ez dakit, ezin dut guztia jakin eta inork ere ezin du. Horretarako ditugu politikariak, elkarrekin eseri eta herritarren arazoei irtenbideak bilatzeko... Edo horretarako behar genituzke...

Hemendik bi urtera, EAJk irabazi ezkero, modu unilateralean hartutako erabaki hau atzera bota dezake eta euskaldunak zaborrarekin, españolak hezkuntzarekin direna izaten amaitu dezakegu. “Herri bat, botere aldaketa baten ostean mantentzen dena da”. Ez dakit nori irakurri nion esaldi hau baina arrazoi galanta zuen kabroiak eta nik behintzat, Euskal Herria ezer baino gehiago izaten jarraitzea nahi dut.


Utzi iruzkina: