The Show Must Go On (II)

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2007-02-07 09:03

Fardela hartu eta etzaulkira itzuli zen. Esertzean, bere lagun suediarraren hezurdurak Anttoni zaharraren belaun ortopedikoarena ematen zuen agonia ohiu bat bota zuen. Edozein egunetan ipurdiarekin lurrean zulo bat egiten bukatu behar zuen.

Fardela iztarren artean jarri, paper marroia estutzen zuen sokatzarra askatu eta ireki egin zuen. Kartoizko zapata kaxa bat zen baina ez zapata kaxa arrunt bat. Altxor pirata bat ematen zuen. Egurra  izango balitz bezala margotua zegoen ia bere osotasunean baina iskinak urre kolorez margotuak zeuden taparen erdian erantsia zuen kartoizko sarrail bat bezalaxe. Garbi zegoen haur batek egina zela baina oso hondatua zegoen, kaxa hura egin zuena ez zen haurra izango dagoeneko, hori zihur. Norena izango ote zen?

Berea behintzat ez, zihur. Hori jakinda, zilegi ote zen kaxa irekitzea? Ez zen berea baina agian norbaitek oparitu nahiko zion. Jakin mina menperatu nahiean zebilen baina, egia esan, beretzat izango ez balitz jabeari itzuli beharko lioke eta jabea nor zen jakin ahal izateko kaxa barruan begiratu beharko luke izen edo helbide baten bila. Irekiko ez balu norbaitek altxorraren kutxa hartan zegoena galduko luke. Munduarentzat hoberena kutxa hori irekitzea zen zalantzarik gabe. Zein erraza zen Loinazentzat bere burua limurtzea, artista bat zen hortan.

Altxorraren kutxa ireki zuen eta inork sekula imaginatuko lukeen altxorrik baliotsuena topatu zuen bertan. Bizi bat zegoen kaxa harren barruan. Argazkiak, postalak, diska pare bat, gutun sorta bat, paper mordo bat... Norbaitek, urteetan zehar, gertatu zitzaizkion gauza garrantzitsuenen zatiak lotuz bere bizitzaren eskala txikiko maketa bat eraiki zuen zapata kaxa hartan. Maketa hura puzle bat zen gainera aldi berean, pieza guzti haiek lotuz pertsona ezezagun hura eta bere bizitza ezagutzeko aukera izango luke eta hau, Loinazentzat, tentagarriegia zen.

Eskua kutxan sartu eta argazki zahartu bat atera zuen. Ertzak gasta gasta eginak zituen eta argiak bera txikia zeneko garaiak ekartzen zizkion burura. Argazkiaren erdian, zelai hori batean, berrogeitamar eta hirorogei urte bitarteko emakume bat zegoen albo banatan haur bat zuela. Emakumeak bi haurrak sorbaldatik helduak zituen, goxo, apurtzea nahiko ez balu bezala eta irripar handi bat ahoan zuela objetiboari begiratzen zion. Gertuen zuen haurra bere amonaren, edo hori pentsatu zuen Loinazek behintzat, eskubitara zegoen. Zortzi bat urteko mutil begi argi bat zen eta hau ere irriparrez zegoen, hala ere honen irriparrea oso ezberdina zen. Poztasun eta maltzurkeria nahasketa bat zen, balentriaren bat egin berria zen mutiko hura. Bere ezkerretara, bost bat urteko neskatxa bat zegoen panpin batena ematen zuen soineko motz txuri bat soinean zuena. Hau ordea, negarrez hasteko zorian zegoen eta eskubiko eskua ile artean zuen. Loinazek gertuago begiratu zuen eta ile artetik txikle bat kendu nahian zebilela konturatu zen. Kar kar egin zion alde  barre algara batek. Haze balentria!

Dagoeneko Loinazek bazekien kaxa hori errakuntza baten ondorioz iritsi zela bere eskuetara baina jabeari itzultzeko asmoa izanik begiratzen jarraitu beharra zuen kutxa hori norena zen jakin ahal izateko. Norena izango ote zen? Pentsatu zuen Loinazek. Bi haur haietako batena izan behar zuen nahitaez. Garbi zegoen kutxa hura haur batek egina zela eta amona harrek egin balu askoz ere hondatuagoa egongo litzateke.

Kutxa barruan begiratzen jarraitu zuen eta karnet argazki batekin egin zuen topo. Hogeitalau bat urteko neska bat zen, ile marroia eta begi argiak zituen eta ahoan zuen irribarreak aurpegi osoa argitzen zion. Begien keinuak gainera Loinazek sekula izango ez zuen indarra ematen zion. Bera izango zen agian argazkiko neska txikletua.


Utzi iruzkina: