Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2007/10/02 13:45:16.729000 GMT+2

Euskaltube? Zergatik gara horrelakoak?

Aurrekoan kontatu nizuen nola nire resakak eragindako denborapasa batean youtuberekin esperimentatzen aritu nintzen. Igandea hitza sartu ezkero, hiru bideo agertzen dira. Domingo hitza sartu ezkero ordea, 40.000 eta Sunday sartu ezkero aldiz, 114.000. Garbi dago euskera, gaztelania eta ingelesa baina hizkuntza txikiagoa dela, baita interneten ere, baina aldea gehiegizkoa da.

Kontua da, dagoeneko aldea handiegia dena besteen gainetik nagusitu den bideo atari honetan eta zer egiten dugu guk horren aurrean? Gure kultura eta hizkuntzaren zaindariak garen euskaldunok? Betikoa, artaldetik atera eta gure bertsio askoz peto eta euskaldunagoa egin, euskalduna ez bada ez baitu ezertarako balio noski. Txuleta eta sagardoarekin gertatzen den bezala, gurea munduko hoberena da eta besteek ez dakite jaten.

                                                        

Zergatik gara horrelakoak? Noiz ulertuko dugu askoz baliagarriagoa dela euskararentzat zirkuito normaletan txoko bat lortzea, gure zirkuito propio eta isolatuak sortzea baino? Euskaltube sortzen dugu baina euskaltubeko bilatzailean igandea sartu ezkero ez dugu bideorik aurkitzen. Goiz da, ados, nahi duzuen bezala baina horrela lortzen dugun bakarra betikoa da; gure indarrak banatu eta bidean euskerarenak galtzea.

Bada zerbait gure erro komunitarioan artaldetik ateratzera eramaten gaituena. Badugu txip bat buruan munduko hoberenak garela pentsarazi eta gure bola putara joatea eramaten gaituena eta jarrrera honek bere gauza onak izan dituen arren gaur egun, ondorio txarrak besterik ez dakartza euskerarentzat.

Egin dezagun behingoz jende guztiak egiten duena, ez dezagun pentsa hain bereziak garena. Gaur egun arte, kobazuloetan sartu beharra izan dugu gure hizkuntza babesteko baina XXI. mendean gaude eta ulertu beharrean gaude gure hizkuntzak behar duena besteen pare egotea dela, eremu berdinean, orduan bakarrik esistituko baita eta ez berriz ere kobazuloan sartzen badugu. Ezagutarazi dezagun euskara, irakurri dadila nahiz eta hartzailea Tallinen edo Manilan izan eta ez duen ezer ulertuko guk, beraiek idatzitakoa irakurtzen dugun bezala. Orduan eta orduan bakarrik izango da euskara  munduko hizkuntza bat gehiago eta orduan utziko dio etxeko su epeleko hizkuntza hutsa izateari, Euskaltube horixe baita, euskerari munduko ateak isten dizkion beste aitzakia bat.

Nik behintzat garbi daukat, konplejuak ahaztu eta nire bideoak youtuben jartzen jarraituko dut. Hori bai, euskeraz.

Posted by: indezent.2007/10/02 13:45:16.729000 GMT+2
Tags: iritziak ruper_ordorika euskaltube youtube euskera | Permalink | Comments (13) | References (0)

Comments

Zergatik dauzkagu hainbeste konplexu?

Hori da nire ustez galdera.

Gu ez gara munduarekiko ezberdinak. Eta The Indezentseko post honek kutsu hori du. Ezberdinak garela uste duzu, eta ez da horrela, munduko beste pertsona guztiak bezalakoak gara. Beste komunitate guztiak bezalakoak, dela naziotasun nortasun sentimendu baten inguruan biltzen den komunitatea, dela hizkuntza baten inguruan biltzen dena, Minnesotako komunitate erlijioso baptistarena, musika talde jakin baten zaleena, edo Texasko zaharretxeko amona pokerlariena. Sentimendu komunitarioak batzen gaitu. Gure kasuan, jakina, hizkuntza eta kultura baten inguruko sentipena da.

AEBetako edozein tokitan edonolako komunitate batek partekatzeko bideo plataforma bat osatuko balu (husky txakur zaleena edo angorako katuen jabeena) ez zinateke harrituko. Ez zenuke irakurketa hau egingo. Eta finean gauza berbera da, komunitate batek bere plataforma sortzeko aukera propioa badu, seguraski sortu egingo du. Beste gauza bat da gero arrakasta duen ala ez.

Are gehiago,ez gara ezberdinak. Gazteleraz sortutako youtuberen klon asko dago, gai zehatzen inguruko bideoak dituzten beste hainbeste klon, ez dakit, suposatzen dut kirolaren youtube egongo dela, pornotube, eta zer dakit nik, agian egunen batean bertsotube. Ze kalte egiten du orduan Euskaltubek? Denborak eman edo kendu egingo dizu arrazoia.

Bestela ze zentzu dute Blogari.net, Nireblog.com edo Blogak.com komunitateek? Euskaraz egoteaz gain (aukerak eta menuak) komunitate baten erakusle dira. Zure hiruko erregelaren arabera, denok izan beharko genuke geure bloga Bloggeren edo Wordpressen. Are gehiago, denok izango bagina Wordpress edo B2evolution bezalako tresnak erabiliz geure blog propia geure zerbitzarian sortzeko gai (eta baliabideak izango bagenitu), askoz hobe. Baina agerikoa da hiru plataforma horiek euskal blogarien bisibilitatea handitu dutela. Eta, horrekin batera, euskal kulturarena eta euskararena. Ze uste duzu, inoiz ez dituztela aipatu ingelesez komunitate horiek? Jakina, basque localizations dira.

Batzuek Bloglinesen irakurriko dituzte jarioak, besteek aurki.com gunean, besteek gaur8.info gunean eta beste batzuek Alestin. Zer du txarra aniztasun horrek?

Ados ez egon arren, egun bizi dugun eztabaida azaltzen asmatu duzula aitortuko dizut. Nik, esan nezakeen, zertarako etb1 (agian ez da adibide onena) BBCn noizbehinka guri buruz hitz egitea utz badiezaiekegu. Baina hanka sartzen egongo nintzateke. Hain zuzen ere, 2.0 plataformen badutelako ETBk ez duen ezaugarri bat. Nolabait, pixkat utopikoa izanda, denok eragin dezakegu tresna horietan. Baina zer egiten dute beraiek gugatik?

Nik, eztabaida hori sustatzeko, eta nire ideiak zuzenak ote diren ala ez frogatzeko, nahiago dut eztabaidatzen jarraitu baina eztabaida errazten duen Euskaltube.com  plataforma sortzeari uko egin gabe. Herri honetan, ezer egin gabe gehiegi eztabaidatzeko ohitura dugu.

Aniztasun horrek komunitatea indartu egiten du. Komunitate anitza da. Batzuek nahiago izango dute bideoak Youtuben igotzen jarraitu, eta soilik Youtuben. Beste batzuek Euskaltuben, eta soilik Euskaltuben. Eta beste batzuek, batean nahiz bestean. Konplrexuen ondorioz buruari hainbeste eragin gabe.

Eta gehiago esango dut, nahiz eta aldarrikapen hau egiteagatik kritikak jaso ditzakedala badakidan.

Lokala eta globalaren arteko dilema da hori. Baina ahaztu egiten zaizu Euskaltube ere izan daitekeela, globalitatean, euskal lokalitatearen erakusle. Eta Youtuben igotako bideo solte bat baino gehiago (badakit Youtuben ez dagoela soilik bideo solte bat euskaraz, eta hasieratik esan dut bateragarriak direla Youtube eta Euskaltube).

Bestalde, zer egin du Youtubek euskal komunitatea erakartzeko? Akaso, hain erraza izanda, lau sosa gastatu al ditu euskaratzen?

Komunitatea da garrantzia duena, eta uste dut Euskaltubek komunitate hori indartzen duela. Halaber, ez dut uste Youtubera bideoak igotzeak komunitate hori deuseztu edo kaltetzen duenik, ezta gutxiago ere.

Beraz, segi ezazu Youtubera bideoak igotzen. Nik ere, seguraski, igoko ditut. Agian, noizbait bertan topatuko dugu elkar. Baina gaur topatu bazaitut, Blogak.com gunean zaudelako da eta zure RSS jarioa GAUR8n dagoelako. Bloggerren egongo bazina, agian topatuko zintuzket. Baina zailagoa izango litzatekelakoan nago. Dena dela, zure ideologia digitalari jarraiki The Indezents bloga Blogger.com gunera esportatzea gomendatzen dizut. Edo gutxienez bietan egoteko ahalegina egitea, akaso ingelesezko bertsioarekin. Nik ez diot horregatik irakurtzeari uko egingo, eta nire RSS irakurgailuan jarioa aldatu eta berria jarri behar badut, egingo dut. Eta ez zaitut horregatik kritikatuko. Zorionez, Youtubek nahiz Euskaltubek, Blogak.com edo Blogger.com guneek aukera horiek eskaintzen dituzte.

Ziandu, eta laster arte.


Posted by: haritz.2007/10/02 15:28:33.657000 GMT+2
http://www.gaur8.info/bitakorak/galaxia/

Gustora geratu zara. Ez da makala erantzuna posta baino luzeagoa idazten duena! Agian zerikusia izango du, irakurri dudanagatik behintzat, euskaltuberen sortzailea zu zeu izateak.

Nire kritika interneteko mundura mugatu duzu (ez dut kontuan hartuko EITB eta BCCren kontu hori) eta postaren intentzioa haratago zijoan.

Arrazoia duzu norbere plataformak sortzean abantaila batzuk lortzen direla esaterakoan (blog plataforma hau adibide) baina ni kritikatzen ari nintzena euskal komunitatearen jarrera bat da; interneten eta internetetik kanpo (ez da mundua horretara mugatzen eta eskerrak). Ulertzen dut pertsonalki ikutu zaituela post honek baina ulertu nahi baduzu ongi, eta bestela ere bai. Horixe da interneten xarma.

Horixe du internetek, askea dela. Nik nahi dudan plataforma aukeratuko dut eta zuk, nahi duzuna sortu. Eskertzen badizut ere plataformaz aldatzeko zure gomendioa ez dut hartuko, orain arte bezala jarraitzeko intentzio baitut nire konplexu eta kontraesanekin.

Eta azken gauza bat, konplexuak gainditzeko lehen hurratsa, konplexua bera onartzea da beste hainbat arazorekin bezalaxe eta euskaldunok (euskal hiztunok) badugu bat isolatzera eramaten gaituena, interneten, herriko plazan, sagardotegian eta putaetxean.

Ondo segi eta hurrenarte!

Posted by: indezent.2007/10/02 15:53:48.585000 GMT+2

Ikutu?
Jakina, hori agerikoa da. Gertu harrapatzen nau zure iritziak. Baina nire asmoa ez da iraintzea izan, mindu ere ez nau mindu zure postak eta.

Nolabait, mezu luze hau idatzi badizut, kritika hori jasotzeko oso prest nengoelako da. Eta, esango duzu, horrek agerian uzten du nik ere buelta batzuk eman dizkiodala afera honi. Alegia, ez zara martzianoa hori pentsatzen duzulako.

Abiarazi duzun eztabaida beharrezkoa dela uste dut. Eta, horregatik, nire argumentu gehienak mahaigaineratzea erabaki dut.

Ez hartu gaixki, plataformaz aldatzearena txantxa zen, nire ustez bistakoak dire kontradikzioa azaltzeko erabili dut.

Konplexuarena ez dakit ulertu didazun. Akonplejatu egiten gara gauzak sortzerakoan, beti gauza horien zuzentasuna eztabaidatzen dugu. Nik uste dut, hori gailenduz, gauzak era normalagoan sortzen direnean egongo dela euskara normalizazio bidean. Batzuk kaka hutsa izango dira (gehienak, beste edozein toki eta hizkuntzatan bezala) eta horietatik gutxi batzuk, edo gehiago, harri bitxiak... Baina kaka kritika dezagun kaka delako, ez euskaraz dagoelako soilik.

Dena dela ere, gustorago geratuko nintzateke nire zalantza eta galderei erantzungo bazenie. Hasieran erakutsi duzun tono tajante horri erreparatuta, pentsatzekoa da egin dizkizudan galderei erantzuteko argumentuak egondo direla atzean, izango dituzula...

Ondo segi eta ZAINDU! (ziandu idatzi dut lehen)

Posted by: haritz.2007/10/02 16:26:9.071000 GMT+2
http://www.gaur8.info/bitakorak/galaxia/

Idatzi duzun testutzar horretan galderak bilatzea nahiko zaila egiten zait egia esan ;) baina bai, gauza askotan arrazoia duzulakoan nago baina esan dizudan moduan, beste alde batetik begiratuta kontraesan ugarirekin aurkitzen naiz. Egia da youtubek eta beste milaka zerbitzuk ez dutela ezer egiten euakal hiztunak erakartzeko eta egia da baita ere, gustoko dudala egunero erabiltzen dudan blogean menuak eta aukerak euskaraz izatea. Eta esan beharrik ez dago norberaren alde, norberak baino hobetoago, ez duela inork egiten, ados.

Hala ere, nire kritikaren muina ez zen euskaltube, ezta internet ere. Gizarteko arlo ezberdinetan ikusi dudan jarrera bati bueltak ematen ari nintzen eta hau salatzeko, euskaltube hartu dut aitzakiatzat (modu krudelegian agian).

Zuk esan bezala kontraesanak agerikoak dira baina badute bere arrazoia. Esan bezala, gustatzen zait erabiltzen dudan plataformak aukerak euskeraz izatea baina botatzen dudan galdera hurrengoa da: Zer da onuragarriagoa gure hizkuntzarentzat? Artaldetik irten eta gure plataforma propioak sortzea? Edo plataforma hegemoniko horietan gure txokoa borrokatzea? Nire ustez lehenengo aukera petatxo bat besterik ez da baina aldi berean, garbi dago petatxo bat ezer ez egitea baina gehiago dela.

Euskera ez da hizkuntza bat gehiago izango plataforma hegemoniko horietan leku bat izan arte. Orduan izango dugu normalizazioa eta behin, helburu hori lortuta, aukeratu dezala norberak plataforma hegemonikoa edo lokala erabili nahi duen. Horregatik pentsatzen dut eztabaidaren funtsean estrategia kontu bat dagoela nahiz denon helburua berdina izan.

Espero dut oraingo honetan zure galderak erantzungo nituena. Ondo segi, zaindu eta hurrenarte!

Posted by: indezent.2007/10/02 20:20:8.435000 GMT+2

Batekin zein bestearekin gauza batzutan ados nago, baina nik uste ondorioa errazagoa dela. Euskaltube bezalako plataforma berri baten sorrerak euskaldunok poztu egin beharko gintuela pentsatzen dudalako. Azken batean, ez al gaitu oraindik ere gehiago aberasten? Ez al dio gure herriari bere hizkuntzan tresna berri batekin baliatzeko aukera ematen?

Posted by: Larrugorrian.2007/10/02 21:02:47.750000 GMT+2
http://www.blogak.com/larrugorrian

Garbi dago petatxoek geldi egotea baino gehiago balio dutela baina beldur naiz ez ote duten helburua despistatuarazaiko.

Beti izan dugu etxean ezkutatzeko jarrera, gehienetan derrigortuta, eta ohituraz betikoan eroriko garenaren errezeloa dut.

Posted by: indezent.2007/10/02 21:20:28.512000 GMT+2

Gehiegizkoa iruditzen zait Euskaltube bezalako ekimenei petatxo deitzea.

Nik, petatxoa baino, erdibideko urratsa esango nioke.

Ez dakit zein irratitan egin didaten elkarrizketetako batean galdetu zidaten ea Euskaltube kolokan jarriko lukeen Googlek Youtube euskaratuko balu.

Nire erantzuna argia izan zen. Youtube euskaraz ikusten dudanean txanpaina botila bat irekiko dut. Tira, hobeto Kataluniako kaba lokala. Zuk txanpaina frantsesa edan ;)

Zergatik? Bada, aurrerapauso handia izango delako Googlek noizbait euskara serio hartzea. Euskararen normalizaziorako albiste bikaina litzateke.

Baina hori euskarazko benetako komunitatea badago bakarrik gertatuko da. Googlerentzat errentagarria bada, alegia. Eta orduan sinistuko dut euskaratze bide horretan Euskaltube.com egoteak eragina izan duela, Googleri interesatzen zaion eta existitzen den merkatu hori erakusten lagundu duelako. Beste batzuek petatxo bat izan dela sinistuko badute ere.

Hori guztia, beti ere, Interneteko komunitate euskaldunaren erantzunaren mende egongo da.

Posted by: haritz.2007/10/03 09:59:28.659000 GMT+2
http://www.gaur8.info/bitakorak/galaxia/

Lasai egon, youtube euskaratzen duten egunean biok irekiko baitugu kaba botila bat... edo txakolina, ez zait axola ;)

Petatxo hitzak agian ez du hobetoegi sonatzen baina ulertzen da zer esan nahi dudan. Esan dut gainera petatxoak ezer ez egitea baino hobe direla eta helburu berdina lortzeko estrategia desberdin bat besterik ez direla.

Egunen batean youtube euskaratu eta horretan euskaltubek eragina izan badu, euskaltube erabiltzen hasiko naiz helburua beteta izango abita. Hitza ematen dut.

Posted by: indezent.2007/10/03 10:19:40.664000 GMT+2

Pare bat iruzkin :

- Hain urruti joan gabe, ardo aparduna, bertakoa, ekologikoa eta ona,  nik Baldorban ezagutzen dut: Basondoa , oso ona portzierto :-)  Agian  Errioxan ere izango da txanpana, baina Basondoa upeltegia bisita daiteke, ikasi, dastatu eta azalpenak euskaraz emango dizkizute. Info gehiago: www.valdorba.org/basondoa

- Blogak.com ez da basque localization hutsa, hau da beste toki batean sortutakoaren itzulpen hutsa. Blogak.com hemen CodeSyntaxek sortutako Bitakora aplikazioarekin egindakoa da. Alderantziz, ez larregi, baina beste hizkuntza batzuetara lokalizatu dute bitakora euskal aplikazioa.

Eta gaiari dagokionez, Sustatun aipatu dudan bezala, Euskaltube bezalako tresnak ondo ikusten ditut nik, bai ekimen bezala, bai teknikariak trebatzeko, bai aplikazioa sormenean eskarmentua hartzeko, erabiltzaileari zerbitzuak ematerakoan ... Animo !



Posted by: Eneko.2007/10/04 01:05:11.966000 GMT+2
http://www.eibar.org/blogak/prospektiba/eu

Arrazoi duzu, Eneko, Blogak lokalizazio hutsa ez dela esaten duzunean. Garapen lana du.

Tira, Euskaltuberekin aurre egiten ari garen arazoei erreparatuta ere, esango nuke garapen pixka bat badagoela! ;)

Baina egia da ezberdintasuna dagoela lokalizazio soil eta garapen baten artean. Tagzania bera ere, seguru nago, aipatuko zuten makina bat aldiz ingelesez!

Bestalde, ez nuen ezagutzen Baldorbako hori. Upategira wikitxangoa edo antolatu beharko dugu salda hori probatzeko!

Eskerrik asko animoengatik mementu larir hauetan... ;)

Posted by: haritz.2007/10/04 08:56:8.073000 GMT+2
http://www.gaur8.info/bitakorak/galaxia/

...elkarrizketa honetan galtzen hasia naiz...

Hala ere txanpanarena ulrtu dut. Hori bai dela blog honetako izpiritua! ;)

Posted by: indezent.2007/10/04 16:30:9.774000 GMT+2

Euskaldunoi ijitoei bezala gertatuko zaigu. Beti gure giro itxi hontan, gardenak bihurtzen, ikustezinak. Ikustezinak eta desagerturik. Hori bai, gure fikziozko mundu koerente horretan onenak eta "garbienak" izango gera. Tamalez.

Posted by: Mifune.2008/04/30 12:33:47.211000 GMT+2

Mezua berriz ere irakurri beharra izan dut baina ados, erabat ados. Atera dezagun euskara sagardotegitik!

Posted by: indezent.2008/04/30 20:33:36.332000 GMT+2

Post a comment





Please answer this question to add your comment
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru