Eguna iritsi da #spanishrevolution

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-05-19 22:57

Sistemaren zitalkeria, klase-politikoaren profesionalizazio, hurruntze eta lotsagabekeria, bankuen diktadura, medioen zirkoa, demokrazia honen postdemokratizazioa, frustrazioa, inpotentzia... Denbora daramat guzti honetaz hitz egiten blog honetan, iritzi testuak “Noiz arte?” aspertu batekin amaitzen. Denbora daramat “zer egin dezakegu bakarrik?” horren atzean ezkutatzen, euskal gatazkaren prioritatea aitzakia moduan erabiltzen ezer gehiago ez egiteko...

Denbora daramat kokoteraino. Iraultza sozial, politiko, ekonomiko eta gehienbat, iraultza etiko eta moral bat eskatzen. Denbora daramat gauza horiez idazten, pentsatzen, eta ezer gutxi egiten...

Halako batean ordea, zerua ireki da. Gizakian fedea izaten hasi naiz berriz ere eta hamabost urteko nerabe bat bezala sentitzen naiz. Garaia orain dela somatzen, bidea hau dela sinesten. Ez gaude bakarrik eta uste genuena baino askoz gehiago gara.

Egun ederrak bizitzen ari gara. Ez dakit ezertarako balioko duen. Ez dakit nora iritsiko den. Baina gauza bat garbi daukat. Hemendik aurrera ezer ez da berdin izango. Urte batzuk barru, egun garrantzitsu hauek bizi izan genituela gogoratuko dugu. Jendeak, bizirik zegoela erakutsi zuen egun hauek bizi izan genituela gogoratuko dugu eta izpiritu horri helduko diogu aurretik, beste iraultzarik bizi izan ez dugun belaunaldiak, gure eskubideengatik borroka egiteko.

Utzi ditzagun gure ezberdinatsunak alde batera, utzi ditzagun gure helburu zehatzak etxean. Batu gaitetzen oinarri komun baten inguruan eta irauli dezagun sistema madarikatu hau.

Gaur, urduri nago, haizetuta, harrotuta, ausart. Gaur, gaztea naiz, iraultzailea eta indarrez betea. Gaur, ez nago bakarrik, milaka gara. Gaur, zoriontsu naiz eta ni ere, zuekin nago gaur Konponbidearen Plazan.

Noiz arte?... Gaur arte! Bukatu zaizue...


Utzi iruzkina: