Amaitu da Munduko Rugby Txapelketa. Hegoafrika txapeldun

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2007-10-24 10:35

Rugby Mundu Txapelketa amaitu da eta Puma argentinarrek ezin izan dute txapela etxera eraman, lastima. Hegoafrika izan zuten aurrean hegoamerikarrek finalerdietan eta ezin izan zioten, azkenean txapeldun amaituko zuen taldeari, irabazi. Norgehiagoka 13-37 amaitu zen eta Pumek hirugarren eta laugarren postua erabakiko zuen partida jokatzearekin konformatu behar izan zuten.

Beste finalerdia etxeko taldeak, Frantziak, eta azkeneko txapeldunak, Ingalaterrak, jokatu zuten. Lehen fasean ez ziren ez bata eta ezta bestea ere espero zen mailan egon baina azkenean, finalerako txartela bien artean jokatu zuten. Partida 9-14 amaitu zen eta ingelesek lortu zuten Munduko Txapelketako finalean sartzea.

Hirugarren eta laugarren postuko partida Frantzia eta Argentinak jokatu zuten ostiralean eta Pumek, egur galanta banatu zieten Oilarrei. 10-34 amaitu zen norgehiagoka eta argentinarrek hurrengo txapelketetan kontuan hartu beharreko taldea izango direla garbi utzi zuten.

          

Larunbat gauean final handia jokatu zen eta Hegoafrika, pronostikoak betez, Ingalaterrari 6-15 gailendu zitzaion. Wilkinsonen ostikoak ez ziren nahikoa izan baina bai Montgomeryrenak entsegurik gabeko final batean. Beste alde batetik, Habana Hegoafrikarrak ez zuen lortu Munduko Txapelketa batean egindako entsegu kopuruaren errekorra Jonah Lomu zelandaberritarrari kentzea eta marka berarekin partekatzearekin konformatu beharko da.

Egia esan, ez dut orain arte rugbya gehiegi jarraitu baina azken urteetan Ordiziko taldeak izan duen ibilbidearekin eta azken Mundu Txapelketa honi esker zaletasuna hartzen ari naiz. Kirol ezberdina da rugbya, handia, eta merezi duena baina askoz arreta gutxiago eskaintzen zaiolakoan nago.

            

Apurka-apurka lege eta arauak barneratzen noa eta hurrengo Munduko Txapelketarako inorren laguntzarik gabe rugby partida bat ikusi eta ulertzeko gai izango naizelakoan nago; edo hori da intentzioa behitzat…


Utzi iruzkina: