Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2013/06/12 21:45:9.255808 GMT+2

Bat eta Bat (VIII)

Hemen duzue azken 1 eta 1a Beasaingo Loinaz jaiak eta gehienbat txozna lekuaren leku aldaketaren inguruan.

Posted by: indezent.2013/06/12 21:45:9.255808 GMT+2
Tags: txoznak beasain loinaz borthuzai jaiak indezent bat_eta_bat | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/28 21:29:30.381513 GMT+2

Nor da Red John? Badut teoria bat

2012ko martxoko egun buruzuri bat zen. Pasa zen gauean erabat harrapatuta ninduen The Mentalist telesaileko 4. denboraldiko transizio atal bat ikusi nuen. Autoan etxera itzultzen ari nintzen eta horrelakoetan ohikoa dudan moduan, buruari bueltak ematen hasi nintzen. Astegun buruzuri hartan ordea, ez nintzen istorio edo argumentu disparaturen bat asmatzen hasi. Egun hartan, Red John nor demontre izan zitekeen pentsatzen hasi nintzen.

Telesailaren testuinguruan erantzunik arrazionalena zein izango zen ondorioztatzen saiatu nintzen orduan eta Ordiziatik Beasainerako bidean erantzun posible bakar batekin geratu nintzen. “Bai, zentzuzkoena hori izango litzateke…

Hurrengo egunean, The Mentalist telesailera ni bezain engantxatua dagoen Amena lagun minarekin topatu nintzen Potten kafeste izotzdun goxo baten inguruan (bai, martxoa zen baina nik kafea, beti izotzarekin).

Teoria bat nuela aitortu nion baina pixukide ginen garaian Frailty filmaren amaiera hamabigarren minutuan asmatu nuenetik ez zen nitaz fido eta egun hartan egin genuen bezala, nire teoria paper batean idazteko eskatu zidan. Hala egin nuen eta martxoko egun buruzuri hartako data idatzi nuen erantzunaren azpian.

Onartu beharrean naiz une hartan telesailaren argumentua zihoan moduan nire erantzunak ez zuela logika gehiegi. Hala ere, The Mentalisteko bostgarren denboraldian murgiltzen ari ginela, nire erantzuna zentzua hartzen ari zela ohartzen hasi nintzen. Egia esan, nik neuk ere ez nuen espero Amenaren karteran ezkutatuta jarraitzen duen paper txiki tolestu hartan idatzi nuena erantzun egokia izan zitekeenik baina atalak aurrera zihoazten eran, aho betre hortz geratzen joan naiz nire erantzuna zentzua hartzen nola ari zen ikusi nuenean.

tzo, bostagarren denboraldiko azken atala ikusi nuen eta bertan, Patrick Jane handiak zazpira murriztu zuen susmagarri zerrenda. Bai, Red John zazpi horietako bat da eta bai, Amenaren karteran izkutatuta jarraitzen duen paper tolestu txiki horretan ageri den izena, azken zazpi hautagai horien artean dago.

Posted by: indezent.2013/05/28 21:29:30.381513 GMT+2
Tags: bitxikeriak el_mentalista the_mentalist telesailak | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/21 20:55:40.208732 GMT+2

Jazpana! indeznet DJ Set (Usopopeko kantu zerrenda)

Berandu bada ere, badakizue beti betetzen dudala hitza. Hemen dituzue Usopopen Jazpana! indezent DJ Set delakoak jarri zituen kantuak... Edo oroitzen ditugunak:

Lehen Saioa:

1. It Starts Hear (Peter Broderick)

2. Edmonton (The Rural Alberta Advantage)

3. King Of Carrot Flowers Pt. One (Neutral Milk Hotel)

4. The Bad In Each Other (Feist)

5. Venus dago ederren (The Tree)

6. Warning Sing (Coldplay)

7. Hide It Away (Retribution Gospel Choir)

8. Springfield, or Bobby Got a Shadfly Caught in his Hair (Sufjan Stevens)

9. Hoppípolla (Sigur Rós)

10. Echoes (The Rapture)

11. Feel Good Inc. (Gorillaz)

12. Modern Drift (Efterklang)

13. Higadura (Saioa)

14. Beautiful World (Belako)

15. Toro (El Columpio Asesino)

16. Nantes (Beirut)

17. White Winter Hymnal (Fleet Foxes)

18. Please Please Please Let Me Get What I Want (The Smiths)

19. The Funeral (Band Of Horses)

20. Rebellion (Arcade Fire)

21. Moonsoon (Delorean)

22. Midnight City (M83)

 

Bigarren Saioa:

1. Etorri (Geroh: Gure nerabetzaroa eta musika zaletasuna markatu zuen talde ormaiztegiarra)

2. Lonely Boy (The Black Keys)

3. Cancion Póstuma (La Celula Durmiente)

4. We Are Beautiful We Are Doomed (Los Campesinos!)

5. Animal Arithmetic (Jonsi)

6. Digging For Something (Superchunk)

7. Let’s Get Out Of Here (Les Savy Fav)

8. Memperatzen dut (Willis Drummond)

9. One Armed Scissor (At The drive In)

10. Follow (Crystal Firghters)

Bonus Track:

Usopopen kronikan kontatu nizuen bezala, ikusleak uste baino animatuago ikusi genituen eta berezko zerrendan ez zeuden kantu batzuk sartu genituen azkenean. Hauek dira oroitzen ditugunak.

Praise you (Fatboy Slim

Harder, Better, Faster, Stronger (Daft Punk)

Paper Planes (M.I.A.)

Ba hauxe izan duzue Usopopen jarritako kantu zerrenda. Berandu, baina hemen duzue. Hala ere, esan beharrean gaude hauetako kantu batzuk ez zirela azkenean gure saioan entzun batzuk sartzeak besteak ateratzea ekarri zuelako alde batetik, eta beste batzuk jartzeko astirik izan genuelako bestetik. Gu prest falta direnak beste urte batean jartzeko! Gora Usopop!

Posted by: indezent.2013/05/21 20:55:40.208732 GMT+2
Tags: usopop djset kantuak jazpana musika setlist indezent | Permalink | Comments (3) | References (0)

2013/05/21 20:35:1.677393 GMT+2

Ondo izan Montanier! Mila esker!

- Zergatik aldatu duzu Frantziako ligako zazpigarren taldea Espainiako ligako hamabost garrenagatik?

Horixe izan zen Philippe Montanier Errealeko entrenatzaile moduan aurkeztu zuten egunean kazetari frantziar batek normandiarrari egindako galdera. Amorruz bete ninduen galderak eta Errealarekiko errespetu falta izugarri bat iruditu zitzaidan. Montanier berari ere ez zitzaion galdera gehiegi gustatu eta Espainiako ligako hamabost garren taldera ezetz, bera Errealera etorri zela erantzun zion.

Erantzun hori eta beste detaile pare batengatik entrenatzaile hura gustuko izan behar nuela erabaki nuen une hartan (izaera aldetik diot, ez dut futbolaz ideiarik ere). “Bai jauna Philippe! Erreala hori baino gehiago da! Esan baietz!” pentsatu nuen orduan eta ziur aski, berak ere gauza berbera pentsatu du Donostian eman dituen bi urteetan zehar. Ez ordea, zentzurik hoberenean beti...

Montanierren aurka lehen oihu eta txistuak entzun zirenean blog honetan bertan idatzi nuen nire iritzia (Ez naiz luzatuko egun haietako haserrea azaltzen eta egunero valentziarragoak garenaren sentsazio mingarri horri forma ematen).

Kontua da, Montanier badoala, eta badoalako bere aurka ari direnak, aipatu berri ditudan egun haietan “Montanier dimisión!” ahoan zerabilten berberak direla. Diruagatik joan omen da, hori diote eta ahoa pozoiez beteta esaten dute gainera, mespretxuzko begirada batekin.

Ba bai, Montanier badoa, eta ikaragarrizko lastima ematen badit ere, ongi baino hobetu ulertzen dut bere erabakia. Bi urte pasa ditu gure artean eta inongo momentuan ez du gure babesik sentitu (Bere buruari, munduko zalego hoberenaren titulua eman dion zalegoaren babesik sentitu). Bere lana eta gaitasuna zalantzan jarri dira behin eta berriz eta kaleko edozein artabururen futbol lezioak jaso behar izan ditu.

Gizon honek, urte eta erdi behar izan du, harrobiko jokalariz osatutako talde bat martxan jarri eta Champions postuetan sartzeko… Urte eta erdi!!! Benetan, ez dakit zer pentsatzen dugun bizitzaz… (eta futbolaz). Errealaren lekua, urtero Old Trafforden jokatzen aritzea dela pentsatzen duenak, ez daki zer esaten ari den eta gaur egun bizi dugun gizarteak kutsatu nahi dizkigun balioez erabat gaixo dago dagoeneko.

Urte askoren ondoren Europara eraman gaitu Philippe Montanier normandiarrak eta edozer gauza jaso du esker ona izan ezik. Aspaldiko partez, Errealarekin goza arazi gaitu baina guk, gehiago nahi genuen…

Diru asko eskaini omen dio Stade Rennes taldeak bai, egia da. Michel troinek etxera itzultzeko gogoa omen zuen familia han zuela eta, bai, egia da baita ere. Baina zuek uste? Benetan, Zuzendaritza zein zalegoak maitasun gehiago eskaini izan balio azken bi urteetan, erabaki berbera hartuko zuena? Nik ez dut uste.

Ondo izan eta zorte on aurretik duzuen abentura berrian Philippe! Ikaragarri gozatu dugu zure lanari esker. Mila esker!

Posted by: indezent.2013/05/21 20:35:1.677393 GMT+2
Tags: montanier erreala futbola | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/08 20:23:50.082413 GMT+2

Usopopez maitemindu ginen egunekoa

Irrikitan ginen Usopopeko asteburua iristeko eta Sarako jaialdiak ez zigun inondik inora ere hutsik egin. Aspaldi erabaki genuen bizitzan behin (gutxienez) bisitatu beharreko jaialdi honetara joan behar ginena baina azkenean, partaide ere izan ginen (bizitza osoan ahaztuko ez dugun ohore bat zalantzarik gabe).

Eguerdi aldera iritsi ginen Sarara eta seiterdiak aldera hasten ziren Agorrekako kontzertuak. Hasiera-hasieratik sumatu genuen gure inguruan Usopopen inguruan hainbeste aldiz entzun genuen giro magikoa eta berarekin bat egiteko edo, errekurrentea dugun ohitura bati ekin genion, garagardoak edatea hain zuzen ere.

Jende mordoxka bat gerturatu ginen Agorrekara eta hortik irakurri dudanez antolakuntzak ere ez zuen espero halako jendetzarik bertan. Zaila egin zitzaigun barrura sartzea eta kanpoan geratu ginen orain ere, garagardoak edanez. Adin guztietako jendea ikusi genuen bertan eta esan liteke hunkitu ere egin gintuela horrek. Jazpanan behin baino gehiagotan saiatu gara familiak eta jende heldua biltzen baina ez da erronka erraza izaten.

P1080549

P1080485

Unama, Kide eta Tipul eta Putilen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen bertan. Hemen Artola jaunak ateratako bideo bat lagin moduan.

USOPOP'13 - UNAMA (1) from borthuzai on Vimeo.

Arratsaldeko kontzertuak amaitu aurretik gure DJ Seta prestatzera joan ginen (edozer gauzari deitzen diot DJ Seta…). Hasieratik garbi utzi nahi izan genuen ez ginela DJak baina, Bigotten kontzertua hasi bitarteko musika, ilusioz aukeratuko genuela. Uste baino azkarrago egin genuen guztia eta denbora egin nahian edo, garagardoak edaten jarraitu genuen.

Lur Berri aretoan igaroko zen gaueko kontzertu sorta eta egia esan, bertako jendea bezalaxe, magiaz beteriko leku bat dugu. Usopopen aurkitu dezakezun guztia bezalaxe, gustu handiz jarria zegoen, azken detailera arte zaindua. Konturatzerako, gure txanda iritsi zen eta etxetik prestatua genuen kantu zerrenda martxan jarri genuen. Ordu eta erdiz zehar jarri behar genuen musika eta pop, folk eta rock lasai artean mugitzeko intentzioa genuen. Hala ere, jendea oso animatuta ikusi genuen (edo hori izan zen gure perzepzioa behinipein) eta azkenan, uste genuena baino sesio dantzagarriago bat izaten amaitu zuen.

P1080570

Ederki pasa genuen eta azkenean motz eta guzti egin zitzaigun (Aste bete barru edo jarriko dut hemen bertan jarri genuen kantu zerrenda). Bigott igo zen orduan eskenatokira eta hortxe hasi zen Lur Berriko benetako ikuskizuna. Blue Jeans diska berria bere osotasunean entzun gabe nuen oraindik eta egia esan, oso itxura ona zuela iruditu zitzaidan. Aurreko bi lanetan bezalaxe, aurrera pausu galanta eman du aragoitarrak eta ondoan duen bandarekin, horrek ez du arazorik suposatzen. Kontzertu ederra eskaini zuten eta jendeak ikaragarri gozatu zuen. Jazpanan izan genuen pasa zen urtean eta bi kontzertuak ikusi ondoren, Lur Berri bezalako leku batean efektiboagoa dela iruditu zitzaidan. Berriz ere areto batean ikusteko gogoz geratu nintzen.

Hauek bukatzean, gure txanda iritsi zen berriz ere eta garagardo bat eskuan ekin genion lanari. Bigarren sesioa gogortxeagoa zen eta beldurra ere bagenuen gogorregia izango ez ote zen. Hala ere, berriz ere kale egin genuen eta azkenean, jendearen jarrera ikusita, sesioa gogortzen amaitu genuen. Lehen pintxaldia labur egin bazitzaigun, bigarrenak segundo bat esterik ez zuen iraun (ez da seinale txarra ezta?).

Wilhelm naparrak prest ziren eskenatokira igotzeko eta azken unean garagardo bat barratik hartuta taula azpira gerturatu ginen. Bigotten azken lana osorik entzun gabe nuen bezalaxe, Wilhelm & The Dancing Animalsena buruz nekien. Kantuz kantu ikaragarri gozatu genuen eta bat eta besteraen artean (garagardoak) zerbait jateko probestu genuen aukera. Ikaragarria da talde honek eskenatokian askatzen duen energia positiboa eta hori, ikusleei kutsatzeko gai dira. Horrek ez du preziorik eta beraiek badakite.

P1080561

Hauen ostean, Vandapalium DJ Setaren txanda iritsi zen baina egia esatea nahi baduzue, hemendik aurrera nire oroitzapenak lausotuz doaz eta ateratako argazkiak okertzen…

Laburbilduz, gure bizitzetako larunbatik hoberenetako bat oparitu zigutela esan dezaket hainbeste denbora kontzertuak antolatzen pasa ostean, rock izar sentiarazi gintuztelako egun batez. Zaila da Usopop hitz batean definitzea baina bat aukeratzekotan, artisau hitza aukeratuko nuke zalantzarik gabe, bere zentzurik onenean. Txikia da, eskuz egina ia-ia baina horrexek ematen dizkio ezaugarritzen duten izaera eta bakartasuna. Arima propioa duen jaialdia da Usopop eta sekula zalantzarik izan baduzue, urteren batean bertara gerturatzea gomendatzen dizuet.

Guk datorren urtean, ikusle moduan bada ere, errepikatuko egingo dugu. Ziur. Hori bai, garagardo gutxiagorekin… Mila esker Joanes, Patxi eta kopainiari halako jaialdi bat sortu eta antolatzen jarraitzeagatik.

P1080452

Posted by: indezent.2013/05/08 20:23:50.082413 GMT+2
Tags: lapurdi usopop jaialdiak bigott jazpana sara musika iparraldea wilhelm_ _the_dancing_animals | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/03 15:49:31.093720 GMT+2

Ez, LOST-en ez zeuden denak hilda artaburua!! (Bonus Track!)

The Sixth Sence-n umea hilda zegoen hasieratik eta Bruce Willis ez zen konturatu, Seven-eko hiltzailea Brad Pitt da baina ez nuen oso ondo ulertu The Fight Club-en zer gertatu zen berekin, que puto David Gale… Berak akabatu zuen orduan!, Zein demontre da Slevin?!, Aaaaaaahh badakit! Ez, ez dut Memento ulertu, ai amaaaa!! Eduardo Noriegak bere buruaz beste egin du!, joder! Tximu madarikatuak! Askatasunaren estatua berdin-berdin bat egin dute! Hondartza ondoan ordea xarma asko galtzen du… Tximuak

Zer? Tontoa naizela pentsatzen ari zarete ezta? Ez dudala pelikula bat bera ere ulertu, nirekin zinera joatea hiru urteko ume batekin fisika kuantikoaren inguruko ponentzia batera joatearen antzeko zerbait dela duzue une honetan buruan ezta?

Ba jakin ezazue egin berri ditudan baieztapen inozo hauek egitea bezain larria dela, bai, bazen garaia kontu honi norbaitek heltzeko, “LOST-en HASIERATIK GUZTIAK HILDA ZEUDEN” esatea! Luzea da mesanotxeko bigarren tiraderan giltzapetuta gordea dudan lista beltza baina ziurtatzen dizuet, zerrenda honen lehen postuan, historiako telesailik hoberenaren azken atalaren ondoren ondorio hori atera zuten paganoak zaudetela (Nire aurrean halako blasfemarik ez errepikatzea espero dut zuen segurtasunarengatik alde batetik, eta nire etorkizuneko askatasunarengatik bestetik). Benetan, Ana Lucia Abbaren musikal batean baino jokoz kanpoago zaudete.

Sei denboraldi eder, 121 ezinbesteko atal (Exposé ezik, onartzen dut), mila enigma (guzti-guztiak erantzunak nahiz eta erantzun batzuen kalitatea eztabaidagarria izan, onartzen dut baita ere), erritmo eta informazioaren kudeaketa ikaragarri bat, ordurarte inork irudikatu ere ez zuen pertsonaiak idatzi eta garatzeko modu bat, soinu banda (ez beti musika) pertsonaia bat gehiago bilkatzeko erakutsitako maixutasuna eta guztiaren gainetik, sekula beste telesail batek sentiarazi ez zidan sentsazio hilezkorra eskaini izana: atal bat bukatzean, liburu on bateko atal bat bukatzean soilik sentitzen duzun hurrengoari heltzeko eta ia menpekotasunera gerturatzen den bulkada sahiestezina. Gauza asko dira telesail honek eskaini dizkigunak eta ehundaka bere erabilpenak, Sayd Jarrah berak izan ditzakeenak baino gehiago!

Nahi edo ez, istorioak kontatzeko moduan iraultza bat suposatu zuen LOST-ek eta termino horietan mugitzen den OBRA bat ezin daiteke “guztiak hilda zeuden” esanez amaitu. Ez zaitezte blasfemariak izan eta ez alderatu J.J Abrams-en lan gorena Los Serrano edo Doraemonekin mesedez!! Jeijei jainkoa da eta jainkoak ezin du horrelakorik egin!

TVE1en hasi nintzen Perdidos ikusten eta igande arratsaldero Arrasateko pixura iristean ikusten nuen azken atala. Gerora, ordu eta egunez etengabe aldatzen hasi ziren eta internetera jo behar izan nuen asteko dosiaren bila (Pirateriaren errua izango da gero…). Bigarren denboraldirako, Jacobek baino jendea biltzeko gaitasun gehiago erakutsi zuen telesailak eta pixukide guztiak abstinentzia sindromeak jota izaten ginen azken atalaren zain. Pixukideetako batek FOX katea harrapatzen zuen gurasoen etxean eta astean zehar bere amak grabatu egiten zigun igandean pixura ekarri eta guztiok elkarrekin ikusi ahal izateko. Igande batean, pendrive-a etxean utzi zuen eta astelehen goizean klasera gehiegi joaten ez zen bat Beasainera itzuli zen pixukidearen amaren dendatik pasa eta pendrive-a hartu ahal izateko soilik! (Amaren semea ere ez zen gehiegi joaten klasera baina ez zen plana astelehen buruzuri batean bere amaren dendan agertzea LOST-eko azken atala hartzeko aitzakiarekin…).

Hirugarren denboraldiaren ostean, kate espainiarrak atzean geratzen hasi ziren eta berriz ere internetera jo behar izan genuen. Atalak ingelesez ikusten hasi ginen orduan eta lehen aldiz gure bizitzan, jatorrizko bertsioa askoz hobea dela konturatu ginen! (John Locke, Hurley edo Sawyerren gaztelaniazko ahotsak erdi mailako sabeliztun baten lana besterik ez ziren dagoeneko…). Jeijeik ABC katearekin izandako istiluak gure lagun hoberenarenak izan balira moduan bizi izan genituen (ABCkoak beti berdin. Ez dio axola espainiarrak edo amerikarrak izan…). Berak lau denboraldi bakarrik egin nahi zituen istorioa lotua zuelako hasiera-hasieratik eta azkenean, sei egitera derrigortu zuten (Hortik telesailaren akatsik larrienak).

Joan ziren Arrasateko urteak eta lanean hasi nintzen. Anaia ere Charlie Pace bezain yonki zebilen LOST-ekin eta astelehen goizero atala eta azpitituluak jaisten zituen ni lanean nintzen bitartean ikusteko. Etxera bazkaltzera iristean Eko Jaunak baino hitz gutxiago erabailiz esaten zidan atala ona edo oso ona izan zen (bazekien spoilerren bat bota ezkero zer gertatuko zen). Hurleyk baino azkarrago bazkaldu eta nire gelan sartzen nintzen pertsianak jaitsi, argiak itzali eta azken atala ikusteko prest (Lanera justu-justu iristen nintzen garai haietan).

Telesaila amaitu zenean negar egin nuen, atala ikusten ari nintzela eta ondoren. Nire bizitzako fase bat amaitu zenaren sentsazioa ere izan nuen. Jeijeiren panpina bat erosi eta tenplu txiki bat egin nion ordenagailuaren mahaieko txoko batean (Hau gezurra da baina halako panpinaren bat baduzue eskertuko nuke). Etxekoak arduratzen ere hasi ziren telesail madarikatu har gugan zuen eraginagatik….

Benetan uste duzue halako idadeolla bat eragin dezakeen telesail mitiko-historiko-antologiko-bibliko bat “Ez, hasieratik hilda zeuden eta guztia gezurra zen” esanez amaitu daitekeela. Zuek uste, Chaliren greatest hits-ak, Dharmako furgoneta bilatzen duteneko atala, “not Penny’s boat”, Desmond eta Pennyren arteko amodio hilezkorraren istorioa, Michaelek bizitako purgatorioa, “We have to go back, Kate. We have to go back!”, Jack eta Claire anai-arrebak zirela jakin genuenekoa, Juliet zulotik behera erori eta lehergailua eztanda araziz guztiak salbatu baina bere buruaz beste egin zuenekoa, The Constant atal ahaztezina (Bera bakarrik, ikusentzunezkoen historiako lanik bikainenetako bat. Hartu, zatitu eta aztertzeko modukoa), Jin eta Sun urpekarian ito zirenekoa, putakume hark Alex akabatu zuenekoa, Jeremy Benthamen heriotza, Daniel Faradayren heriotza! (denboran bidaiatzearen paradoxak elegantziaz konpontzearen paradigma behar lukeena). Hurley eta Milesen denboran bidaiatzearen inguruko eztabaidak (Zenbat barre egin nuen…), Jacob eta beltzezko gizonaren arteko elkarrizketak, banbu artean Jack Shepard heroia hiltzen ikusi genuenekoa (Bideo hori amaierarako utziko dugu) edo Hurley eta Benek irlako zaindari izatearen ardura onartzen duten unea bezalakoak bizi eta gozatu ostean, telesailak horrelak amaitu zezakeela? (Asko luzatu zait esaldia bai baina Katek Jacki xirriak egiten uzten ez zionean baino gehiago sutu naiz…)

Ba ez, ezin zen horrela amaitu eta ez zen horrela amaitu.

Gogoan dut, azken atala amaitu eta anaiarekin alde batetik eta pixukide ohiekin bestetik (LOST-en amaieraz hitz egiteko beste intentziorik gabe geratu ginen egun batean) telesail osoa mila aldiz buruz berrikusi eta destripatu ostean bapo eta erabat pozik sentitu ginela telesailari eman zioten amaierarekin (nahiz eta, errepikatuko dut, adar argumental batzuk erreztasun gehiegiz itxi zituzten).

Hala ere, gure mundu txikitik at, telesail jainkotiar honen amaiera oso ondo ulertu ez zenaren sentsazioa izaten hasi ginen eta Boone bere arreba Sharonekinalaitzen” zenean baino galduago sentitu ginen. LOST-ek azken hilabeteetan lortu zuen oihartzuna zela eta, Cuatro katean (azken unean argia ikusi eta telesaila erosi zuenak) eztabaida bat ere antolatu zuten azken atalaren ostean! Bai bai, Maria Antonia Iglesias eta Arturo Gonzalez agertzen diren horietako bat! Bertan atera zituzten ondorioak, telesaila ikusi ere egin ez zuen norbaitenak izan ziren baina ez nion garrantzia gehiegirik eman. Sawyer baino harroxkoago jokatu eta sorbalda gainetik begiratu nien artelan hura ulertu ez zuten artaburu guztiei.

Hurrengo egunean ostea, Diario Vascon Esther Requenaren (Lista beltzean zaude zu ere. Benetan langabezian egotea espero dut…) artikulu hau irakurri nuen izuaren izuaz. “Señora! Que es usted periodista hombre!”. Sutan jarri nintzen eta facebooken talde hau ere sortu nuen beroaldiarekin (50 bakarrik gara, ez dut ezer ulertzen… Ah! Eta hau ere sortu nuen). Nire haserrea ordea, areagotzen joan zen kalean paganoak topatzen joan nintzen eran. “Bua… A ze truñakoa! Guztiak hilda zeuden hasieratik…” edo “Telesail horrek ez zuen ezertarako balio eta merezi zuen amaiera eman diote” bezalakoak entzuten hasi nintzen. Nire amorru kontagailua topea pasata zen eta yoga egiten hasi nintzen. Hala ere, Benjamin Linusen hoztasunarekin egoera aztertu eta pagano guztiek zerbait komunean zutela konturatu nintzen. Nire bizitzarekin jaraitu ahal izatea ahalbideratu zidan ateratako ondorioak. Kasualitatea izan edo ez, amaieran guztiak hilda zeudela pentsatzen zutenak, LOST-ek mundu mailan laugarren denboralditik aurrera (borobilena zalantzarik gabe) lortutako sonaren ondorioz telesaila ikusten hasi zirenak ziren. Hau da, bi urte edo gutxiagoan (asko eta askok hiru hilabeteetan) ikusi zuten telesail osoa. Une hartan, guk beste “lasaitasun” batekin ikusi genuela konturatu nintzen eta paganoen arazoa, informazio guztia behar zen bezala jalki ez zutela zela ondorioztatu nuen. Guk, Richard Alpertek baino denbora gehiago izan genuen atal guztiak ondo barneratzen joateko.

Urteak aurrera joan ahala eta gai hau, nire osasunarengatik gehienbat, berriz ez ikustea erabaki banuen ere, orain gutxi koadrilako batek legez debekatuak behar luketen hitzak errepikatu zituen berriro ere nire aurrean non sartzen zen jakin gabe (gajoa…). Orain ospitalean dago traumatismotik errekuperatzen eta berarentzat idatzi nahi izan dut post hau (azaldu nion bukaera baina konorte gabe zegoen eta ez zidan batere arretarik eskaini). Ea horrela, behingoz, bai berak, eta baita gainontzeko blasfemari guztiek ere ulertzen duten, ezetz, LOST-en, EZ ZEUDELA HASIERATIK HILDA eta guztia, ez zela amets bat izan.

Post amaiezin honetako puntu honetara iritsi bazara; bat, ni bezain gaizki zaude burutik eta bi, ez dut ustea jarraian botako dudan oharrak atzera egin araziko zaituenik. Hala ere, esan beharrean naiz orain artekoak spoilerrak izan badira, orain datorrela potoloena eta noizbait telesaila ikusteko intentziorik baduzu, post honetatik atera beharko zinatekeela (Baina ez Barretartiatik eh! Oso gauza interesgarriak daude bertan eta! Ondo atera promoa ezta Bootxo?). Bai, LOST-eko amaiera azaldu behar dut, sekula azalpenik beharko ez zuela pentsatu banuen ere (danborarrada bat mesedez?).

AZALPENA:

LOST-eko denboraldi guztietan zehar flashbackaren teknika erabili zuen J.J. Abrams jaunak (Amen) pertsonaien inguruan informazioa eman, trama berriak sortu eta elementu berriak istorioan sartzeko. Azkeneko denboraldian ordea, eta gure pertsonaia maiteek denboran bidai pare bat egin ostean, flasforward teknika erabiltzen hasi zen. Honek esan nahi duena da, irlako bizitzaren gorabeheren tartean ikusten genituen tarteki haiek dagoeneko, ez zutela iragana kontatzen, etorkizun “bat” baizik (Daniel Faraday eskolaurreko ikasle bat da JeiJei handiaren parean).

Etorkizun horretan, telesaileko denboraldi guztietan zehar ezagututako pertsonaiak ikusten genituen baina beste bizi batekin. Hau da, guk ezagutzen genuenaren arabera ez zuen zentzurik non zeuden, norekin ezkondu ziren edo zer demontretan ari ziren. Irlako tramako korapiloa askatzen zihoan alde batetik eta bestetik, flashforwardetan, pertsonaiak telesail guztiak zehar beraientzat garrantzitsuak izan ziren pertsonaiaetara gerturatzen ari ziren nahiz eta errealitate berri horietan, ezezagun hutsak izan beraien artean.

Bata bestari gerturatzen zihoazen eran, banan-banan guztia oroitu arazi zien une bat bizi zuten guztiek eta ikusleok oraindik zer zen ez genekien zerbait ikusi zuten. Bitartean, irlako trama ixten joan ziren. Jackek, John Locke (Beltzezko gizona) akabatu zuen. Aldi berean, irlako zaintzaile izateko ardura Hurleyren esku geratu zen eta Benjamin Linus gaizto birziklatuak bere laguntzailea izatea onartu zuen hori izan bait zen bere motibazio bakarra Irla zapaldu zuen lehen egunetik.

Hori gertatzen ari zen biartean flashforwarden errealitatean pertsonaia guztiak eliza batean elkarrekin ikusi genituen (Zalantzazkoa da aukeratutako lekua eliza bat izatea telesail osoa erabat akonfesionala izan denean baina tira, barkatu egingo diegu). Guztia gogoratu dute eta lasaitasun osoz ari dira beraien artean hizketan.

Kontua da, flashforwardek erakusten ziguten errealitate berri horretan, guztiak hilda zeudela, baina denbora plano indefinitu eta kokatuezin batean (Hortik jendearen nahastea nolabait justifika badaiteke behintzat…). Hau da, irlaren botere magikoak medio, pertsonaia bakoitza, linbo moduko zerbait den eta flasforward bidez ezagutu dugun errealitate horretan agertzen joan dira bizitza errealean hiltzen zihoazen eran. Hau da, Boone oso azkar iritsi zen bertara eta Hurley eta Ben oso berandu baina linboan, ez dago denborarik eta guztiak elkarrekin egon dira pertsonaia-jario horretaz konturatu gabe. Azken pertsonaiak hiltzean, guztia gogoratu dute eta ditsosozko eliza horretan elkartu dira linbotik hurrengo fasera (zerura edo nahi duzuen lekura) elkarrekin jauzi egiteko. Irla zerbait berezia da eta bertan bizi izanak, linbo berezi hori eskaini die bizitzari agur batera esan ahal izateko.

Hau da, flashforwardetan guztiak hilda zeuden bai baina hori irlako guztia gertatu eta gero etorri zen. Irlakoa gertatu ez balitz ez litzateke errealitate horretan gertatutakoa gertatuko. Inori zalantzaren bat geratuko balitzaio (Pagano ber bi), elizara sartu aurretik zalantza guztiak desagertarazten dituen elkarrizketa bat dute Hugo “Hurley” Reyes eta Benjamin “Ben” Linusek. Elkarrizketa honek argi eta garbi uzten du irlan geratatu dena geratu dela eta flashforwardean ikusten duguna horren ondoren gertatzen den zerbait dela. “Laguntzaile on bat izan zara” esaten dio Hurleyk Beni eta “Eta zu nagusi bikain bat” erantzuten dio honek.

Gauzak horrela, elizara sartzen dira eta “zerurako” bidaiari elkarrekin ekiten diote. Orduan, pertsonaia guztiak ikusten ditugu eliza barnean tartekatuta, Jack Shepardek irlan ematen dituen azken pausuak ikusten ditugun bitartean. Lurrera erortzen utzi eta bertan hiltzen da Vicent txakurra alboan duela. Orduan, LOST-eko lehen planoa izan zenari omenez, plano berbera ikusten dugu baina alderantziz. Lehen atalean, Oceanic 815 hegaldiaren istripuaren ostean Jacken begia irekitzen ikusi genuen lehendabiziko planoan eta azkeneko atalean, Jacken begia ixten ikusten dugu historiako telesailik handienari, merezi zuen amaiera elegantea emanez.

Bihotzez esaten dizuet, ez zitzaidan batere bukaera korapilatsua iruditu eta modu naturalean, hauxe izan zela nire, eta nire ingurukoen irakurketa. Gerora, Jeijei handiari eginiko elkarrizketaren batean ere irakurri nuen bai ber,a eta baita Damon Lindelof ekoizlea ere, aho bete hortz geratu zirela jendeak azken atalaren ostean ateratako ondorioekin. Beraien helburua ez omen zen amaiera ireki bat eskaintzea eta horregatik, trama guztiak ixten saiatu omen ziren. Niri behintzat, ez zait batere zalantzarik geratu.

Espero dut beraz, guztia garbi geratu izana eta eztabaida hutsal hau betiko lurperatzea ez bainuke nahi berriz ere, barruan dudan ke beltza esnatu, eta norbait irensterik.

Mila esker postaren amaierara iristeagatik! Hemen duzue opari moduan historiako telesail handienaren azken eskena. On egin, eta ondo izan losti agurgarri hori. “Live together, or die alone”.

Posted by: indezent.2013/05/03 15:49:31.093720 GMT+2
Tags: iritziak abrams lost listabeltzeanzaudete j barretartia telebista telesailak | Permalink | Comments (3) | References (0)

2013/04/20 14:01:14.342777 GMT+2

Bat eta bat (VII)

Hemen duzue azken Bta eta Bata.

Posted by: indezent.2013/04/20 14:01:14.342777 GMT+2
Tags: krisia low_cost borthuzai indezent bat_eta_bat | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/14 18:24:48.258109 GMT+2

Mendira bake bila? Gorago igo beharko gara ba...

Aitortzen dut, zaila da ni mendira eramatea (beno, mendira edo ibilaldi puta batera). Gainera, normalean mendira edo kirola egitera ez joateak forma puntu kaskarra eskaintzen du eta horrek aldi berean, mota horretako planekin bat ez egiteko aitzakia ezin hobe bat. Hala ere, onartu beharrean nahiz baita ere, txango bat egin ostean gorputza zeharkatzen dizun sentsazioa ederra dela. Bi errealitate hauek medio, noizean behin animatzen naiz espedizio txikiren batera, beti ere, pasatu gabe.

Igande honetarako Urederrera joateko gonbitea egin zidaten eta nahiz eta hasieran ez nuen oso garbi ikusi, “ogitarteko” hitza entzutean, Pavloven zakurra bezala jarri nintzen. “Ogitartekoa ez, fianbrera eramango dugu bai jauna!”.

Eguraldi ederra atera zaigu eta Urbasa aldera abiatu gara goizaldean. Zerua aratz, haize freskoa, errepidea hutsik, tertulia eta autorako musika ederra bozgorailuetan. Zer gehiago behar da zoriontsu izateko? Hala ere, pixkanaka Baquedano ingurura gerturatzen hasi gara eta errepide hutsa zena Munbaiko kale nagusian bilakatu da. Ehunka pertsona, auto anda eta autobusak!! Berezko aparkalekua lepo omen zegoen eta apur bat gorago dagoen jolas parke batera bidali gaituzte autoa uztera.

Autotik atera eta atzo lagun batek esandakoa gogoratu dut: “Hondartza abuztuan bezalaxe egongo da hori bihar”. Bai bai, eta ez edozein hondartza… Benidorm gutxienez! Ibilaldiari ekin eta txango osoan zehar bidaikide izango genuen fauna ezberdina ikusten hasi gara (gu nahikoa fauna ez bagara): mendian gora oihuka doan jendea, mugikorreko musika mundu guztiarentzat jartzen duten gazteak, lokatz artean ibiltzeko oinetakorik hoberena bailarina batzuk direla pentsatu duten neskak, urrunago joan eta takoi eta guzti Urederra ezagutzera joan direnak (eta nola ez, bidean harriak daudela kexaka dabiltzanak. Que viene al monte señora!!), kurtso amaierako bidai batean daudela diruditen berrogei bat gazteko tropelak eta nahiz eta hogei pertsona zain izan bide erdian argazki baterako posatzen hasten diren facebookeko izarrak.

Ordu bete inguru kostatu zaigu Urederraren iturburura iristea eta une batzuetan prozesio batean ginenaren sentsazioa izan dut (Aste Santuetan ihesi ibili eta azkenean, taka!). AC/DCren kontzertu baterako sarrerak erosteko ilara batean ginela zirudien. Jendea atzean, jendea aurrean eta une askotan, zain egon behar gainera behetik gora eta goitik behera zetorren jendea ez ginelako bidetxurretatik batera sartzen. Batzuetan, itxaronaldi horietan zehar, begiak itxi eta naturak bakarrik eskaintzen dizun bake horren bila hasi naiz, errekaren soinua bakarrik entzun nahian, planetarekin bat egin nahian eta… “Ponte de perfil, saca el brazo. Así no vas a salir bien”.

Benetan, esan dizuedan bezala, mendizale baten antitesia naiz. Ez dut nire burua mendizale moduan jarriko gezurra delako baina horrelako lekuetan, Edmun Hillary sentitzen naiz eta hori, ez da oso normala. Ez dut mendira joateko ohiturarik baina mendiari izan behar zaion errespetu eta maitasuna diodalakoan naiz. Bertara joaten naizenean, eskaintzen didana bilatzen dudala bertan eta ez naizela parke natural batera, parke tematiko batean sartzean duzun jarrera berdinarekin joaten.

Argazkia: leku-bereziak.nirudia.com

Leku ederrak ikusi ditugu gaurkoan baina ez beharko litzatekeen testuinguruan. Nire gorputz eta buruak ederki eskertu dute ibilaldia baina mendira joatean sentitzen dena baino gimnasioko zinta batean ibiltzean sentitzen dena sentitu dut. Agian, nirea da errua eta bakea eta naturarekin bat egitea bilatuz gero, mass mendia bilakatu diren lekuak alde batera utzi eta beste ibilbide gogor edo ezkutatuago batzuk aukeratzen hasi beharko nintzateke. Posible da, baina hori egitera iristeko, gehixeagotan egin beharko ditut gaurkoa bezalako irteerak forma hartu, eta beste leku eder horietara joaten hasi ahal izateko. Hamaika ikusteko jaioak gara… Txomingeroek lortuko dute beste ezerk lortu ez duena… Ni mendira joatea.

Bide batez, fianbreran atzo sartu nuen guztia oso oso goxoa zegoen. Hori bai, baso urrun batera joan gara dastatzera, bakean, naturarekin bat... Eta inork zati bat eskatuko ez didan lekuan.

Posted by: indezent.2013/04/14 18:24:48.258109 GMT+2
Tags: mendia iritziak txomingeroak urederra | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/03 20:54:37.236224 GMT+2

Mila esker JAZPANA! Gora USOPOP!

Gauza on asko ekarri dizkigu Jazpanak azken urteetan baina nabarmenena, bidean egin ditugun adiskide eta harremanak izan dira zalantzarik gabe. 2012ko Jazpana euritsuan ederki pasa genuen baina horretaz gain, hilabete batzuk lehenago internet bidez bakarrik ezagutzen genuen jendeari aurpegia jartzeko aukera eskaini zigun.

Usopopeko jendeaz ari naiz eta egia esan, jaso genuen lehen mezutik zirrara ikaragarria sortu zigun Iparraldeko jaialdi txiki bezain handi honek gure jaialdia ezagutu nahi izateak. Arima berdina duten bi jaialdi dira Usopop eta Jazpana eta ziur naiz, hainbeste aldiz azaldu nahi izan dugun (sekula lortu ez dugun harren…) Rural Postmodern leloa bere egiten dutena. Gure txikitasunetik mundura, gure bereizitasunak besteenak ezagutzeko baliatuz eta beti ahal bezain ondo pasatzeko intentzioarekin.

Maiatzaren 4ean ospatuko da aurtengoan Sarako jaialdia eta nola ez, han izateko erabakia hartu genuen aurtengo datak ezagutu bezain pronto. Hala ere, apur bat liatu gara betiko moduan eta azkenean, DJ Set batekin izango gara (Espero dut benetako DJ batek gu lanean ez ikustea edozer gauza gerta litekeelako…).

Unama, Kide, Tipul ta Putil, Bigott (Blue Jeans aurkezten!!), Wilhelm & The Dancing Animals eta Vandapalium DJ Set. Plan ederra zalantzarik gabe Usopop jaialdiak maitzaren 4rako eskaintzen diguna (nahiz eta gu ibili tartean bazterrak nahasten…). Animatu eta ziur, ez zaretela damutuko behin Usopopen egon denak, errepikatu egiten duelako. Zerbaitegatik izango da…

Usopop13

Posted by: indezent.2013/04/03 20:54:37.236224 GMT+2
Tags: usopop jaialdiak musika jazpana | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/01 20:41:8.350983 GMT+2

Low cost garaiak

Low cost. Makina bat aldiz ikusi ditut bi hitz magiko hauek Aste Santuko oporretan zehar eta egia esatea nahi baduzue, soberan kezkatu nau. Gogoan dut termino hori entzun nuen lehen aldia. Airelinea berri batzuei lotua iritsi zen nire belarrietara eta ikaragarri poztu ninduen hegaldien demokratizazio iraultzaile hark. Ordurate, garestia zen oso hegazkin bat hartzea eta oso gutxiren esku zegoen, edo oso noizean behin bakarrik egin zitekeen zerbait zen. Demokratizazio horrekin, sekula baino gertuago zeuden Vietnam, Peru edo Islandia. Zeinen ongi ezta?

Gerora, krisia etorri zen eta low cost hori beste hainbat lekutan ikusten hasi ginen. Musika jaialdiak, arropa… tabakoa! Guztiok genuen diru gutxiago edo gastatzeko beldur gehiago eta besoak zabalik hartu genituen berrikuntza hauek guztiak. Low cost iraultza merkatuan leku bat egiten ari zen baina bere eremuak aisialdia, gutiziak edo bizioak ziren.

Aste Santu hauetan ordea, joera honek aurrera jauzi bat eman duela sumatu dut Espainiako hiri ezberdinetan eta ez zait batere gustatu ikusi dudana. Low cost kafetegiak, low cost jatetxeak, low cost tabernak! Poteorako tabernak tio! Poteo low cost! Horrela esanda, eta azkenaldian gure diru-zorroak zein hutsik sentitzen diren kontuan izanda, ez luke zergatik berri txar bat izan behar baina low cost horren atzean gauza asko ezkutatzen dira (Badakit askoren iritziz jana eta edana etxetik kanpo, aisialdi, gutizi edo bizioen eremuan sartuko zenutela baina hori euskaldun jatorrak ez zaretelako da!).

Negozio hauek gehienak kate handien sukurtsalak dira. Hau da, ez ditu Segovia edo Burgoseko ostalariak zabaldu. Multinazional batek baimendu du norbait bere parametro eta arauen arabera lokal bat zabaltzeko. Berak aurretik ezarritako lan baldintzekin eta berak aurretik ezarritako eskaintza eta izaerarekin (Poteo edo pintxoetarako McDonals bat gutxi gorabehera). Langile guztiak gazteak izaten dira eta ez dago buruari asko eman beharrik izango dituzten lan baldintzak irudikatzeko. Hori gutxi balitz, ezleku hutsak dira. Ez dio axola Bilbo edo Albaceten egon guztiak berdin-berdinak direlako goitik behera.

Multinazionalek orain arte debekatua zuten leku batean sartzeko aukera ikusi dute krisiarekin eta badakizue hauek ez direla lo geratzen horrelakoetan. Alde batetik, bezeroen estutasunak probestu dituzte orain arte herrietako tabernetan egiten genituen gastuak, izaerarik gabeko eta diseinu sinplistako lokal hauetan egitera igarotzeko eta bestetik, gazteriaren estutasunak probestu dituzte zabor lanpostuak sortu eta betetzeko (Negozio gizon zintzo eta solidarioak esaten dena...).

Bitartean, ohiko ostalariak inoizko garairik txarrena bizitzen ari dira eta batek baino gehiagok pertsiana botatzeko erabakia hartu du beste asko, zenbat gehiago iraungo ote duten pentsatzen ari diren bitartean. Krisiak eraginda leku merkeagoetara joateko joera izatea erabat ulertzekoa da baina ulertu beharrean gaude, mota honetako negozioetara jotzen dugun bakoitzean katutxo bat hiltzen duguna (Ez da horrela literalki baina barrena ukitu nahi nizuen). Kontziente izan behar gara Copas Rotas batean trago bat hartu edo 100 montaditos batean pintxo bat jaten dugun bakoitzean, gure etorkizuneko lanpostuak suntsitzen ari garela, leku bateko historia eta izaera gupidarik gabe egurtzeaz gain.

Nik behintzat, erabakia hartu dut. Hemendik aurrera, El tío Fermin edo La Colonial bezalako lekuetan besterik ez naiz sartuko oporraldietan eta nonbait, Tele Pizza itxura sumatuz gero, “disidente!” bat eroriko zaio, zin dagit. Escrache time beibe!

Posted by: indezent.2013/04/01 20:41:8.350983 GMT+2
Tags: iritziak low_cost | Permalink | Comments (4) | References (0)