Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2013/05/13 23:01:27.587782 GMT+2

Karaokea

Txinatarren entretenimendua, euskaldunon bitartekari?

Luzaroan karaokera joateko gonbita egin dit Konstruktoreak. Beti bota dizkiot argi luzeak. Eraikinaren estruktura amaitzen duenean joango garela zin egin nion behin, eta noski, bueltan etorri zait gonbita.

Haien urte berri festak direla eta, agur afarira gonbitatu gaitu eta ostean, karaokera. Baietz esan behar.

Etekina atera nahi diogu aukera ona eta momentua dalako. Adostu dugu gure helburua: talde irudi trinkoa erakutsi gura diegu.

Afaritarako opariak prestatu ditugu. Bezeroaren eskutik ez dute espero halakorik inondik ere, eta aho bete hortz geratu dira. Beraien ohiturari jarraiki ezin dituzte opariak ireki gonbidatua joan aurretik. Baina gure nahiak asetzeko eskatu diegu zabaldu eta erakus diezaguten. Poztu egin dira, batez ere umeak. Ez dakite nola eskertu. Zein xarmangarriak garen errepikatzen dute.

Jada, beraien kontrola eta boterea gainbehera etorri da egoerak eraldatu baitu. Hala ere, karaokera joatean agintea berreskuratu gura izan du hornitzaileak. Andrea eta alabak pozarren afaltzera ekarri dituen arren etxeratu egin dira halabeharrez.

Eta heltzerakoan, antza kamarera lanetan diharduten minigonadun neska bik egin digute harrera. Taimainako gela dagokigu edo ordaindu dute… inoiz ez dakizu. Sofa erraldoiak inguratzen ditu hormak, eta parean telebista erraldoia da protagonista. Lorez kargatutako horma papera eta brilloa nonahi dago argi apalez girotutako txokoan.

Lehenengo gauza neska lagunik gura duen galdetu dio gure arteko mutil mendebaldar bakarrari… nola? Ez dit graziarik egin eta niretzako mutilik baden galdetu diot. Berriz, hortz-bete geratu zaigu txinatarra. Negozioak egiteko trikimailu efektiboa deritzola nabari zaio. Baina pentsatu du, euskaldunekin ez dela oso zuzena nonbait.

Jarri dute musika amerikarra, modakoa eta guk dantzan ekin diogu. Gustora gaude afaritako ardo kanpeiei esker. Asaldatu egin ditugu nonbait, oso zaleak diren karaokera kantura etortzen baitira ta ez dantzara. Eta guk ez dugula ohitutarik diogu, zer poentsatuko ote dute?

Abestiak aukeratu guran txinerazko azpitituluen artean bereizi ditugu zenbait ingelerazko kantu ezagun. Aspaldikoak dira gehienak baina jarraitzeko moduan kantura animatu gara.

Beraiek lehenengo. Kantu erromantikoak, herritarrak, eta rock lasaiak abestu dituzte. Ta ondoren guk, heavya, rocka eta gainera koreografia ta guzti kantatu ere. Mikrofono biak ezin askatuz darraigu. Portatilean ere musika euskalduna jarriz eta  besterik gabe kantatuz eta dantzatuz segitzen dugu, noizean behin txinatarren batek bere txanda sotilki eskatzen duen arte. Jeje, hau da martxa daukaguna…eta behar genuena, azken egunotako lan tentsioa dela eta.

Azkenean joateko ordua iritsi zaigu. Guk hala nahi ez arren, lotan daude jada batzuk, eta asteguna izaki ezin bada luzatu jaia. Goizaldeko ordubiak dira eta gure agurraz, ahoa bete hortz utziko ditugu azkenaldiz txinatarrok:

“Urte berri zoriontsua opa dizuegu. Ikusi duzue, nolakoak garen euskaldunok parrandan, eta baina lanean ere horrelakoak garela jakizue. Deskantsatu bada oporretan, bueltan lan mordoa daukagu zai eta.”

 

2012.01.20

Posted by: itxaxo.2013/05/13 23:01:27.587782 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/12 21:46:2.220395 GMT+2

Shanghaiko maratoia

Gero eta argiago dut iraunarazteko bideak aurkitu behar direla. Hau da, ez dago sufritu beharrik, alderantziz, dagokizun denbora ahalik eta ondoen igarotzea komeni dela.

Helburuak finkatzeak horretan laguntzen du. Helburu pertsonalak norberaren denborari zentzua bilatzeko asmoak dira, baldin eta lanagatik bizi bagara hemen behintzat.

Shanghaiko maratoia helburu bilakatu genuen euskaldun taldetxo batek. Gehienok maratoiak entzuteak ematen zigun zirraragatik edo, erdia egiteko asmo sendoa erakutsi genuen.

Honela hasi zen gure entrenamendua.

Egunero bazkalorduan gai errepikakorra bihurtu genuen eta ingurukoen saltsarako arrazoi ere bai. Ilunkeratan eta asteburutan sendo jarduten zuten artean batzuk, eta besteok, ahaleginetan formaltasunik gabe.

Pertsonalki, nire burua amona izaterakoan ilobei Shanghaiko maratoi erdia eginda nuela kontatzeak ematen zidan bultzada. Bazuelako bere toke exotikoa. Ez dakigu zer nolakoa izango duen 25 urte barru…

Aste bete lehenago Changsu herrian 10km-ko froga egitera animatu ginduen lasterkide batek. Eta hara joan ginen goizeko 5etan Triatloi elkartearen atarian elkartu eta goizeko 8etako karreran parte hartzera.

Experientzia polita eta hurrengo astean zetorkigunaren aurrerakin bat zela ohartu ginen. Batzuk, oinez, besteak saltaka, hangoak abiadura bizian gero gelditu eta handik lasterrara berriz sprintatzeko, ondokoa arnasestuka baina neska batek irabazi baino lenago azken hatsarekin aurrera ezinean. Pozarren parte hartzen dute herritar askok, motxilan musika daramanak besteon gozamenerako, argazki kamerarekin kanpotarroi argazkiak ateratzen dizkigunak, edo atzera biratu eta atzekoei ateratzen diena, edo eskua luzatuz bere buruari. Janzkerak ere badute zeresana, etxeko pijama, edo tergalezko galtzak edo jaka bakeroa daramana ere ikusi ostean zer pentsa ematen digu, guk mendebaldekook gastatzen dugun diruari so. Eta azkenean, ez ziren 10km, 11.8 baino. Beti dago zerbait.

Heldu da eguna, eta urduritasunaz gain autobidean kotxe pilaketa dago. Denok goaz taxian eta denok gura dugu Bund-era sartu. Heldu garenerako milaka daude pilatuta eta atzekaldean kokatu gara neska hirukotea. Kolosala da jende multzoa.

Irteera tiroa entzun dugunetik 11 minutu larri pasatu dira oinezean goazela, artean irteera marra pasatu gabe. Eta ekin diogu lasterketari, ahal dugun heinean. Jende andana dago, lurrean jertseak daude jada berotu direnenak nonbait.

Gu berriketan goaz, ikusi hangoa edo beste hori esanaz. Denetik dago, karrera baino ikuskisuna dirudi honek. Txankletekin ikusi dugu bat eta beste batek porlanezko habea darama bizkarrean, edo koloretako kantzotzillotan korritzen duena edo minigona bakerodun neskari so. Kontu kontari goaz aurrekoak nondik pasatuko kalkulatuz. Berandu hastearen ordaina da gu baino polikiago doazen guztiak aurreratu behar izatea etengabe.

Nanpu zubira igoera ikusgarria da. Batek zubi erdian gelditu eta bere buruari argazkiak atera nahian dabil. Besteak, taldean jarri dira argazkirako. Eta bapatean argazkilari profesionala lurrean hurrenez hurren aurkitu dugu. Eta gure lagunak dio: photo, photo! Hara non, agertuko den asteleheneko Shanghai Dailyko portadan. Damutuko zait beinke momentu gogoangarri horretan apartatu izana. Ez dut ikasiko bela egon behar denean egoten.

Luzea izango dela aurrikusita txizagure psikologikoa sartu etzait bada. Lehenengo komunak beteta daudela eta, aurrera segitu dudan arren, hurrengoan gelditu behar izan dut. Eta hau bai arrangura sartu zaidana, itxaron behar dudan hilara ikusterakoan. Nola da posible, karrera batean komun gutxiegi egotea…

Ondorioz, bakarrik egin behar izan dut falta zaidan beste erdia. Eta azkenerarte, jendea aurreratzen. Azkarrenak aurretik doaz eta polikiago doazenak ere bai. Beraz eta beste erremediorik gabe, kale zabalak izan arren, ez dago espazio haundirik zuzen desbideratu gabe joateko.

Helmugan 2:15 adirazten duen erlojua pasatu dut. Ze poza!

Eta lagun gazteak asko gustatu zaidan esaldia esan dit: “nagusitan zu bezalako izan nahi dut”

Eta maratoi osoa egiten diarduen lagunaren zai nagoen bitartean Haruki Murakami non ikusiko helmugaratu diren guztiei erreparatzen diet. Baina egia esan, ezingo nuke bereiztu haren ezaugarriak oso dira komunak hemen eta. Denak dira Murakami niretzat.

Dibertitu egin naiz nire bizitzako lehen maratoi erdian. Helburua beteta, ez da gutxi.

2011.12.04

Posted by: itxaxo.2013/05/12 21:46:2.220395 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/12 21:45:4.020905 GMT+2

AHT

Hemen badu zentzurik abiadura azkarreko trenak.

Gainezka joaten dira aldioro. Giza migrazioa da haien urte berri festan gertatzen dena. Familia bisitatzera joateko sasoia delako.

Hala ere, urte osoan zehar daude trenak jendez beteta. Trena da Txinako hiriak lotzen dituen garraioibiderik erabiliena. Nahiz eta autopistek eta hegazkinek ere egiten duten funtzioa. Oraindik orain edozein lekutara hurbil zaitezke trenez Txinan, bai eta Tibeteko Lashara ere, munduko altuera gorenera igotzen duen trena izaki. Beijinetik, itsasoaren mailatik gutxi gora behera Himalayako 8.000koen gain zuriak ikusi arteraino. Presurizatutako bagoietan oxigenoz honiturik eramaten du jendea Tibeteko 5000metrotik gorako landetan zehar.

Txinako ekialdeko Padura ehundaka kilometrotan hedatzen den bezala, hedatzen dira trenbideak erraz. Lokatzetan eraikitzen diren arren, pilotatutako oinarriaren gainean edozer eraikitzeko gai dira hauek. Shanghaiko karga portu erraldoiko irlarako zubiaren zutabeak uretan igeri daudela dioten bezala.

Bidaiariak dira bitartekoa balioztatzen dutenak. Erabili egiten dira trenak, orduoro bide bera betetzen duten arren beti doaz aseta. Gainera,nahi denean tiketak erosteko makinara hurbildu besterik ez duzu egin behar.

Pentsa daiteke trenean bidaiatzea abentura izan daitekeela, haien garbitasun keria dela eta. Baina, bestelakoa da zerbitzua. Tren azkarrak modernoak eta garbiak dira. Puntualitatea ezaugarri adierazgarri bat da. Eta hegazkinetan legez, billetea onartuko dizun makinatik igarota bakarrik pasatu ahalko zara dagokizun andenera. Kontrola eta zerbitzua ganorazkoak dira.

Eta zer esanik ez gaueko abiadura txikiko trenari buruz. Geltokairen handitasunak esaten du zein garrantzitsua den garraio hau, AHTarena bestekoa.

Itxaron gela ikaragarrietatik, demaseko tren luzeetan sartu eta hara sorpresa: bi literetako kabinan ohe bakoitzeko, telebista, kaskoak, argia, entxufeak, ohe koltxa zuria, burkoa, begietako estalkia, belarrietako tapoiak eta zapiak daude.

Gau osoz bidaiatu behar eta bidaia berezia abenturatu genuena lo gozoa bilakatu da, eta akordatu orduko, Shanghaitik Beijinerako bidea bete dugu, hotelean baino merkeago eta gehienetan baino are txukunago.

Ur beroa dago nonahi. Ur bero iturriak, noodle poteak betetzeko, edo norberaren ur edo te potea berbetetzeko. Bakoitzak berea darama eta hori da haien edari, egarri direnean asetzeko. Eta janaria momentuoro jaten dutenez, hutsean ontziratutako haragi poltsak edo arroz eta noodle sikuen poteak saltzen dizkizute.

Praktikoak direla ezin da ukatu.

 

2011.11.11

Posted by: itxaxo.2013/05/12 21:45:4.020905 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/12 21:43:21.775065 GMT+2

Santutegia gogoan

San Migel, San Anbasador, San Txoperena edo San Green Card.

Etxekolanak azken ordurako uzteak dakar abioia hartu aurretik lan gehien egin behar izatea. Ez dago nire eskutan baina hola gertatu zait Shanghaitik alde egin dudan guztietan. Eta oraingoan San Migeletarako etxeratu gura dut.

Enbaxadorearen bisita geneukan parkean eta guk oraindik orain ezin eraikuntza lizentzia eskuratu. Bada gure obra enbaxadoreari erakutsi behar zitzaiola edo… bera heldu baino ordu bete lehenago eman digute baimen dontzuoi. Bera izan ote da giltzaduna?

Txopok gora eta behera ibili ditugu egunotan, trajeatutako jendea nonahi eta gu Wang Feng gidari dugula, Kunshaneko Inspection Officetik Qiandengo bankura itzuli mitzulika. Noraezean.

Maratoia bukatu dudan sentsazioa daukat, baina karrera txiki baterako entrenatu ostean egindako maratoi luzea. Ia lurrean arrastaka heldu den maratoilariak azkenean merezia du saria: Green Card-a.

Congratulations, lan egin duten guztiei.

2011.09.29

Posted by: itxaxo.2013/05/12 21:43:21.775065 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/05/08 20:29:49.945783 GMT+2

Suichengluko dantza eta taichia.

Egunero zeharkatzen dut Suichenglu kale bizia. Eta bide erdi dagoen parkean ikusten ditut pertsona nagusiak taichia egiten, taldeka zein bikoteka… goizean goiz. Shanghaiko beste parke guztietan irudi bera aurki daiteke. Polita da.

Ilunkeran leku berberean dantzan arituko dira, gehienbat emakumeak. Norbaitek eramango du musika trastoa bizikleta gainean lotuta eta han hasiko dira pauso eta erritmo markatuaz dantzan, ariketa erlaxagarria egiten.

Ta nik lanera bidean eta lanetik bueltan ikusi eta mirestuko ditut. Asteburuan, dantzan batipat egin dut saiakera bat edo beste, baina ezin jarraituz alboratzen naiz. Ez dago irakaslerik eta musika guztiak dira ezberdinak.

Gazteek esaten didate, zaharrak direla egiten dutenak, eta badirudi ez diotela ez zentzurik ez eta erakargarritasunik ikusten.

Eta guk mendebaldekook aldiz ekialdeko kulturari zentzua hartu nahian.

2011.09.27

Posted by: itxaxo.2013/05/08 20:29:49.945783 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/24 20:30:40.770364 GMT+2

Ibai horia zeharkatzen

Erabaki dut Huánghé (ibai horia edo Yantsea) ezagutzeko irrikaz, inori ezer esan gabe egun pasa joatea, ibaia itsasoratzen ikusteko asmo biziaz.

Metroa hartu dut ia azken geltokirarte, Shanghai Daily-ko orrialde batean irakurria nuen lez. Baoyang portura heltzeko asmoz izen bereko geltokian atera naiz eta oinez zeharkatu ditut kaleok beti ekialderantza, itsasoak han egon behar duelakoan.

Merkatu bat ikusi eta kuxkuxeatzera sartu naizenean nabaritu dut ez daudela oso ohituak foreigner bat ikusten, eta egia esan niretzako ere orain arte ikusi ditudanetatik bortitzena iruditu zait. Aingirak eta arraiak baldeetan bizizik, mangeraz ureztatuz, oiloak kaioletan oilategia azokan balego lez, barazkiak garbitu eta hondarrak lurrean nonahi…usaia dario azokak.

Ailegatu naiz erreka-itsaso ertzera eta han daude txinatar gizonak haien kometak airean nork urrutirago eramango eta bestearekin kateatu gabe zeinenak denbora gehien dirauen. Polita da ikuskizuna.

Urruti dago oraindik portua baina heldu naiz, bide zidorretatik bakarrik.

Dena dago txineraz eta lehiatilakoak ez daki ingelesez tutik ere. Zelabait ulertu gara, nire txinera traketsean eta hartu dut bidaia bakarreko billetea. Ez dit saldu gura izan joan-etorria.

Itsasontzia kaskarra da eta ehun bat pertsonetatik ni naiz txinatarra ez den bakarra. Lasai nago horregaitik, baina ontziak ez dirudi oso fidagarria. Ur sakonetan murgildu orduko olatu txikiena ere senti daiteke… eta horrela 45 minutuan zeharkatu dugu ibaiaren erdia, Chonging irlara bainoa.

Erabaki dut ez naizela bide beretik itzuliko baina gaua egin aurretik lortu beharko dut medioa.

Oinez paseatu dut zibilizaziorantz eta taxiei galdezka hasi naiz ea Shanghaira eramango nauten ibai berberaren gainetik eraiki berri duten zubi bakarretik. Hirugarrenak esan dit baietz baina prezioa ongi negoziatu du hasi aurretik. Taximetrorik piztu gabe egin nahi du eguna.

Eta zapaldu du azeleragailua, abiada bizian lehioak guztiz irekita abiatu gara irlan barrena autopistara bidean. Ez dakit zein medio den arriskutsuago…baina ez dago besterik. Eta pentsatu dut akaso norbaiti SOS mezu bat bidaliko banio…

Irla berdea da, Shanghaiko parkeetan bezala klorofila gabeko berdea. Bizikletan ibiltzeko aproposa, ohitura dago bertan alokatzekoa ere. Ezberdina behintzat.

Heldu gara zubira, ikusgarria da. Pena merezi izan du zeharkazteak. Eta beste aldeko itsaslabarrera begiratuz garabiak eta haizerrotak dira porruak bailiran mietz landatuta daudenak. Ezker eskuin horizontera luzatzen dira kontaezineko kantitatean infinitoraino.

Taxi gidaria ibaiaren bestaldeko lurreldeotan arrotz sentitzen da nonbait, eta metrora hurbil nazala eskatu arren, autobide erdian geratu zait ezjakinean galduta. Nire telefonoko GPSa erakusten diodan arren ez da fido. Eta geldi dagoen beste lankidearekin hitzegin ostean nire 300RMB etatik eman dio zerbait ni eraman nazan metroraino. Tipo azkarra.

Eta pentsatu dut egunen batean itzuliko naiz, bai horixe… baina goizean goiz eta WangFengekin, noski.

 

I-LUNA

2011.09.25

Posted by: itxaxo.2013/04/24 20:30:40.770364 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/21 22:58:6.768790 GMT+2

Masajea

Masaje etxeak nonahi aurki daitezke. Bai gorputzekoak,bai hanketakoak, bai belarrietakoak ere… Pedikura eta manikura egiteko ohituraz gure lankide Mondragonekoen eskuei begiratu besterik ez dago. Gizakumeek nireak baino finago eta zainduago dituztela aspaldi konturatu nintzen, eskuetara begiratzeko fijazio baitaukat.

Denetarik dagoela esplikatzen dizute luze darametenek hemen, merkeago eta ez hain merke. Batean, sapaia erortzeko zorian eta besteetan urre koloreko kortinak. Funtsean denak berdin ematen dute igurtzia. Eta denak daude gaueko ordu txikiak arte irekita.

Txinatar erara edo oliozkoa, kontua da ordu betetan edo luzeago gustora sentitzeko bidea baduzula.

Gehienez hitz solteak esatera ausartuko dira eta zuri ulertaraziko dizute errepikatuz behin eta berriz: Toong? Zheli, Toong? Mina dela jakin eta Mingbae (ulertua) esan arte. Hitz jario gabeko elkarrizketa sortzen da, haren eskuek esaten eta ulertzen dutenari esker.

Toalla umel beroak dira amaieraren seinale, alde bat amaitu ta biratu baino lehen atal bakoitzaren gainean zapi beroa jarri eta garbituko zaituzte. Gozamena da.

Hurrengoan ere itzuli beharko, zein ez.

 

I-LUNA

2011.09.25

Posted by: itxaxo.2013/04/21 22:58:6.768790 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/15 20:30:15.962306 GMT+2

Ezin dut lorik hartu gauetan.

 

Eta egunak pasa ahala beldur gehiago hartzen diot egoerari, nahiz eta badakidan aterako garela, ez dakizunean noiz eta ezin zarenean inoren erantzunaz fido, ez eta erantzunik ez duzunean… inpotentziak beldur ikaraz janzten zaitu.

Beraiek ere konturatu dira zein arduratuak gauden xibanyatarrok (espainolok haientzako) eta orain laguntza eskaintzen hasi zaigu konstruktorea.

Horixe nahi izan dut hasieratik, benetako lana burutuko duenaren eskutik egotea beti. Azken finean, berak saldu zigun kontaktu onak zituela eta berak eraikiko digu estalpea. Zein hobeki bera baino lagun izatea? Guanxia. Zuzeneko harremana daukagu eta sarriegitan latzak dira eztabaidak. Baina badakit berataz ongi pentsatzea komeni zaigula, zaila den arren. Behin lankide batek beste batengatik esan zidan legez: “piensa que lo hace bien y lo hará mejor”. Orduan balio izan zidan, sinestean dago gakoa. Norberak sinetsi eta sinetsarazi, eta emaitzak hobeak izango direla seguru egon.

Baina zaila egiten da eta batzutan denak txikituko zenituzke. Egoerak hala eraginda gizarte osoari kulpatzen diozu gertatzen ari dena, txinatar guztiak ikusten ditut igual eta amorrazioz gogaikarri direla besterik ez dut sinesten.

Izua diot hauen boterea guregana helduko dela eta haien doinura dantzatu beharko dugula penstatze hutsari. Ez ditut atsegin, ez dira produktiboak eta are gutxiago efektiboak. Ez dute urrutira begiratzeko ahalmenik eta bakarka indibidualista eta haien artean konpetitiboak dira, ez diote utziko inori pasatzen (kolatzen) eta ahal dutenetan egingo dute.

Inoiz hau Matrix izatea gurako zenuke, desentxufatu eta amets bat zela, Txina existitzen ez dela pentsatu.

 

I-LUNA

2011.09.23

Posted by: itxaxo.2013/04/15 20:30:15.962306 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/04/09 20:50:35.835174 GMT+2

Shanghai

Bi silabaz osatua dagoen izena, Shang=gainean eta Hai=itsasoa. Beraz, itsasoaren gainean esan nahi du, itsaso Horiaren gaienan zehaztuz.

Urperatzen ari dela irakurri dut nonbait etxeen zimenduak lokatzetan daudenez eta harririk ez denez inondik ageri, pisuarekin lurra zapalduaz ei doa.

Asentamenduak hondoraketa dakarre.

Hondoraketa fisikoa baina ez horregaitik ekonomikoa.

Txinako etxeorratzik altuena izango dena eraikitzen dihardute eta eraikuntza lanak ikusten dira nonahi. Esango nuke ez dela punturik egongo garabi bat ikusten ez denik.

Itsaso eta ibaiak ere horiak dira, horiak izenez eta izatez. Kolore arrea dute lokatzak tindatuta hala.

Hori kolorearen ezaugarri batzuk dira hauek:

* Enperadore txinatarra eta haatik, monarkia txinatarraren kolorea da horia.

* Antzerkian zorte txarra ematen ei du kolore horiak, Molière horiz jantzita “Gaixo Imaginarioa” antzezten ari zela hil baitzen.

* Ekonomia eta medikuntza zientziak horiz errepresentatzen dira.

* Politikan, eztabaida batean sarri posizioz aldatzeari deritzaio horikeria (amarillismo)

* Horiak mesprezua adierazten duela esaten da.

* Eguzkia horia da

* Eta adiskidetasunaren kolorea da horia.

 

Horiak dira, horia dute ura eta horikeria da haien izaera.

 

2011.09.21

Posted by: itxaxo.2013/04/09 20:50:35.835174 GMT+2
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)

2013/03/29 23:19:21.010503 GMT+1

Aurtengo uda izango da berezia…

Amaren Shanghaiko etxean.

Oporretan etorri gara, beno etorri dira elkarrekin hegaz egin dugun arren. Mutikoak udalekutara eta ni lanera joango baitgara.

Amaren etxera sartu orduko sentitu dira gustora.

Aireportuan ezagutu dute Wang Feng eta denborarekin lagun bilakatuko dira. Orain ere, skypetik nagoela bulegora sartzen bada kasu egitera urbilduko zait gizona, nire semeak asko gura dituela adieraziz.

Zein gozoa den gure umeak eta bertako gidariaren artean sortutako harremana. Egunen batean fabore gisa udalekuetatik jaso ostean etxera eramatea eskatu diot ni berandu itzuliko nintzela esanez. Eta etxeratzean hara non aurkitu dudan berori, etxeko aulki batean eserita ume zai. Eskertzekoa da benetan hartu duen umeekiko begirunea eta ardura. Ez diot horrelakorik eskatu eta bera eskaini da ordea.

Hemen ez dago ezelako arriskurik, eta gainera, umeek erakutsi didate arduratsuak izaten badakitela. Are gehiago, izan behar dutenean ez dagoela ezer esan beharrik. Azkarrak dira eta tokatzen zaien papera ongi betetzen dakite. Goizetan bakarrik esnatu eta gosaldu izan dute txoferrarekin joan diren arte. Eta beste batean udalekuen bueltan baserrira ekarri dizkit hala eskatuta, eta han ere gustora egon dira. Seinale garbia geroago ere joan nahi izan dutela.

Udalekuen amaieran heldu da aita Shanghaira.

Batetik, lasaitasuna igerri dut, arduragabekeria atxiki baizidaten etorri aurretik umeak Shanghaiko udalekuetan bakarrik uzteagatik. Eskerrak dena ondo atera den.

Bestetik, opor sentsazioa izan dezatela gura izan dut eta aitarekin horretan dihardute. Nik ere arnas apur bat hartu beharrean, joan gara asteburuan Beijingera eta astebete Thailandiara ere.

Atsegina da, gustoa ematen du umeak gozatzen ari direla ikusteak. Denera moldatzen direla eta turismoa baino gehiago business oporretan disfrutatzen ari direla ziurtatzeak.

Denarekiko dute interesa, dena entzun eta ulertu gura dute eta badakite ama egiten ari den lana garrantzitsua dela etxekoentzat behinik behin. Aitak ere hala transmititzen die, amaren lanarekiko errespeto eta ardura.

Honela bada, gustora igaro dute uda sasoia batean pizinan, bestean hiri zurrunbilatsuan barrena eta besteetan, inguruko herrixka edo kooperatibak bisitatzen.

Afaritan ere hotel, jatetxe, garito ezberdinetara eta lankide guztiz ezberdinekin eraman ditugu: batean euskal herritik etorrritako lankideekin, txinatarrekin, expatriatuekin….

Etxera ere gonbidatu ditugu: Alex lagunak kartingetan ibiltzen erakutsi die, Alberto gerenteak moshi gozoak ekarri dizkigu opari eta berandurarte ez du alde egin nahi izan, edo Agustin jatorrak tortilla berezia sukaldatzen erakutsi die. Denak izan dira jatorrak eta dibertigarriak.

Mutikoek erakutsi digute badakitela dagokien modura egoten eta gainera interes haundiarekin entzuten jarduten dutela.

Bero egin du udan, beroa itsatsi egiten zaizu eta leku itxietan hoztu egiten zara. Hala ere, ohitu dira eta etzaie axola, amaren etxean ederto egoten baita.

Itzuli diren arte.

Agur txoferrari, lankideei… eta amari.

 

2011.09.01

 

Posted by: itxaxo.2013/03/29 23:19:21.010503 GMT+1
Tags: | Permalink | Comments (0) | References (0)