William Tyndale

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-10-06 07:12

Gaurko egunez, 1536an, erre zuten Wiliam Tyndale Vilvoorde herrian (Flandria), heretiko izateagatik kondenatu ondoren. Ingeles humanista eta teologo horrek itzulpengintzari eman zion bere bizialdia: Erasmoren testuak, Itun Berria, Hebrear Biblia...


Oxforden eta Cambridgen ikasi eta gero, erbestera jo behar izan zuen, zenbait testu ingelesera itzuli ondoan izandako istiluak zirela eta. Deserrian eman zituen ordutik hil arteko egun guztiak.

Lutherren itzulpenaren eragina nabarmena da haren lanean, eta badakigu harekin elkartu zela Wittenberg-en (1524). Erlijio-gerren erdian zegoen itzulpengintza garai hartan; casus belli zen: katolikoen herra pizten zuen, haien ustean Biblia ezin interpreta (itzul) baitzitekeen. Hala, Trentoko Kontziliora arte (1545-1563), katolikoek ez zieten tarterik egin herri-hizkuntzei predikugintzan edo testugintzan (ezin ahaztu daiteke San Jeronimok Jainkoaren argia jaso zuela Vulgata ontzeko). Berandu zen Tyndalerentzat, ordea.

Igarri-igarrian dago Tyndaleren eragina Bibliaren geroztikako ingeles itzulpenetan (Geneva Bible eta Douay-Reims Bible), baita King James Version deituan ere, zeina ingelesaren testu kanonikoetako bat izan baita mendeetan.

Ikus dezagun zer zioen Hasiera liburuaren itzulpenari egindako atarikoan.
Hara zerk eraman ninduen Itun Berria itzultzera. Nihaur ikusia naiz nola ezin den jende xehea egiaren bidean ezarri, eskriturak haien ama-hizkuntzan argiro jarri ezean, testuaren prozesuari, hurrenkerari eta esanahiari antzeman diezaieten [...]
"Nola sinets uler ezin daitekeena?" pentsatuko zuen Tyndalek. Eliza Anglikanoak gogoratzen du urtero, gaurko egunez, haren martiritza (heriotzaren data zehatza zalantzazkoa da, haatik). Guk ere, Canterburyri eta Erromari men egin ez arren, oroitera ekarri nahi izan dugu, ofizioko askok historian zehar izan duten pagua (ate osteko palua) ahaztu ez dezagun.


Utzi iruzkina: