Anitza

mariano 1456151252371 Egunerokoak | 2008-02-06 21:39

Sakelakoa

Sakelakoa, mugikorra, telefono eramangarria, segapotoa, mobila...Izen asko eta anitz gauza berberarentzat. Beharrezkoa bilakatu zaigun zerbait da sakelakoa. Ezinbestekoa, gehiengo batentzat, bederen. Gutxiengo batentzat, guri sortutako beste behar bat baino ez da, eta agian arrazoia izango dute. Gizakiak telefonorik gabe bizitzen jakin izan duen bezala sakelakorik gabe bizitzen jakin izan du ere. Zerk aldatu dizkigu gure beharrak? Argi dago, ez dago zalantzarik. Beti bezala, publizitateak izan du errua. 

Eta gu sakelakoa bizitza aldatuko ez ligukelakoan, horixe larriena. Teknologia menderatzen dugula sinetsita gaude eta ez teknologiak gu. Baina sakelakoaren adibidearekin garbi asko ikus dezakegu haren menpe gaudela. Sortutako tresna berri bakoitzak bizitza erosoago bihurtzea du helburu, hau da, jarraitzen ditugun ohiturak aldatzea, tresna hori gero eta gehiago erabil dezagun eta ezinbesteko bilaka gaitzan. Ez dakit nik guztion onerako jolasten dugun ala gutxi batzuen onerako. Egia esan, joera horren eraginaren aurrean ez dut uste egitekorik asko izango dugunik, beraz, teknologia ahoz aho ibiltzen jarraituko dugu eta teknologia sortzearekin batera gure menderakuntza ereingo dugu etengabe.

 

Maradona

Bai, badakit gai honek aurrekoarekin ez duela batere antzik, baina, aitortu beharra daukat: futbola ikusten dudan bakoitzean, berdin dio zer partidu, argentinako izarrarekin gogoratzen naiz. Ingalaterrari sartu zion golak txundituta uzten nau behin eta berriro, mila aldiz ikusita ere. Uste dut zazpi edo zortzi etsai gailendu zituela, aise gainera, dotore, Ingalaterra guztiari bizkarra erakutsiz, inor ez baitzen Maradona gelditzeko gai. Eta gero, jokaldiaren bukaera. Mitologikoa. Futbola ahalik eta gol gehien sartzean badatza, jenio batek bakarrik hauts lezake arau hori. Eta nor Maradona baino hobeto. Dena baimentzen zitzaion. Eta eskerrak. Artista hutsa zen seinaletzat har genezake Andoni Goikoetxeak jo zion ostikada. Itzela izan zen, beldurgarria. Baina modu hori bakarrik topatu zuen Athletic-eko jokalari ohiak, edo agian bekaitza sentitzen zuelako. Bekaitza argentinakoak baloiarekin egiten zuena berak inoiz ez zuelako egingo. Bekaitza Maradonaren itzala berea baino hamar aldiz handiagoa zelako. Batek daki. Baina gauza bat argi dago: bera, eta ez Pelé, ez Cruyff, ez Zidane, gure begiek ikusi izan dezaketen jokalaririk onena dela.

 

Espainia-Frantzia

Partidu hau idazten ari naizen honetan jolasten ari dira Malagan, Espainian. Espainiarrek etxean jolasten dute, publikoa haien alde dute, harmaila guztiak banderataz beteta daude. Frantziaren baten bat ere badago, baina erdi ezkututa. Oilar bat ere ikusi izan dezakegu. Esatariak Espainiaren jokatzeko moduak espainiar guztiak liluratzen dituela dio. Espainiarrak ez dakit, baina ni ez nau liluratzen. Frantziaren jokoa, ordea, kontrastatuta dago. Haiek dira, hain zuzen ere, munduko txapeldunordeak. Zerbaitengatik izango da hori. Espainiarren jokoa atseginagoa da, hego-amerikarrek egiten dutenaren antza ikaragarria du. Horri europar gehienek ez dituzten ohiturak dauzkatela gehituko bagenio, europarrak ez direla ondorioztatuko genuke. Eta gauza bat ez zait batere gustatu: hasieran ez dute Marsellesakoa errespetatu. Gutxi batzuk izan direla esango dute, baina garbi asko entzun ahal izan da. Beti bezala, jakituria erakutsiz. Eta gu haiekin bizi behar. Batzuetan lotsa ematen didate. En fin.


Utzi iruzkina: