Otsailak 1 ::: Prentsaurrekoko testua

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2012-02-02 00:00

Arratsaldeon eta eskerrik asko gaur gure deialdiari erantzun eta Metro Bilbaoko ELA-CIM-UGT-LAB eta ESK sindikatuk osatzen dugun greba-batzordearen adierazpenak zuzenean jasotzera etorri zareten hedabide eta pertsona guztioi.

ATZOKO BILERA ETA TXEMA OLEAGAREN PROPOSAMENA

Greba-batzordeak etsigarri deritze atzoko bilerari eta mahai gainean jarritako proposamenari. Bilerak berak eta proposamenaren edukiak ez dituzte inola ere presidenteak piztutako itxaropenak eta are gutxiago langileongan sortutako esperantzak ase eta bete.

Greba-batzordeak mobilizazioak eta lanuzteak etetea erabaki zuen urtarrila aurrera zihoala, akordiorako bidea errazteko. Hartara, urtarrilaren 26tik otsailaren 9ra, hamabost egunez, ez genuen ezer deitu eta antolatu, arazoa behingoz konpontzeko gure borondatea erakusteko.

Zuzendaritzaren erantzuna Iñaki Pregok abenduan egin zigunaren oso antzekoa da, berdina dela ez esatearren. Txema Oleagak metrora heldu zenean agindutako aldaketa, proposamen malguak eta langileek sentitzen dutena jaso eta ulertzeko iragarri zituen asmo guztiak “haizeak eroan dituen hitz hutsak” baino ez dira izan, urtarrilean ikusi dugunez.

Proposamenaren edukia lehengo bera da, Txema Oleaga eskaintza berriarekin datorrela saltzen saiatzen da baina puntuz puntu errepikatzen du zuzendaritzak auzi osoan behin eta berriro esan digun gauza bera.

Horregatik, greba-batzordearen iritziz, Txema Oleaga “bildots larruz jantzitako otso” gisa jokatzen ari da. Prego prentsako agerpenetatik eta negoziazioetatik alboratu eta Txema Oleaga aurpegi atseginagoa ekarri dute. Baina gatazka honetan ez dugu sermolaririk behar, ez eta ke-saltzailerik ere, behin baino sarriago esan dugunez. Eginkizuna arduraz eta zorroztasunez beren gain hartuko duten zuzendariak behar ditugu, auzia sortu duten gakoei aurre egiten dakiten pertsonak. Oleaga “azkeneko itxaropen” gisa aurkeztu dute gizartearen aurrean, baina argi uzten ari da egunez egun beste instantzia batzuetatik agintzen dizkioten diskurtso eta jarrerak makilatzeko prest dagoela, besterik ez.

Greba-batzordeak dei egiten die metroko langileei eta gizarteari oro har ez tronpatzeko prestidigitadorerik edo magorik onenaren pareko emanaldiekin.

Edozelan ere, greba-batzordeak konponbide-proposamena aurkeztuko dio zuzendaritzari. Konponbideak, hainbeste aldiz esan dugunez, orokorra eta egiturazkoa behar du, hau ez baita abaguneko arazoa.

Langileen eta sindikatuen eskubideak errespetatzea bermatuko duen irtenbide orokorra behar dugu. Gestio gardena eta informazioa langileen ordezkaritza-organoetara heltzea bermatuko duen irtenbidea, Sindikatuok eta zuzendaritzak negoziatu eta elkar errespetatzeko aukera eskainiko digun esparrua, akordioak adostu eta behar bezala betetzen direla jarraitzeko.

Horrekin batera, eta batzarren eta, ondorioz, langileen multzoaren gehiengoaren sentipena jasoz, greba-batzordeak bilera eta negoziazio guztiak ondorengo mobilizazioekin bateratuko ditu. Hori da, gure ustez, zuzendaritza honek ulertzen duen hizkuntza bakarra, langileen eskubideekin modu arbitrario eta arduragabean jokatzerik ez duela eta, are gutxiago, ez dutela Bizkaiko gizartea gestio negargarri eta inposatzailearen bidez zigortzen jarraitu behar.

Hurrengo deialdiak:

Otsailak 8: Elkarretaratzea Bilboko epaitegietan 9:00etan
Otsailak 9: Lanuzteak 7:30-9:30 eta 17:30-19:30 .
Otsailak 16: : Lanuzteaa 17:00-21:00. Eta manifestazioa Bilbon.
Otsailak 23: Lanuzteak 5:30-9:30 eta 18:00-22:00.


Utzi iruzkina: