Jai egunak bizi egunak, igande eta jaiegunetan ITXITA

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2010-02-27 00:00

Manifestazioa burutu zuen LAB -ek igarotako ostiralean Barakaldoko Megapark eremuan, jai egunetan merkatal zentruak ixteko aldarrikatu asmoz. Zerbitzuei dagokien Europako zuzentarauaren betekizunean Espainiako hainbat legeren aldaketak izan dira eta, horren harira, merkatu librerako deialdi sutsuak irakurri eta entzun izan dira. Ahots horiek proposatzen dutenaren arabera, krisialditik irtenbidea merkatu libreago batean aurkituko dugu, zenbat eta arau gutxiago, hobe. Hortik tiraka merkataritzaren ordutegiak berriro jarri dira ezbaian. LAB-en arabera, kontsumo eredu honetan sakontzetik ezer onik ez dugu aterako. Ordutegiei dagokienez, Euskal Herrira ekarri nahi duten ereduak soilik lagunduko die kate handiei, inondik inora ez merkataritza txikiari.


Badira hamaika arrazoi:

Egungo eredu ekonomikoa aldatzeko beharra aldarrikatzen urteak daramatza LABek, eta finantza krisiak eragin duen krisi ekonomikoak oraindik ageriagoan utzi du behar hori. Errespetuan oinarritutako kontsuko eredu arduratsua da irtenbidea, merkataritza txikiaren aldeko apustua ezinbestekoa izanik, bertako garapen ekonomiko orekatu baten bila joan nahi badugu.

Sistema kapitalistak zerbitzu guztiak berdinak direla sinestarazi nahi digu: supermerkatu bat edo ospitale bat, kasu; batak eta besteak asetzen dituen beharrak parekoak bailiran, zeharo desberdinak direnean.

Ezkutatu nahi dute dagoeneko merkataritzako eskaintza nahikoa zabala dela, 09:00etatik 22:00ak bitartean dendak irekita daude ondorioz, ez dago inongo behar errealik merkataritzako langileek jai egunetan lan egin dezaten. EUSTATeko datuen arabera EAEko azalera handietako salmentak %7,8 gehitu ziren 2009ko abenduan, adibide honek argiki adierazten du helburua beste bat dela, kontsumorako ohiturak aldatuta, beharrak sortarazi nahi dizkigutela, kontsumoa areagotu besterik ez dute nahi, diru gose ase ezina dute.

Beraz, arrazoiak asko direlako, saltoki handiak jai egunetan ez irekitzea helmuga, lanean jarraituko dugu, bai kontzientziatze lanetan, bai erantzunean. Egungo egoera, Hego Euskal Herriko herrialdeetan desberdina izanik ere, positibotzat jotzen dugu, orain arte egindako lanaren isla da:

- EAEn ez dago irekiera egunik, gure arrazoiak diru goseari gailendu zaizkio. Diruzaleen mehatxuei aurrea hartzea dugu helburu oraindik, jai egunetan saltoki handietako ateak itxita segi daitezen, argazki hori aldatzeko tentazioa izan baitezakete.

- Nafarroan "irekiera zero" horretara heltzeko bidean garelakoan gaude eta urtarrilaren 3 eta 4ean emaniko erantzunak, indarrak bilduz, apustu sendo horretan sakonduta, helburu lorgarria dela adierazten du.
 

 


Utzi iruzkina: