KRISIA KUTSATZEN (berrian, 2008-03-16)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:29


 

Finantza-ekonomia  ekonomia produktiboari gainditu zaiola esateko datu ugari badago. Estatu Batuetako balizko errezesioa herrialde garatuetara hedatzeko eredu berriek ere baieztapen hau sendotzen dute.

Duela hiru hamarkada errezesioa trasmititzeko bidea kanpo-merkataritza zen. Herrialde bat errezesioan sartzeakoan bere kontsumoa, ekoizpena eta inbertsioa apaltzen duen heinean gutxiago inportatzen du eta ondorioz herrialde hornitzaileak bere salmentak murriztu behar ditu. Gaur trasmisio bide honek garrantzia galdu du. Arrazoia: saltzen den globalizazio orokorraren irudiaren aurka, munduko merkataritza bloke geografikoetan konzentratzen da eta EEBBak Europear Batasunarekin harreman komertzial epelak ditu. Adibidez, EBak EEBBetara bideratzen dituen esportazioek bere BPGaren % 2 aren azpitik kokatzen dira (Txina eda Taiwan % 10aren inguru; Mexiko eda Kanada % 25aren inguru). Hortaz, ez bada ekonomiaren moteltzea edo errezesioa denboran mantentzen, bide honetik kutsapen ahalmena mugatuta dago.

Beste bidea finantza da. Estatu Batuetako burtsek munduko kapitalizazioaren % 40a suposatzen dute. Horretaz gain, argigarria da nola arazo lokal batek –arrisku handiko subprime maileguen morositate hazkundeak- ozeanoaren gain jauzi egiten duen guregana iristeko. Subprime hauek mailegu guztien % 13 baino ez dira, kalkulatzen diren galerak 70.000 milioi dolarren inguruan daude, eta hala ere, credit crunch-a sortzeko gai izan daiteke, kreditu eskeintzaren murrizketa sakona alegia. Bai Estatu Batuetan, bai Europan.

Nola igarotzen da Estatu Batuetako subprime krisi hipotekario lokalatik mundu garatuko credit crunch orokor batetara? Lehenik esan beharra dago subprime maileguak titularizatu egin direla, hau da, paper batetan bihurtu eta burtsa globalizatuan saltzen dira. Familia batek 60.000 dolarretako mailegua sinatzen du banku batekin. Baldintzak: lehen bi urtetan interesa % 4a eta hortik aurrera % 15a; eta bermea etxea. Bankuak mailegu hori burtsan saltzen du adibidez 60.000 dolar gehi % 6a salneurrian, % 15 irabazteari uko egiten dio, baina morositatearen arriskua tituluaren erosleari pasatzen dio. Erosleak badaki arriskua dagoela, baina % 9ko errentagarritasun altua erakargarria da.

Bigarrenik erosleak Europako Bankuak dira eta bapatean erosi dituzten maileguak ezin dituzte kobratu. Gainera paperaren atzean dagoen bermeak balioa galtzen du EEBBetan etxebizitzen salneurria behera doalako. Banku batzuek galerak erakusten dituzte: Citygroup, Merryll Lynch, Northern Rock Bank, UBS, Morgan Stanley…. Eskuratu dituzten tituluen galerak estaltzeko fondoak aktibatu behar dituztenean, beraien kapitalizazioa murriztu egiten da eta kreditu ahalmena kapitalizazio mailari legalki lotua dagoenez, mailegu gutxiago eskeintzera behartuta daude.

Hirugarrenik eta borobiltzeko, inork ez daki ze bankuk erosi dituen subprime maileguak eta ze neurrirarte hartu dituen arriskuak. Bankuen arteko mesfidantza areagotzen da eta beraien artean maileguak emateari uzten diote. Ematekotan interes altuagoarekin arriskuak konpentsatzeko. Azken honek Euriborra igotzen du. Likidezia arazoak sortzen dira. Honi aurre egiteko maileguak murriztu behar dituzte eta familien depositoak erakarri errentagarritasun altuagoa eskeiniz.

Kutsadura mekanismoaren azalpenarekin amaitzeko, kreditu eskeintzaren murrizketak ekonomia produktiboan eragina du. Maileguak emateko baldintzak gogortzeak -bai interes tasa igoz, bai bermeak gogortuz-, enpresetako inbertsioetan zein familien kontsumoan edo etxebizitzen erosketa ahalmenean eragin negatiboa du. Ondorioz ekoizpen maila jeitsi egin beharra dago saltzeko aukerak apaldu direlako, langabezia sortuz eta errezesio dinamika elikatuz.

 


Utzi iruzkina: