Kubatarrarekin dantzan

jonabril 1456149198743 Polietika | 2007-08-30 23:51

Euskaldunon Egunkarian hasi berria nintzen, azken orrirako kronikak idazten. Bilboko ExpoVacaciones erakusketara joan nintzen, Andoaindik hala eskatuta. Kazetari gehienek inaugurazio ofiziala jarraitu behar zutenez, artalde moduan zebiltzan, harat-honat. Nirea, aldiz, bertzelako kronika zen. Kazetari mordo harekin egin nuen topo halako batean. Orduko Turismo Kontseilaria zen han erakusketa inauguratzen. Bere presentzia baino, bere itxura berria izan zen notizi egun hartan. Ilehoriz tindatuta agertu zen lehenbizikoz jendaurrean. Hura zen argazkilarien pagotxa! Minutu guti batzuk geroago, argazkilarien gozamena areagotu zen. Kubako standaren parera heldu zen Turismo Kontseilaria. Kubatar beltzaran dantzari gaztea zuen esperoan. Takoi handiko zapata gorriak -benetako sozialistak, nola ez!- zituen jantzita, baina gustura heldu zion kubatar gaztearen gorputzari, eta dantzarako trebezia guti izan arren, ekin zion dantzari. Hura dut Rosa Diezen lehenbiziko irudia. Harrez gero bere mingain dantzagatik egin da ezagunagoa. Europara bidali zuten, han soinu gutiago eginen zuelakoan. Keba! Mingaina ongi dantzatu du Bruselatik ere! Alderdi sozialista utzi -eta bidenabar eurodiputatu postua- eta Savater, Martinez Gorriaran, Ciutadans, Basta Ya eta enparauekin alderdia osatzeko bidean da. Espainiaren defentsarako alderdi berria behar omen da, abertzaleok dugun gehiegizko protagonismoa gelditzera ei datoz.

Plataforma Pro eratu dute, datozen asteotan eratuko den alderdi berria bultzatu asmotan. Plataforma Contra izena egokiagoa litzateke, abertzaleen, ETAren eta PSOEren kontra sortua baita plataforma. ETAren aurkako borroka; demokrazia biziberritzea (badatoz demokraziaren salbatzaileak!!!); derrigortutako nazionalismoari aurre egitea (ultranazionalismotik, nola ez!); herritarren eskubideak defenditzeko konstituzioa aldatzea (zein herritarrenak? guztienak? abertzale eta ez abertzaleenak?); eta autonomi erkidegoen arteko eskubide berdintasuna ditu xede alderdi berriak.

Ezkerretik datorren jendeak osatu omen du alderdia. Politika sozialaz, baina, zero.

Ez nau alderdi berriaren arrakastak beldurtzen (lortuko dute diputaturen bat kongresuan sartzea). Abertzaleen kontrako orok lortzen duen anplifikazioari esker hedabideetan emanen diguten tabarrak kezkatzen nau gehiago.

Eurodiputatu kargua utziko duela iragarri (aspaldian Diezek egin duen zentzuzko gauza bakarra!) eta  Espainiaren askatasunaren bila datorrela iragarri du. Nonbait, PPk zein PSOEk euren sukurtsal autonomikoetan utzi dituzte estatuaren ardurak, Espainiaren kaltetan. Ez dut uste iritzi berekoak izanen direnik atzo arte bere alderdiki ziren sozialista nafar aunitz.

Hurrengo aste eta hilabeteetan ere emakume honek blog honetan idazteko motibo bat baino gehiago emanen didanaren sentsazioa dut. Eta ez, prezeski, kubatar beltzaran gazte batekin dantzan topatuko dudalako ostatu zokoren batean!


bastaya

Egile eskubideei zor, Basta Ya-ren webgunetik jasotako irudia da. Savater, Diez, Pagazaurtundua eta Martinez Gorriaranen irudia biltzen duten kamisetak atera dituzte Basta Ya-ren alde dirua biltzeko.





Utzi iruzkina: