Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/09/28 00:52:03.564 GMT+2

berrogeita hamaseigarrenean

Iraileko eguzki epelpean, oraindik haren arnas trabatuaren zurrunga lehorra aditzen ote dudan… Nekerik gabe irudika dezaket irribarre mikatz batez aldamenetik begira.

 

Azken hatsa eman ondorengo irudi eta errituak. Giza larderiaren bestondoa.

 

Through every dead and living thing

Time runs like a fuse

And the fuse is burning

And the earth is turning (….)

 

J. Browne

 

Gozoa bekio atsedena.

 

http://fotografiadepaisajes.com webgunetik hartua.

Nork: habailaria.2008/09/28 00:52:03.564 GMT+2
Etiketak: bizi artean hil | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/24 00:01:15.785 GMT+2

Time the conqueror

Kantari honen azken lana. Goxo, apal, irmo eta engaiatua. Aspaldi hartan kantatu zuena: nork bere hazietarik gutxi batzuk erein...

Nork: habailaria.2008/09/24 00:01:15.785 GMT+2
Etiketak: diskoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/09/13 19:15:55.712 GMT+2

Uda ondoa

Iraila da, maitea,

Mahats usaina da airean,

Hostozko tunel bat daukagu aurrean…

 

Balerdi Balerdi

 

Aise joan da uda. Ezarian ari zaizkio jada Historiaren hautsa eta goroldioak lotzen. Oraindik kolore biziko irudi zaizkigunak -ikasturtearen amaierak gurasoontzat dakartzan buruhausteak, opor lekuko itsaso eta itsas bazterren  eguzkipeko distira,…-, laster dira sepia kolore bakarrean lausotuko. Eta garai historiko bilakaturik, gertaera nagusiak zaizkigu errepikatuko etengabe fedabideetatik (I. Segurolaren maneran esateko): Kaukaso aldeko gudaldia, hegazkin istripuak,…

 

Eta, konturatzerako, hemen da ostera ikasturte berria. Hemen atzera buruhausteak (Administrazio autonomikoa lana eta familia bateragarri egiteko ematen duen laguntza urriaz hain harro azalduagatik)…

 

Ikasturte berria euskaltegietan ere bai. Eta azken honi hasiera emateko David Crystal hizkuntzalari galestarraren hitzaldia: hizkuntzen galeraz-eta (ehun urtean 3000 hizkuntza inguru galduko omen da munduan), lehenago ere esan izan direnak. Albiste horren hariari tiraka kausi ditzake nahi duenak Crystalen webgunea eta bloga. Eta haietan irakur hizkuntzaren galerari aurre egiteko edota, galdu arren, inoiz birsortu ahal izateko, hizkuntza dokumentuetan jasotzeak duen garrantziaz dioena. Geureari dagokionez beraz, gauza handirik erantsi beharrik ez da izango, noski.

 

Uda hondarrak ekarri dizkigun pozetarik da Lagun izoztuaren ailegaera. Antartida hotza utzita gure artera dator berotasun apurrik ematera. Eta, zer nahi duk bada esatea: orain ere erakutsi duk zeinen kixkalgarri suerta daitekeen izotza. Ongi etorri eta hurbilean ibil!

 

Beste pozetako bat da goian aipatu Iñaki Segurolaren Nere gorringotik liburua esku artean hartu izana. Eztenka eta xirika… euskaraz maisuki, aurretik Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo hartan bezalaxe.

 

Salute, Hondarribian dago Amute.

Nork: habailaria.2008/09/13 19:15:55.712 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/02 15:15:50.874 GMT+2

Igandeko egun pasa

Bazkari-eguna Zarautzen. Lagunarteko festa.

 

Goizeko bederatziak. Hiru lagun abiatu gara oinez Igeldoko kanpinean. Euria goien-behean. Aterrunerik gabeko jasa. Guardasoletan babestuta egin dugu bidea. Ez dabil haizerik, zorionez. Bideak eta bide-zidorrak erreka bihurtuta. Ur emana ikusgarria da.

Diren zuloak oro bete ditu urak. Hamarna dakusagu bare eta zizareak zoruan. Arrantzaleen poza egingo lukeen neurriko zizareak. Oinak plisti-plasta oinetakoetan; prakak ipurmasailetara jarioan bustiaren zamaz. Euriaren hotsa baizik ezin aditu.

 

Autoren batzuk igaroan. Boluntario eta laguntzaileak Donostiako triatloierako anoa-puntuak prestatzen ari. Bapatean, bi gizaseme kirol-jantzian bide zidorrean gora lasterka. Orioko arraunlariak hauspoa indartzen, beharrik balute. Atzerago beste bat eta, gero, beste bat ere bai. Gaur traineruan tostarik gabe geratuak, beharko lan gogorrean tematu bihar-etzi lekuren bat lortuko badute hamahiruko koadrilan.

 

Hamaika t’erdiak. Kafesne beroa Orion eta berriz bidean. Lehen euri lodi izana, dezente mehetu da orain. Talai-mendiren oinean baserritarra aizkoran. Maldaren amaieran Zarauzko kanpina. Iñurritzaranzko jaitsiera, bideko irristalekurik arriskutsuena gertatu zaigu. Ordu bata. Zarautz.

 

Elkartean mahaiak atonduta. Adin guztietako umeen burrundara. Aspaldian ikusi gabeko lagunekin solas. Aurrerago, elkarrizketak ohikoan errenditu dira. Ura bere bidean.

Nork: habailaria.2008/06/02 15:15:50.874 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/05/16 15:19:30.777 GMT+2

Jatekoak zerekin ondu

Sarean zehar nabigatuz aurki daitezkeen blogetako batzuek, gure exkaxaren neurria erakusten digute. Bereziki gustukoa dudanetako bat da Piperrautsa izenekoa. Maiatzaren 9an, gure betiereko gai arantzatsuaz jardun zuen zehatz eta serio, blogaren arima den Mikel  Irizarrek.

 

Barkatuko ahal dit egileak baldin eta artikulu horretarako erabili zuen David eta Goliaten konparazioa, modu arinagoan erabiltzen badut nik orain baina, gorputzez-gorputzeko borrokari ixkin egin eta  habailaren erabileraren apologia egiten duenez, motibazio berriak ekarri dizkit habailarriak jaurtitzen jarraitzeko tai gabe.

 

Haatik, artikuluan jorratzen duen gaia ez da txantxetakoa eta Mikeli esan gura nioke bat natorrela guztiz berarekin. Hori besterik ez.

 

Ikasiko ote dugu inoiz behar den argitasunarekin jokatzen, hain jokaleku bihurrian? Edota trapu gorria parean jarriko diguteneko, itsuan ekingo diogu beti? Bada injinerutza modu berriren bat sortzeko garaia !

 

Nork: habailaria.2008/05/16 15:19:30.777 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/29 17:55:11.886 GMT+2

Puaf

Horrelaxe idazten dugu: presaka eta txarto. Ahotsean aztarna? Hum!

Gure estiloak badu fintzeko premia.

 

Aurrekoan aipatu kanporako bidaia, egonaldia, etab. ondo antzera amaitu dira. Arreba gure artean daukagu berriz eta amaren etxean ari da osatzen. Nahi nioke habailarri honi  kutsu dramatikoa apur bat arindu eta, ahal dela, tonu berria erantsi.

 

Honetan utziko dut gaurkoz. A bientôt.

 

Nork: habailaria.2008/04/29 17:55:11.886 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/07 01:03:57.341 GMT+2

Bisita

Bidaian abiatuko naiz bihar arrebari ebakuntza egin dioten hirira. Ilusio handiz noa. Telefonoz hitz egin nuen atzo berarekin eta ahotsean ez zitzaion konbalezentziaren[1] aztarnarik igartzen. Argazki bat ere bidali zigun: burua guztiz soilduta eta esparatrapuzko txaplata handi bat buruaren gainaldetik garondo-azpiraino itsatsita. Gajoa. Laguntzaile dituen arrebek diote oso guapa [2] dagoela ilerik gabe.

 

Egunetik egunera hobera ari da egiten eta, suspertu ahala, etxekoen gertutasuna senti dezan da orain helburua. Ospitaleko lantaldeak hagitz ongi artatu ditu arreba zein familiartekoak baina, etxetik kilometro askotara egoteak berarekin dakar, ezinbestean, arrotz sentitzea.

 

Egoerak zerikusi handirik ez duen arren, nahi ez dudala ere, gogora datozkit anaia zenarekin ospitalean pasatako orduak. Eta, gomuta horiei lotuta, aurreko artikuluan aipatu Kirmen Uriberen "Bisita" poema. Halako gertaera gogor baten koadro zehatza eta hunkigarria  marrazten baitu Uribek, betiereko esaldi hura dakarrena: Bitartean

 

Barka ezazue errepika. Poema hori azken urteotako bidaidea dut…



[1] Eriondo, gaixondo, susperraldi,…

[2] Eder, galant, zirats,…

Nork: habailaria.2008/04/07 01:03:57.341 GMT+2
Etiketak: kronika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/02 18:36:22.813 GMT+2

Arreba

Gaur egin diote ebakuntza arrebari Estatuko ospitale batean. Oraintxe jakin dut atera berri dutela ebakuntza-gelatik. Uste baino arazotsuagoa gertatu omen da ebakuntza baina, azkenerako, han diren gure beste arrebek esan digutenez, medikua pozik azaldu da emaitzarekin. Hala ere, goiz da ondorioak aurreratzeko. Ondorengo orduotan jakingo dugu zertan diren gauzak.

Kronika hauek zuentzako idazten ari naiz, gure seme-alaba txiki horientzat. Irakurtzeko adinean izango zaretenean, inoiz txoko honetara gerturatuko zareten ustean. Gure oraina zuen etorkizuneko begiralekutik aztertuta, guk hartutakoak baino erabaki zuzenagoak har ditzazuen.

Zeinen latza den halako gertaera gogorrak familiko guztiok elkar harturik ezin bizi izatea. Tamalez, horretara ere ohitu egiten da bat eta gure izaeraren ertz zorrotzak bat ere kamustuko direnik ez dugu jada espero. Gure zaharren akats berberak zeinen modu mingarri eta erridikuloan errepikatzen ari garen!

Lehenago anai bat  (zuen osaba) galdu izanak ez digu  nonbait nahikoa irakatsi egoera berrioi beste jarrera batez aurre egin ahal izateko.

Ez ahal da zuen artean halako etenik sortuko sekulan, umeok!

Izeba onik aterako da. Bere sofrikarioak dirauen artean, ordea, utz iezadazue esaten , haren ohe ondoan bageunde bezala, Kirmen Uribe idazlearen harako hura: Bitartean, heldu eskutik arreba...  

 

Nork: habailaria.2008/04/02 18:36:22.813 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/30 01:57:38.239 GMT+1

Hastapenean

Urteak dira Iñaki lagunak Josep Plaren "El cuaderno gris" liburua eskuratu zidala, Dionisio Ridruejok, emaztearen laguntzaz, egin itzulpenean. Egunotan hasi naiz irakurtzen. Kasualitatez, martxoaren 18ko Berriak, aipatu liburua blog modura berrargitaratzen hasiak direneko albistea zekarren. Egileak egunkari gisa idatzi zuen eta, aurten, laurogeita hamargarren urteurrenaren karietara, idazlearen izena daraman fundazioak egunez egun ateratzen du dagokion zatia. Bitxia aldiro jasotzen duen iruzkin kopurua. Posible ote litzateke gurean halakorik? Eldarnio nirea! (Plazer duenarentzat: El quadern gris).

Irakurritakoari dagokionez, anekdota moduan aipatuko dut Pio Baroja antiafrodisiakotzat hartzen duela. Gainera, idazle mistikoa deritzo eta ez zaio iruditzen donostiarraren lanak gazteek irakurtzeko bat ere gomendagarriak direnik.

Ea ba aurrerago zer dakarren...

Aurtengoa bezain euritsua izan ote zen urte hartako (1918) martxoa Euskal Herrian? Eskerrak gaurko eguzki epelari. Ume txikiak dauzkagun guraso guzti-guztiak elkartu gara plaza eta parkeetan.

Berandu gabiltza. Ondo lo egin.

Nork: habailaria.2008/03/30 01:57:38.239 GMT+1
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)