Gernika: Ekitaldiz jantzitako festak

goitibeherak 1456133400146 GOITIBEHERAK | 2006-08-13 00:00

Beste hainbat ekitaldirekin batera, goitibehera txapelketak garrantzi handia izango du Gernikan

JAN ETXEBARRIA

Atzo hasi ziren San Roke eta Andra Mari jaiak, eta ekitaldi ugari izango dira irauten duten biartean. Jai giro mota bat baino gehiago aurkitzea posible izango da aurten Gernikan, eta, gainera, herri horretan tradizio handia duten emanaldiak ez dira faltako. Horien artean, urtero antolatzen duten goitibehera jaitsiera nabarmendu behar da, baita musika mota askotako kontzertuak ere.

Horretaz aparte, kirol txapelketa eta erakustaldi asko izango dira, hala nola errugbi txapelketa, zesta-punta lehiaketa, Gernika Hiria futbol txapelketa eta Andra Mari egunean izango den goitibehera jaitsiera.

GOITIBEHERA MOTA ASKO. Gernikako jaietan urtero egiten den Goitibehera Txapelketak denbora asko darama jaiak girotzen, eta, horregatik, festetan tradizioa izatera iritsi da. Xabier Gerrikabeitia Gernikako Goitibehera txapelketaren antolatzaileak honela azaldu dizkigu txapelketaren ingurukoak: «Goitibehera Txapelketa orain dela 25-30 urte hasi zen egiten. Lehen beste gizon batek antolatzen zuen, baina lehiaketa antolatzeari utzi zionean, guk Arrano kultur elkartetik Gernikako ohitura hori mantentzearen alde egitea erabaki genuen, eta, hala, orain dela 13 bat urte berreskuratu genuen goitibehera lasterketa» .

Goitibehera lehiaketan zenbait kategoria daude. Alde batetik, zurezko goitibehera handiak, burdinazkoak eta umeek erabiltzen dituztenak daude. Bestetik, gomazko gurpilak dituzten goitibeherak daude. Aurreko horietatik aparte sailkatu behar dira, Euskal Herrko txapelketan puntuagarriak izango direlako. Gerrikabeitiak esandakoaren arabera, «gomazko gurpilak dituzten goitibeherak araututa daude neurrian, luzeran, zabaleran... Besteek, ordea, ez dute araudirik. Puntuagarria den proba horrek, beste herrietan antolatzen diren lehiaketekin batera, Euskal Herriko txapelketa osatzen du».

Gernikako goitibehera jaitsiera Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria den arren, Euskal Herriko goitibehera federaziorik ez dago. Beraz, goitibehera txapelketetan parte hartzen duten lehiakideak ez daude federaturik, eta horrek zaildu egiten du goitibeheraren kirolak aurrera egitea.

Hala ere, nahiz eta federaziorik ez egon, Gernikan kirol horrek ofizialtasuna lortu duela esan daiteke. Egia esanda, 40 bat goitibehera jaisten dira urtero Gernikako aldapetatik, eta jende asko gerturatzen da hain erakargarria den txapelketa hori ikustera. «Jendez gainezka egoten da gehienetan. Gainera, Andra Mari egunean ospatzen denez, jendeak aprobetxatu egiten du goitibeherak ikusteko. Nire ustez, urtean behin egiten denez, Gernikako jaietan egoten den kirol ekitaldi garrantzitsuena da», dio Gerrikabeitiak.

Goitibehera txapelketa amaitu bezain pronto, sarien banaketa hasiko da. Zurezko goitibeherak, burdinazkoak edo gomazko gurpilak dituztenen sariak berdinak izango dira. 90 euro jasoko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak; 60 euro bigarrenak eta 30 euro hirugarren postua lortzen duenak.

http://www.berria.info/paperekoa/plaza/2006-08-13/042/007/Ekitaldiz_jantzitako_festak.htm


Utzi iruzkina: