Euskal Herriko Kirolarien manifestua

goitibeherak 1456133400146 GOITIBEHERAK | 2008-12-03 00:00

Euskal Herriko Kirolarien manifestua

2008ko azaroaren 13an, Euskal Herriko futbolarien izenenean, 165 futbolari eta futbolari ohik prentsara bidalitako agiriak hautsak harrotu dituela ikusirik, modalitate ezberdinetan parte hartzen dugun Euskal Herriko kirolariok honako iritzia kaleratu nahi dugu:

1.- Agiria babestu duten futbolarien arrazoi eta erabakiarekin bat egin eta gure egiten dugu, eta Euskadiko Futbol Federazioari Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko bidean atzerapausorik ez emateko eskatzen diogu.

Aurreko urteetan futbolariekin elkarlanean hasitako bideari jarraituz, aurtengo abenduaren 23an, "Euskal Herria-Iran" partidua antola dezatela eskatzen diogu.

2.- Gure babes osoa adierazten diegu Euskal Herriko futbolarien izenean agiria atera duten futbolari eta futbolari ohi guztiei. Era berean, inolako zentzurik gabe jasan behar izan dituzten irain eta presioak albo batera uzteko eskatu, eta, batzuk agiriaren mamiari heldu beharrean, eztabaida izenaren kontura soilik bideratu nahi izana salatzen dugu.

3.- Kasurik gehienetan, ez dugu nazioartean ofizialki gure koloreekin lehiatzerik. Gure kirol ibilbidean jarraitu ahal izateko, aurrera egiteko, eta mundu mailan prestigiorik handiena duten txapelketetan parte hartu nahi badugu, Frantzia edo Espainiako ikur eta koloreak defendatzera behartuak gaude. Gaur egun, ez dugu beste aukerarik, zirrikitu txikiena irekitzen den egunean, Euskal Herriko kirolariak zirrikitua bide zabal bihurtzeko gure konpromisoa agertzen dugu.

4.- Txapelketa ofizialetan gure herria, Euskal Herria, ordezkatzeko aukera izatea da eskatzen duguna. Horretarako, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia, eta Zuberoako kirolari guztiok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu. Ez goaz inoren aurka, ez goaz inori ezer kentzera, dagokiguna aldarrikatu eta garena izan nahi dugu, ez besterik.

Badakigu, bide luzea dugu egiteko; oztopo asko gainditzeko; izerdi asko botatzeko; horregatik, ez diezaiogun geure buruari mugarik jarri, ez dezagun atzera egin. Asko gara aurrera egin nahi dugunak, indarrak bildu eta egin dezagun aurrera!

Euskal Herrian 2008ko azaroan

 

Nazio bat, Selekzio bat

http://www.naziobatselekziobat.org/wp-content/uploads/2008/12/euskalherrikokirolariakzerrenda.pdf


Utzi iruzkina: