Tabernetako filosofia

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-07-02 12:08

Zapatua. Arrastia. Kuadrilakoekin tragoak hartzen. Lagunen arteko solasaldia. Erdaraz.

Kuadrilako neska batek mutil laguna topatu du. Haren gainean berbetan ari ginen. Kuadrilako batek kontatu zuen tipoak esan ziola "niri euskaraz mesedez". Kuadrilakoak ez zion ezer esan. Baina guri bai.

Oso artifiziala egin zitzaion kuadrilakoari. Izan ere, berak dio euskaraz egiten diola euskaraz zuzentzen zaionari, baina horri erdaraz egingo ziola momentu horretatik aurrera. Artifiziala zergatik? Neska lagunarekin erdaraz egiten du tipoak. Kuadrilakoak esaten zuen berak jende askorekin egiten duela euskaraz (eta egia da, nirekin adibidez), baina berari euskaraz egiten badiote sistematikoki, bestela ez diela zilegitasunik aitortzen horrelako moralkeriekin dabiltzanei.

Zer pentsatua eman dit lagunen ateraldiak. Zentzu batean, berarekin ados nago, baina barruak esaten dit ehuneko ehunean ezin naizela berarekin bat etorri. Ala bai?


Utzi iruzkina: