KZjaia3

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-04-08 09:32

Aurreko bietan bezala, hirugarren Kazetaritza Zientifikoaren jaian hartu dut parte. Eskerrak eman nahi dizkiot Koldo Garciari (@koldotxu) hain prestu eta hain gogotsu ibiltzeagatik anfitroiarena egiten. Animoak txo!

 

Honako artikulu hauekin egin dut dantza jaian (laburpenak Koldotxurenak):

 

1. Chloroflexi, askotarikoak eta beraien artean ezberdinak diren bakterioak "Plangintzen balorazio soziolinguistikoa (i)" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) enpresetako euskara planei buruz ari zaigu. Plangintza mota ezberdinak azaltzen dizkigu eta euskara enpresa munduan nola txertatu daitekeen galdetzen du.

 

 

2. Nitrospirae, nahiko ezezagunak diren bakterioak “Plangintzen balorazio soziolinguistikoa (ii)” ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) aurreko ekarpenaren jarraipena egiten digu. Ebaluazio soziolinguistikoaren dimentsio makrosozialan sakontzen du hainbat alderdi azalduz: enpresetan euskaraz aritzera behartuta ez egotea, badirudiela gizarteak ez diola hainbesteko garrantzirik ematen, diru-laguntzak eta enpresen errekonozimendua.

 

3. Amoebozoa, protozo ameboide talde nagusia "Plangintzen balorazio soziolinguistikoa (iii)" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) enpresetan euskararen lekua aztertzen jarraitzen du. Sortako kapitulu honetan gizartearen dimentsio mikrosoziala du hizpide. Barneratzen dituen hiru egoera azaltzen dizkigu: solaskideen ageriko gaitasuna, lankide zein bezeroei begira identifikazioa erreztuz; harremanen trinkotasuna, harreman-sareen garrantzia; eta hauta egiteko ahalmena, ordezkarien hizkuntza trebeziaz. Azkenik liderren formakuntza ekartzen digu.

 

 

4. Percolozoa, kolorerik ez duten eta transformatu daitezkeen protistak "Plangintzen balorazio soziolinguistikoa (eta IV)" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) bere ekarpen sortaren azken atala dakarkigu. Honetan norbanakoen mailan kokatzen diren gaiak azaltzen dizkigu: gaitasun erlatiboa, beste erakunde baten eskuetan gelditzen dena; motibazioa, ezezagun handi hori; eta komunikazioa. Azkenik lan arloan euskara-normalizazio planei buruz gogoeta egiten digu.

 

 

5. Ascomycota, onddo-talde ugariena eta bereizgarria den egitura dutena "Hizkuntza komunitatea" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) hizkuntza komunitatea definitzeko dauden zailtasunak azaltzen dizkigu, Maddi Juaristiren Prezi aurkezpen eta guzti. Gaia hainbat jakintza-arlotan landu bada ere komunitatearen definizioa zaila da, oinarriak zeintzuk diren ebaztea zaila baita. Ondorioz hizketa komunitatea eta praktika komunitatea kontzeptuak sortu dira.

 

 

6. Bryozoa, lofoforo deitutako berezko egitura duten 1000 bat espezie urtar "Normalizazioa" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) Normalizazio kontzeptuari buruzko hausnarketa dakarkigu. Nork eta noiz hedatu zuen aurkeztu ostean eta hitzaren arrakasta azaldu ostean, gaur egun balio ote duen galdetzen du. Hizkuntza aniztasunak hizkuntza-nazio kontzeptua kolokan jarri duela deritzo eta, normalizazio hitza oraindik erabiltzen bada ere berak erabiltzeari utzi diola.

 

 

7. Gastrotricha, urtarrak diren zizare itxurako animalia mikroskopikoak, 700 bat espezie, "Galdera" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) hausnarketarako ekarpena egin digu. Lagun batek galdera potoloa bota dio eta erantzun argirik ez zuenez hor eta han erantzun bila ibili da. Baina ezer argirik ez duenez aurkitu gure iritzia eskatu digu. Zeri buruz? Horretarako irakurri beharko duzu!

 

8. Phoronida, lofoforoa erabilita jaten duten animalia itsastarrak, 10 espezie inguru, "Nola txertatu genero-ikuspegia hizkuntza-politikan? (1)" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) genero-ikuspegia hizkuntza-politikan txertatzeari buruzko G. Oruesagasti, J. Arakistain eta A. Otaegik idatzitako artikulua laburtu digu. 5 puntu nabarmentzen dizkigu eta bakoitzari buruzko gogoeta: euskalduntze-prozesuetan emakumeen presentzia handitu bada ere ez da ezagutza-datuetan islatzen; hizkuntzaren transmisio amatiarra; emakumeen bidezko transmisioa; sozializazio-prozesuak hizkuntzaren erabileran duen eragina; eta nerabeen harremanen eragina hizkuntzaren erabileran.

 

 

9. (+)ssRNA birusak harizpi bakarreko RNAz osatutako birusak eta DNA aurrera kopiatzen dutenak, katarroaren birusa adibidez, "Nola txertatu genero-ikuspegia hizkuntza-politikan? (2)" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) genero ikuspegia eta hizkuntza politika uztartzen jarraitzen du. Oraingoan, Goizargi Oruesagasti, Joana Arakistain eta Aizpea Otaegiren lanetik beste bost ondorio laburtzen dizkigu: gelaz kanpoko jardueretan nola eragin; emakumeek bete ohi dituzten lanen aitortza, euskaldunagoak baitira; emakume euskaldunen ahalduntzen handiagoa; euskalgintzan emakumea protagonista ere izan behar du; eta feminismo eta euskalgintzaren arteko elkarlana.

 

 

10. Limousin, Frantziar jatorriko haragirako arraza "Ama hizkuntza" ekarpenarentzat. Txerra Rodriguezek (@garaigoikoa) Ama hizkuntza kontzeptuari buruz dituen dudak ekartzen dizkigu, Paula Kasaresen tesiko hitzak hartuta. Eta horretatik abiatuta gogoetarako galderak uzten dizkigu.

 


Utzi iruzkina: