Arnasguneak Mikel Zalbideren arabera

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2016-01-11 09:34

Bat aldizkariaren 95. aldizkaria arnasguneei buruzkoa izan da oro har. Mikel Zalbidek 2008an egin zuen txosten argitaragabe bateko aipua dakar Iñaki Iurrebasoren artikuluak. Handik kopiatu eta ekarri nahi izan dut:


Zer da arnasgunea? (...)

 

Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu gabe eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsan, Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea.

Euskaldunak euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan, hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezi (zenbaitentzat “xelebre”)-rik gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena. Hori da euskal arnasgune petoa, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa bere betean (beste leku gehienetan baino askoz nabarmenago) segurtatzen duena.

Aparteko antolamendurik gabe ikasten dute horietan haur txikiek bertako hizkuntzan. Hala ikasten dute hitz egiten. Lehenik hitz egiten eta gero, eskola eta abar lagun, irakurtzen, idazten eta bertan ahoz aho dabilen hizkuntza horren errejistro eta aldaera jaso, landu, formalizatuagoak erabiltzen.

Hori da osasun oneko hizkuntzen belaunez belauneko jarraipen-bide normala, prototipikoa (...)

Lehentasuna dute, horregatik, hizkuntzari bizirik eutsi nahi bazaio eta indarberritu egin nahi bada. Horiek dira, Fishman-en eta beste zenbaiten ustean, hizkuntza indarberritzeko saioaren abiaburu natural eta baliagarrienak. Hori gabeko normalkuntza ez da normalkuntza. Ingurumen horien zaintza-ardura bigarren edo hirugarren lehentasun-mailara daramana ere ez.


Utzi iruzkina: