Zarautz 2 eta Su-Berri 1 Gipuzkoako txapeldun nagusi kategorian

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2012-11-06 01:59

Urriaren 27an Zarauzko Aritzbatalden jokaturiko neska nagusien elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketako finalak oso onak izan ziren eta emozio handia egon zen bi partidetan. Arratsaldeko lehenengo finala 2. mailakoena izan zen. Bertan, ligaxka osoa menderatu zuen Orio taldeak aurrez-aurre Zarautz 2 taldea izan zuen. Hasieran bazirudien Orioko bikotea sendoagoa zela, baina zarauztarren hasierako urduritasunak lasaitu bezain laister partidaren agintea hartzea lortu zuten Itxaso eta Leirek. Berdinketa ugari egon ziren arren, partidaren azken txanpan Zarauzko bikoteak tanto ugari lotu zituen elkarren artean eta azkenean 30 eta 22ko emaitzarekin txapela lortu zuten. Pilotarien poza agerian geratu zen, izan ere azken urteetako emaitzarik onena izan baita Zarauzko elkarteko neskentzat. Orioko bikoteak txapeldunorde postuarekin konformatu behar izan zuen, iaz maila eta kategoria honetan bartan lorturiko txapela ezin izan zutelarik berriz lortu. Arrate eta Naroa partida hasieran hobeto moldatu ziren baina tantoak pasa ahala eta zarauztarren jokoak eragindako presioaren ondorioz, urdiritasuna sartu zitzaien eta ezin izan zuten beraien jokoa erakutsi, batez ere Naroa ibili zen pilota berak dakien moduan jo ezinik. Hala ere partida interesgarria izan zen.

Ondoren 1. mailako final interesgarria izan genuen. Bertan aurrez-aurre Anoetako Su-Berri elkarteko bi taldeak aritu ziren.

 

Partida oso gogorra izan zen eta lehenengo tantoan argi geratu zen atzelarien arteko lehia izugarria izango zela. Lehen tantoan jada Maiderrek errebotera pilota bat bota zuen eta Nagorek segurtasun handiz pilota frontisera bueltatzea lortu zuen. Maider eta Nagore Gipuzkoako egungo pilotaririk onenak dira baina oso estilo ezberdina daukate. Biak teknikoki oso maila altua dute baina Maider Nagore baino jotzaileagoa da. Hala ere Nagorek Maiderren jokoari aurre egiteko aireko joko asko erabili zuen eta korrika saio luzeak egin ere bai. Aurrean bien bitartean oso azkarra den Ainhoa Garmendia eta bestetik Nati Evaristti trebea aukerak izan zituztenean saiatu ziren tantoa egiten baina ez zuten beraien egun hoberena izan. Hala ere atzelariek oso joko ona egin zuten, kolpe zailak eta frontisera bueltatutako errebote ugari egon ziren eta bertaratutakoen gozamenerako partida ona izan zen. Beraz, norgehiagoka luze baten ondoren, Ainhoa eta Nagore saiatu ziren arren, 30-27ko emaitzarekin txapela Nati eta Maiderrek bereganatzea lortu zuten.

Txapelketa honen ondoren, hurrengo lehiaketa ezker hormako Emakumea Pilotari txapelketa izango da, hain zuzen ere azaroaren 10ean Ordiziako Beti Alai pilotalekuan hasiko dena.


Utzi iruzkina: