IRITZIA. Ez da kapritxo bat!

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-10-01 09:47

Bat baino gehiago dira oraindik ere, ustez gure jendarte ezin progre eta aurreratuago honetan, non berdintasuna hitza ia egunero ahoz-aho darabilkigun, neskak pilotan ikusita tripako min eta buru-kantsazio handi xamarrak izaten dituztenak.

Noski, zenbaiten iritziz, pilotalekuetako orduak lapurtzen dizkiegu gure kapritxoa asetu nahi izatearren, beste zenbaitentzat ez gara ikuskizuna eskaini eta pilotan ondo jokatzeko gai (iritzi hau sekula jokatzen ikusi ez gaituztenen artean ohikoa da) eta bada beste multzo bat elefante gorri bat hegan ikusi izan balu baino arraroago begiratzen gaituena.

"Zer egiten du neska batek baloi edo pilota baten inguruan panpinak baztertuta? Ez al da konturatzen bere alderdi femeninoari kalte egiten ari dela? Zertan dabitza ero hauek frontoian denbora alferrik galtzen etxeko lanak egin beharrean?" Beldur handiegirik gabe jarriko nituzke galdera horiek bat baino gehiagoren ahotan, eta, pentsamenduan, zer esanik ez!! Eskerrak XXI. mendean bizi garen...  

Guri bost, ordea. Guri asko gustatzen zaigu egiten duguna, gozatu egiten dugu kantxan sartzen garen bakoitzean, saltsan ibiltzea gustatzen zaigu, eta denetan garrantzitsuena, oso-oso harreman ona daukagu parte hartzaileon artean. 40, 50 eta 60. hamarkadetan raketistak puri-purian zebiltzan, frontoirik frontoi, Madrilen, Bartzelonan, Tenerifen, LogroƱon, Habanan eta baita Mexikon ere. Zenbaitek pilotan jokatzetik lortzen zuten jornala, nahiz eta beste batzuk lan edo ikasketekin konbinatzen zuten euren pilotalekuetako jarduna. Beraz, ez da gaur goizeko kontua! Eta ez da kapritxo bat ere! Baina, hala balitz ere, zer du horrek kaltegarri? 

Balio beza artikulu honek gure bidean aitzindari izan zirenak omendu eta goratzeko, bidea urratu zutenen lana azpimarratu eta eskertzeko. Mila esker eta gora gu ta gutarrak!! 

Uxue Fernandez Lasa

 

*Albo zutabean daukazue ikusgai 70. hamarkadan Madrilen raketisten inguruan grabatutako dokumental bat.

** Zuek ere bidali zuen iritzia emakumeapilotari@yahoo.com helbidera.


Utzi iruzkina: