Gipuzkoako txapelketa amaitu da

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-01-05 17:36

Abenduaren 27an amaitu ziren Ibarrako Belabieta pilotalekuan elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketa-Kutxa Sariak, bai kadete-jubeniletan eta baita nagusien kategorian ere.

Hiru neurketa jokatu ziren bertan, eta hemen duzue emaitzen taula:

1. taldea 2. taldea Kategoria
Ikasberri 30 16 Hernani Nagusiak, 3-4.postua
Hernani 2 22 30 Hernani 3 Jubenilak, FINALA
Su-Berri 30 8 Real Sociedad Nagusiak, FINALA

Finaletako kronikatxo bana ere aurki dezakezue ondorengo lerroetan.

Jubenilen finala: Hernani 2, 22 - Hernani 3, 30

Hasiera batean behintzat partida gogor eta orekatua espero zen, eta hala izan zen hein batean behintzat. Hernani 3 taldeko Mirari Pagola eta Irati Ugalde lehengusuek ligaxka porrotik gabe amaitu zuten eta Hernani 2ko Amaia Irazustabarrena eta Eli Gutierrezek, berriz, elkarren aurkako partida soilik galduta.

Partidaren erdialdera arte oreka izan zen nagusi jokoan, eta markagailuan ere bai, baina ordutik aurrera Amaia eta Elik aurkako atzelaria, Irati, nekarazi zuten (goizean beste final bat jokatuta zegoela bai baitzekiten) eta tantoa lortzeko aurkerak benetan bikain probestu.

Azkenean, bikote urdinarentzat izan ziren txapelak, baina laurek osatu zuten neurketa polit eta ikusteko entretenigarria. Beraz, mila zorion eta bejondeizuela!!

 

Nagusien finala: Su-Berri, 30 - Real Sociedad, 8

Faboritoak Su-Berriko Itsaso Urkizu eta Nagore Arozena ziren partida hasi aurretik, baina, uste baino partida kaxkarragoan, uste baino errazago menderatu zituzten Estitxu Pierola eta Edurne Argain.

Partida hasiera-hasieratik hautsi zen, Itsaso eta Nagorek seguru jokatu zutelako eta besteek, berriz, pilota asko huts egin zituztelako. Amaieran, beraz, azken urte luzeotako hegemoniari eusten diote Tolosaldekoek, inork ezin baititu mendean hartu. Zerbaitegatik dira egungo Trinketeko Munduko Kopako txapeldunak!!

 

Amaieran, ohitura den lez, familia argazkia atera zuten txapeldun eta txapeldunordeek, elkarteetako ordezkariekin batera.

Inork nahiko balu, finaletan ateratako argazki gehiago daude ikusgai "argazki galeria" atalean.


Utzi iruzkina: