Frontoi motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011. 2.jardunaldia

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2011-02-02 14:21

Igandean, otsailaren 6an, jokatuko da Hernaniko udal pilotalekuan Frontoi motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011 txapelketako 2. jardunaldia. Goizeko 11:00etan hasita bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira. Hona hemen karteldegia eta partida bakoitzaren inguruko kronikatxo bat:

2011ko otsailak 6, HERNANI, 11:00

1

MUNETA-GRACIET

 

 

MANZISIDOR-SERRE

2

ETCHELECU-MONTES

 

 

ESPINAR-RUIZ de LARRAMENDI

Ez dago faboritorik, bikoteen arteko parekotasunaren isla, nahiz eta gorriek, 1. partidan, eta urdinek, bigarrenean, garaipen premia handixeagoa izan dezaketen. Eguerdi parte atsegina igarotzeko ez du aitzakiarik izango bertaratzen den orok. Gonbidatuta zaudete!

1. partida

Ligaxkako bigarren eta azken norgehiagoka izango da bikote gorriarentzat eta, estreinekoa, aldiz, urdinen kasuan. Muneta-Gracietek 19 tanto egin zituzten iragan igandean, beraz, lehian bizirik segi nahi badute irabazi eta aurkarien tanto kopurua ahalik eta txikiena izan dadin lan egin beharko dute. Manzisidor eta Serrek ez dute derrigorrez irabazi beharrik, ligaxkako 2. norgehiagoka hurrengo astean jokatuko baitute, baina garaipenak finalerdietarako txartela eskuratzea ahalbidetuko lieke. Beraz, lau pilotariak borrokarako gogoz eta duten onena eman asmoz kantxaratuko dira. 

Caset-Mendizabalek atsedena izango dute. Hauek ere adi-adi jarraituko dute partida hau, bai bailiteke oraindik ere ligaxkako azken norgehiagokaren faltan finalerdietarako txartela lortzea. Erantzuna, baina, igandean Hernanin jasoko dute.

2. partida

Jaialdia itxiko duen partidan ere ligaxkako azken norgehiagoka dute gorriek eta aurrenekoa urdinek. Kasu honetan, ordea, garaipen batekin kantxaratuko dira Etchelecu eta Montes, bigarrena eskuratu eta multzo-burutza ziurtatuko lukete-eta. Urdinei ere komeni zaie garaipena eskuratzea, moralki eta aurrera egiteko aukeretan eragin zuzena izan ohi baitu. Hauek ere izerditzeko asmoz eta lehiarako grina barneratuta hasiko dira, eta ikusi egin beharko da zer nolako neurketa irteten den.

Elguezabal-Arozenak jai izango dute, baina, ez diote begirik kenduko Hernanin gertatzen denari.


Utzi iruzkina: