Emakumezkoen I. El Diario Vaso Saria. Ligaxkako 2. jardunaldiaren berri

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2008-02-19 16:23

Pasa den asteburuan jokatu dira DV sariko ligaxkako 2. jardunaldiko neurketak Asteasu eta Urretxuko pilotalekuetan. Hona hemen bertan jokatutako partiden emaitzak eta kronika labur batzuk, argazkiekin batera.

ASTEASU. Otsailak 15, ostirala

1. TALDEA 2. TALDEA
Manzisidor-Argain 14 30 Housset-Montes
Elguezabal-Mendizabal 30 20 Muneta-Gordon

1. MANZISIDOR-ARGAIN / HOUSSET-MONTES: 14-30

Housset-Montes bikoteak bikote sendoa dela erakutsi zuen beste behin Asteasun. Maritxu Houssetek laguntza handia ematen dio bere atzelariari, pilota txarrak kenduz, eta tantoak amaitzen ere badakiela argi erakutsi du. Neurketa nahiko hasieratik hautsi zuten eta ez zuten arazo handiegirik izan garaipena lortzeko.

2. ELGUEZABAL-MENDIZABAL / MUNETA-GORDON: 30-20

Haizea alde izan zuten hasiera-hasieratik pilotari gorriek Asteasun. Izan ere, Maider Mendizabal anoetarrak bertako pilota eskolan dituen haurrak eta hauen gurasoak izan zituzten animatzaile fin eta sutsuenak. Neurketa hasiera xamarretik hautsi zen, Maiderrek bere nagusitasuna erakutsi ostean. Aurrean ondo lagundu zion Maika Elguezabalek eta Susana Munetari ez zioten bere jokoa garatzeko aukerarik eman, pilota gainetik pasatzen baitzioten. Estuasun handiegirik gabe eskuratu zuten, beraz, bigarren garaipena, eta, finalerdietarako txartela ere bai.

 

URRETXU. Otsailak 17, igandea

1. TALDEA 2. TALDEA
Agirre-Ruiz de Larramendi 30 20 Evaristti-Unanue
Urkizu-Serre 30 19 Leunda-Arozena

1. AGIRRE-RUIZ de LARRAMENDI / EVARISTTI-UNANUE: 30-20

 

Partidu oso garrantzitsua zen igandekoa bi bikoteentzat, txapelketan bizirik mantentzeko aukera baitzegoen jokoan. Hasiera orekatu eta berdindua izan zuen lehen partida honek markagailuan eta jokoan. Erditik aurrera, ordea, Maite Ruiz de Larramendik bere nagusitasuna erakutsi zuen atzeko koadroetan eta markagailuan tartea egitea lortu zuten (19-11). Amaiera aldera erreakzio txiki bat izan zuten urdinek, baina ezin izan zuten tarterik jan. Honenbestez, kanporatuta geratu dira urdinak azken jardunaldiaren faltan eta finalerdietan izateko aukerak dituzte oraindik Agirre eta Ruiz de Larramendik.

2. URKIZU-SERRE / LEUNDA-AROZENA: 30-19

Bigarren neurketak ere hasiera parekatua izan zuen. Horren adibiderik aipagarriena urdinak 7-11 aurretik joan izana izan liteke. Gorriek, hala ere, markagailuan 12-11 aurrea hartu eta hortik aurrera dezenteko nagusitasuna erakutsiz lortu zuten garaipena. Kolpe benetan ikusgarriak ematen dizkio Amaia Serre atzelariak pilotari eta Itsaso Urkizuk ere aurrean dotore bukatu zuen tantoa behin baino gehiagotan. Urdinek, ahalegin betean aritu arren, ordea, ezin izan zituzten menpean hartu. Amaieran, beraz, finaledietarako aukerarik gabe geratu ziren Leunda eta Arozena eta asteburu honetan egiten dutenaren araberakoa izango da finalerdietarako txartela eskuratzea.

Ligaxkako azken jardunaldia falta den arren, bi bikote finalerdietara sailkatuta daude dagoeneko:

  • A multzoan: Elguezabal-Mendizabal
  • B multzoan: Housset-Montes

Asteburu honetan ezagutuko da finalerdietara igaroko diren beste bi bikoteak nor izango diren Amasa eta Egian jokatuko diren partiduetan.


Utzi iruzkina: