Azaroan hasiko dira emakumeentzako paleta ikastaroak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2008-09-24 17:25

Azaroan, santu guztien eguna pasa orduko, jarriko dira abian 18 urtetik gorako emakumeentzako paleta ikastaroak. Ikastaro hauek benetan arrakastatsuak izan dira aurreko bizpahiru ikasturteetan, eta aurten ere bide beretik jarraitzea espero dugu.

Ikastaro hauen bereizgarririk nagusienetako bat aisialdiko kirolera bideratuta egotea da, arlo horretako gabeziak arintze aldera. Horrez gain, emakumeak teniseko pilotak eta ohiko paletak baino arinagoak erabiltzen dituzte saioetan, eta ariketak ere euren mailara eta beharretara egoitutakoak izaten dira. 

Astean ordubetetik ordu eta erdirako saio bana izango du talde bakoitzak. Materiala eta begirtalea GEPFen kontu. Ikasleek, zenbait gasturi aurre egiteko, 60€ ordainduko dituzte eta zenbait kasutan (Hernanin eta Donostian, esaterako) beharrezkoa da Kiroldegiko bazkide txartela izatea instalaziora sartu ahal izateko.

Iaz 100 emakumetik gora aritu ziren ikastaro eta sustapen saioetan Arrasate, Zarautz, Hernani, Ibarra, Tolosa eta Donostian. Gainera, adin tartea ere benetan zabala izan zen (20 urtetik 80ra artekoa). Horren adibide, ikusi iazko zenbait argazki (galerian gehiago):

  

 

Ikasturtearen amaieran "Emakumea Pilotari Eguna" antolatzen da, eta bertan Gipuzkoako bazter ezberdinetan ikastaroetan aritutako emakumeek elkar ezagutu eta elkarrekin aritzeko aukera izaten dute. Azkena Iruran ospatu zen, ekainaren 14an, eta 60 emakumetik gora bildu ziren bertara (argazki gehiago galerian).

 

 

Hona hemen aurtengo ikasturterako lotuta (edo lotzear) ditugun herriak, eta zehaztuta dauden ordutegiak:

  • PG Hernani:
    • astelehenak, 9:30-11:00 
    • ostegunak, 9:30-11:00 eta 14:45-16:15
  • PG Tolosa: astearteak, 9:00-10:30
  • PG Azpeitia: astelehenak, 9:00-10:30
  • PG Donostia:
    • astelehenak, 17:00-18:00 (Atano III)
    • asteazkenak, 10:00-11:30 (Atano III)
    • asteazkenak, 20:00-21:00 (Balda Txikia)
  • PG Zarautz: izena ematean aukeratzeko*
    • Goizez:
      • Asteartea edo ostirala
      • 9:30-11:00 edo 11:00-12:30
    • Eguerdiz:
      • Asteartea, asteazkena edo ostirala
      • 14:00-15:30
    • Arratsaldez:
      • Asteazkena
      • 20:30-21:30

* Izenematea jaso ondoren ezagutuko da azken ordutegia zein den

  • PG Azkoitia: zehazteke

Baliteke Arrasate eta Andoainen ere ikastaroak martxan jartzea.

Informazio gehiago nahi izatera, deitu Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziora (943471463) edo erantzun albiste honi.


Utzi iruzkina: