2012-2013 DENBORALDI BERRIKO EKINTZAK MARTXAN

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2012-09-13 01:51

Denboraldi berri honetan, dagoeneko antolatzen ari gara Emakumea Pilotari proiektuko hiru ataletako ekintzak.

Kirol Federatuan, lehenengo lehiaketa ofizila asteburu honetan hasiko da, hain zuzen ere Neska Nagusien Ezker Hormako Elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketa. Urriaren hasieran berriz, jubenilen Gipuzkoako txapelketa hasiko da. Denboraldiko lehiaketa egutegia zehaztua dago eta horren arabera, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 7 txapelketa antolatuko ditu (4 ezker hormakoak eta 3 trinketekoak).

Eskola Kirolean berriz, nesken paleta ezberdinak martxan jartzeko antolaketa lanekin ari gara. Aurtengorako, federazioaren esku egongo diren sei paleta eskola martxan jartzea espero dugu. Hauetaz gain, beste herriren batean ere zabaldu nahi genuke gure eskaintza. Eta bestalde, neskak dituzten elkarteei elkarlanerako proposamena egingo zaie, interesa dutenei ahalik eta laguntza gehien ematen saiatuko garelarik. Euren paleta eskolak martxan jartzen lagunduko diegu eta monitoreei formazioa eskaintzeaz gain, behar dutenerako laguntza eskaintzen saiatuko gara. Helburua ahalik eta nesken paleta eskola gehien martxan izatea da.

Azkenik partaidetzako kirolean berriz, urtero bezala emakumeei zuzenduriko ikastaroak antolatzen hasi gara dagoeneko. Guztira, 18 talde ezberdin osatzeko intentzioa daukagu, hauetako 15 zuzenean federazioak kudeatuko dituelarik.

Beraz, paletan aritu nahi duten neska eta emakumeek aukera paregabea daukate eskaintza honekin.


Utzi iruzkina: