Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2012/07/13 15:49:16.853000 GMT+2

Euskal hedabideen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko mahaia osatu da

Herri Ekimeneko Euskal Hedabideetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek gaur goizean eratu dute euskal hedabideen azterketaz arduratuko den mahaia. Hedabideek maiatzean aurkeztu zien sektoreak bere esparruaz egindako diagnostikoa eta orain bien arteko azterketa lanari ekin zaio. Hedabideen aldetik, Iban Arregi (Berria Taldea), Inazio Arregi (Tokikom), Maria Gil (Elhuyar) eta Xabier Letona (Argia) izan dira; Diputazioaren aldetik, Zigor Etxeburua euskara zuzendaria eta Haritz Salaberria diputatu nagusiaren kabinetekoa.

Diru-laguntzak eta hitzarmen politikak, euskarazko hedabideetara bideratutako publizitatea, euskal hedabideen elkartea eta hedabideen behatokia izan dira mintzagai nagusiak. Hedabideetako ordezkariek adierazi dute, beren lana eta proiektuak aurrera ateratzeko baliabide gehiago behar dituztela, eta nahiko luketela Diputazioaren aldetik diru-laguntza politiketatik hitzarmen politiketara iragateko egon daitezkeen aukerak aztertzea. Agintarien esanetan, Diputazioak badu sostengu ekonomikoa handitzeko borondatea, baina aitortzen dute aurrekontuaren aurreikuspenak estuak direla eta borondate hori gauza litekeen aurrerago ikusi behar dela.

Aurrera begira, udazken hasieran berriz biltzekotan geratu dira, gaur mahaian hitz egindakoen jarraipena egiteko. Ordurako, gainera, herri ekimeneko euskal hedabideen elkartea osatuta egongo dela adierazi dute hedabideetako ordezkariek eta horrek mintzakide lanak erraztuko dituela azpimarratu dute. Alde biek nabarmendu dute bilera honen garrantzia, argi adieraziz hau epe luzera egin beharreko elkarlanaren hasiera dela. 

Posted by: hedabideak.2012/07/13 15:49:16.853000 GMT+2
Tags: gipuzkoako aldundia mahaia foru | Permalink | Comments (0) | References (0)

2012/05/18 18:56:10.353000 GMT+2

Gipuzkoan ere aurkeztu dugu diagnostikoa

Aurreko asteotan Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundietan bezalaxe, herri ekimeneko euskal hedabideen ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu dute gaur sektoreak azken urtean egin duen diagnostikoa.

Euskal Hedabideen ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundian

ARGIAko zuzendari Xabier Letona, Berria Taldeko hedabideen arduradun Iban Arregi eta TOKIKOMeko zuzendari Inazio Arregi Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitano eta Euskarako zuzendari nagusi Zigor Etxeburuarekin batu dira hedabideen sektorearen diagnostikoa eta erronkak jasotzen dituen txostena azaldu eta aurrera begirako asmoen berri emateko.Tartean, hedabideek gonbitea luzatu diote Aldundiari hausnarketa mahai bateratua eratzeko hedabideekin eta beste erakundeekin batera, sektorearen aurrera begirako estrategiak eta lan ildo nagusiak elkarrekin adosteko.

Hedabideen ordezkariek nabarmendu dutenez, Gipuzkoak pisu espezifiko berezia dauka sektorearen jardueran, bertan kokatuta baitaude esparruko eragile gehienak.  Hori dela eta, erakunde foralak ‘zeresan handia du sektorearen etorkizunean’.

Posted by: hedabideak.2012/05/18 18:56:10.353000 GMT+2
Tags: harremanak erronkak aurkezpena diagnostikoa aldundia gipuzkoa foru | Permalink | Comments (0) | References (0)

2012/05/07 13:07:7.192000 GMT+2

Bizkaiko Foru Aldundian ere aurkeztu dugu diagnostikoa

Euskal hedabideak Bizkaiko Foru AldundianHerri ekimeneko euskal hedabideak, duela bi aste Jaurlaritzan egon ostean, Bizkaiko Foru Aldundian izan dira gaur euren diagnostikoa aurkezten, Kultura Diputatu Josune Ariztondorekin eta Euskara Zuzendari Miren Dobaranekin.

Sektorearen izenean Argia-ko zuzendari Xabier Letona, Berria Taldeko hedabideen arduradun Iban Arregi eta Tokikom-eko lehendakari Mikel Irizar izan dira, eta Jaurlaritzari bezala hausnarketa mahai bateratua osatzeko eskatu diote Aldundiari, eta besteak beste honoko eskaera zehatzak egin: diru laguntza politika aldatu eta hitzarmen eredua ezar dezala, sektorean inbertsioak eta garapena susta ditzala eta publizitate instituzionalaren banaketan hizkuntz irizpideak pisu handiagoa izan dezala. Sektorea barne mailan ematen ari den pausoen berri ere eman dute, besteak beste sektorea egituratzeko ematen ari diren pausoen berri. Maiatzaren 18an Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitanorekin egingo dute bilera.

Posted by: hedabideak.2012/05/07 13:07:7.192000 GMT+2
Tags: aurkezpena bizkaiko hedabideak aldundia euskal foru diagnostikoa | Permalink | Comments (0) | References (0)

2012/04/25 17:24:22.424000 GMT+2

Diagnostikoaren aurkezpena Jaurlaritzan

Herri ekimeneko hedabideen ordezkariak Eusko Jaurlaritzan

Herri ekimeneko euskal hedabideek duela hilabete pasatxo aurkeztu zuten sektorearen diagnostikoa eta erronka komunak biltzen dituen dokumentua, eta gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell-ekin eta Hizkuntz Politikako sailburuorde Lurdes Auzmendirekin izan dira.

Sektorearen izenean Argia-ko zuzendari Xabier Letona, Berria Taldeko hedabideen arduradun Iban Arregi eta Tokikom-eko lehendakari Mikel Irizar izan dira, eta Jaurlaritzari hausnarketa mahai bateratua osatzeko eskatu diote, eta besteak beste honoko eskaera zehatzak ere jarri dizkiote mahaiaren gainean: diru laguntza politika aldatu eta hitzarmen eredua ezar dezala, sektorean inbertsioak eta garapena susta ditzala eta publizitate instituzionalaren banaketan hizkuntz irizpideak pisu handiagoa izan dezala.

Posted by: hedabideak.2012/04/25 17:24:22.424000 GMT+2
Tags: urgell harremanak lurdes hps blanca kultura diangostikoa jaurlaritza auzmendi | Permalink | Comments (0) | References (0)

2012/03/14 13:08:23.527000 GMT+1

Sektorearen diagnostiko eta erronka komunak

  • Negozio eredua, lan baldintzak, kalitatea, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana, etorkizunerako gakoak

  • Diagnostikoa abiapuntu moduan hartuta, erakundeei hausnarketa mahai bateratuak osatzeko deia egin diete

2011n elkarrekin hasitako bideari jarraiki, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideok agerraldi bateratua egin dugu gaur Andoainen, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko. Sektoreko 50 hedabide baino gehiagok egin dute bat dokumentuarekin. (Oraindik egin ez dutenek ere hemen sina dezakete)

Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa dugula gogorarazi nahi izan dugu euskal hedabideok, bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik. Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, urrats handia eman da euskararen ezagutzaren eremuan, horretan ez da zalantzarik. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak daude. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean. Azken finean, hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra, eta euskal hedabideok giltzarri den zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.

Sektorearen pisu sozial eta kulturalarekin batera, ekonomikoa ere ekarri nahi dugu gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako 600 langile baino gehiago ari dira lanean 100dik gora hedabidetan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta 7 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan dadin eskatzen du sektoreak.

Ezagun da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zer nolako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori areagotu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak, gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan-Erran Irratia, Nabarra...

Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gatzaizkiola aurre krisiari. Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den.

Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu nahi izan dugu testuinguru zail horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina, eta eskertu GIPUZKOA BERRITZEN-INNOBASQUEk gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestutasuna. Elkarlan horren emaitza hedabideek gaur sinatu dugun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horiek honela laburbildu litezke:

- Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbertsio handiak egin behar ditugu (eta egiten ari gara), batetik teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta bestetik bertan diharduten langileen lan baldintzak hobetze aldera.

- Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroei merezi duten zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok ekoizten ditugun produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar dugu. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.

- Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ahaztu: euskarazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dugun, nolakoak garen eta izan behar dugun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, heburuak betetzen doazen heinean, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea. Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dugu.

- Elkarlana: garai zailei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre, eta alde horretatik badugu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzioekin batera. Sektoreko kideok onartzen dugu elkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegula guztion onurarako; koopetibitatea landu behar dugula, alegia.

- Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dugu. Beharrezkoa da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea.

Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoekin eta jendartearekin berarekin ere.

Hala, gaur aurkeztutako lana, bide baten amaiera baino, bide luze baten hasiera dela azpimarratu nahi dugu. Dokumentua sinatzearekin, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu nahi duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.

Sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin nahi dugu hedabideok, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, gaur sinatutako dokumentua hartarako prestutasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dugu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi diegu.

Posted by: hedabideak.2012/03/14 13:08:23.527000 GMT+1
Tags: erronkak diagnostikoa dokumentua | Permalink | Comments (0) | References (0)

2011/05/21 13:34:52.895000 GMT+2

Ehuneko lauko murrizketa Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza deialdian

Diru-poltsa osoa banatzeko moduaren eraginez, kopuru handiagoa bideratuko zaie aldizkariei, baina beste euskarri guztiek murrizketak izan dituzte. Xehetasunak, maiatzaren 20ko BERRIAn

Posted by: hedabideak.2011/05/21 13:34:52.895000 GMT+2
Tags: diru-laguntzak jaurlaritza deialdia hedabideak murrizketa eusko | Permalink | Comments (0) | References (0)

2011/05/17 14:21:20.145000 GMT+2

Bilera errondaren balorazioa eta komunikazio kanpainaren aurkezpena Donostian

Otsailean abiatutako kanpainari segida emanez, euskarazko hedabide ez publikoen ordezkariek agerraldia egin dute gaur Donostian, otsailaren 15ean hasitako alderdi eta instituzioekiko bilera errondaren balorazioa egin eta aurrera begirako pausuen berri emateko.

Prentsaurrea

Inazio Arregi (GOIENA), Jasone Mendizabal (TOPAGUNEA), Joanmari Larrarte (BERRIA) eta Xabier Letona (ARGIA) DOnostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

internetInazio Arregi (GOIENA), Jasone Mendizabal (TOPAGUNEA), Joanmari Larrarte (BERRIA) eta Xabier Letona (ARGIA) azaldu dira gaur hedabideen aurrera. Otsailaren 15etik hona alderdi politikoekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta EAEko hiru Foru Aldundiekin. Iparraldeko erakundeekin ere badira harremanak, baina horiek une hauetan garatzen ari dira. Hedabideen ordezkariek azaldu dutenez, harrera ona izan dute joan diren guztietan, eta hiru gai mahaigaineratu dituzte: sektorearen egoera erakunde publikoekin elkarlanean aztertzeko beharra, diru-laguntzak %25 handitzeko eskaria eta publizitate instituzionalaren %25 ere euskarazko hedabide ez publikoetara bideratzeko beharra.

Lehen puntuari dagokionez, EAEko erakunde publikoak behintzat prest azaldu dira sekotrearekin batera bildu eta egoera aztertzeko, eta Jaurlaritzak HAKOBA koordinazio batzordearen saio monografikoa irailean deitzeko konpromisoa hartu duela esan dute hedabideen ordezkariek. Diru-laguntzak handitzearen inguruan, berriz, "kezka" adierazi dute, erakunde guztietan horretarako zailtasunak iragarri baitituzte.

Publizitateari dagokionez, hedabideek galdera parlamentarioak egiteko eskatu diete alderdiei, eta halaxe egin dute Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta hiru aldundietako Batzar Nagusietan. Erantzunak Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak soilik eman dute momentuz. Nafarroako datuetan argi geratzen da euskarazko hedabideetara bideratzen den publizitate instituzionala hutsaren hurrengoa dela, eta Eusko Legebiltzarrari dagokionez, berriz, datuak eman diren moduagatik "ez dago jakiterik zenbat bideratu den erdarazkoetara eta zenbat euskarazkoetara"

Sektorearen egoerarekiko kezka zabaltzeko asmoz, euskarazko hedabide ez publikoek komunikazio kanpaina ere aurkeztu dute gaurkoan. Kanpainaren barruan, formatu ezberdineko iragarkiak sortu dituzte irrati, telebista, paper zein internet bidezko hedabideetarako.

Adierazpen osoa: icon Euskarazko Hedabideak, denon beharra (55.83 kB)

Posted by: hedabideak.2011/05/17 14:21:20.145000 GMT+2
Tags: beharra komunikazio donostia erronda balorazioa kanpaina prentsaurrea hedabideak harreman denon euskarazko aurkezpena | Permalink | Comments (0) | References (1)

2011/02/17 13:19:32.671000 GMT+1

Otsailaren 15eko agerraldiaren bideoa

Argiako lagunek honako bideo hau landu dute agerraldiaren berri emateko:

Posted by: hedabideak.2011/02/17 13:19:32.671000 GMT+1
Tags: bideoa argia 15 otsailak agerraldia | Permalink | Comments (0) | References (0)

2011/02/15 16:32:31.623000 GMT+1

Donostiako agerraldiko testua

_MG_8092

Otsailaren 1eko editorial bateratuari segida emateko, 2011ko otsailaren 15ean agerraldi bateratua egin dugu Donostian euskarazko hedabideok. Bertan, honako testu hau irakurri du Topagunearen Zuzendari Jasone Mendizabalek, sektorearen berri eman eta aldarrikapenak aurkezteko asmoz:

Egunon, eta eskerrik asko agerraldi honetara etorri zareten guztioi.

Gaur, hemen, euskarazko hedabide ez publikoetako ordezkaritza oso zabala elkartu gara, elkarrekin partekatu dugun gogoetaren berri eman, eta batera egin asmo dugun bidearen berri emateko gizartearen aurrean. Hemen, mahaian, hedabide horietako ordezkari batzuk gaude (ikusi duzuen bezala, askoz ere gehiago gara), eta nik guztien izenean hitz egingo dizuet.

Gure burua aurkeztu eta nor garen azalduz hasiko gara. Eta hori egiteko, zer hobe datu batzuk ematea baino:

  • 100dik gora gara euskaraz ari garen hedabideak, prentsa, irratia, telebista etaInternet kontuan hartuta.
  • 620tik gora gara hedabide horietan lanean ari garen langileak.
  • Guztien artean, urtean 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu.
  • 7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen ditugu zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez (BEZ eta PFEZ).
  • 7.500.000 euro jasotzen ditugu diru-laguntzen bidez.
  • 2007ko abenduan CIESek propio egindako azterketa batek zioen euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen direla, hau da, euskaldunen %57dela euskarazko hedabideen jarraitzaile.
Datu hauek guztiek erakusten dute sektore bizi eta kontuan hartzeko bat osatzen dugula, zalantzarik gabe, gizarte honetan era askotako irabaziak sortzen dituena. Adibidez:
  • Informazio mailan, gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen duen sektorea delako.
  • Euskararen normalizazioan, aho batez onartzen den bezala, hizkuntza normalizaziorako eragile nagusietakoak direlako hedabideak.
  • Arlo ekonomikoan, lanpostuak sortzen dituelako, eta kontuan hartzeko moduko ekarpena egiten duelako sektoreak gizarte segurantza eta zerga bidez.

Diruz lagundutako sektorea da, hala behar duelako, merkatu parametro hutsetan bizirauterik ez duelako eta funtzio publiko ezinbestekoa betetzen duelako. Baina azpimarratu nahi dugu, sektore honek jasotzen dituen laguntza publikoetatik zati handi bat berreskuratzen duela gizarteak baita parametro ekonomikoetan ere.
       
Ez dugu ezer berririk esango hedabideok krisi garaiak bizi ditugula esaten badizuegu. Komunikazio munduan gertatzen ari den aldaketak eta krisi ekonomikoak gogor astindu dituela euskarazko hedabideak, lehendik ere diruz baliabidez larri zebiltzan hedabideak. Erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsi bat behar izan dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian. Horren ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena gure egunerokoaren erdigunean kokatu da. Ez baita gure bokazioa bizirautea, ezta egun kaleratzen ditugun hedabideokin konforme geratzea. Gure bokazioa garatzea da, euskal hiztunen
komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko beharrari, nahiari erantzutea, eskaintza etengabe egokituz eta aberastuz, azken 30 urtean erakutsi dugun bezala.

Euskara eta euskal kultura geroratzeko giltzarri ezinbestekoa da komunikazio proiektu anitzen bidez osatzen den sektorea osasuntsu eta garapenbidean inbertitzea. Instituzioek aspaldi aitortua diote sektore honi euskara eta euskal kultura sustatzeko zereginean duen estrategikotasuna eta garrantzi hau behin eta berriro berretsi da administrazio eta foro anitzetan. Aitortzak baina ez dira nahikoak, tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa behar du sektore honek.

Egungo laguntzek kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskaintzen digute garatzeko aukerari hegoak moztuz. Era berean hainbat hedabideren ateak ixten ikusi ditugu azken aldian.

Aurreko guztiak kontuan hartuta, indarrak batu eta sektore gisa garatzeko premia biziko bi gai identifikatu ditugu sakontzeko: diru-laguntzak eta publizitatea.

  • Laguntzetan baliabide handiagoak behar dira, sektorea indartzeko, egoera berrira egokitzeko behar dituen inbertsioak egiteko eta zabalkunde handiagoa lortzeko.
  • Aldi berean, egungo laguntza deialdien dinamikatik bide egonkorragoetarako urratsa egin beharra dago, urteroko zalantza egoera gainditu eta laguntzaren zenbatekoa urte hasieran ezagutzeko. Egonkortasuna kopurutan eta azkartasuna prozedura eta ebazpenetan.
  • Publizitatearen gaian, berriz, agerikoa da instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutela euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen. Esan dugu duela hiru urteko datuek erakusten zutela euskaldunen erdiak baino gehiagok kontsumitzen dituztela euskarazko hedabideak, baina publizitate inbertsioa ez da maila berean egiten. Publizitate instituzionala egiterako orduan beste politika bat behar da eta horretan eragin nahi dugu
Egoerari eta zailtasunei aurre egiteko, euskarazko hedabideok hainbat ekimen elkarrekin egitea erabaki dugu. Horren ondorioa dira otsailaren 1ean argitaratutako editorial bateratua eta agerraldi hau bera. Hemendik aurrera ere elkarrekin aritzeko erabakia dugu, eta gure egoeraren berri ematen jarraituko dugu gure medioen bitartez eta horretarako sortutako webgunean, http://www.blogak.com/ehedabideak.

Horrez gain, hurrengo asteetan instituzio nagusienetako eta alderdi politikoetako ordezkariekin elkartzeko plana egiten ari gara. Bilera hauetan sektorearen berri zuzenean eman eta politika aldaketarako proposamenak lantzea da helburua.

Sektoreak prestasun osoa du eragile guztiekin gaia landu eta akordio eta politika zehatzak adosteko, eta horretarako dagoen prestasuna ikusi nahi dugu. Jakin
badakigu udal eta foru hauteskundeen atarian gaudela, eta uste dugu garai egokia dela alderdiek etorkizunera begirako gogoeta egin eta konpromiso zehatzak har ditzaten hurrengo lau urteetarako politika markatzeko.

Bilera hauek otsaila eta martxoa bitartean egiteko asmoz ari gara lanean, eta bilera horiek egin ondoren, gure asmoa da berriro publikoan agertzea harremanei buruzko balorazioa egin eta aurrera begirako urratsak azaltzeko.

Posted by: hedabideak.2011/02/15 16:32:31.623000 GMT+1
Tags: agerraldia donostia komunikabideak irratia prentsa internet hedabideak euskarazko | Permalink | Comments (0) | References (1)

2011/01/31 14:25:56.209000 GMT+1

Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua

Euskarazko hedabideen historia jarraitu duenak, badaki azken 30 urteetako abaroan egin dela biderik emankorrena. Eta badaki denbora horretan emandako aurrerapausoa itzela dela. Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen ditu euskarazko hedabideak, 2008ko Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera.

Komunikazioa da gure ardatza, inguratzen gaituen mundua nola ikusten dugun kontatzea, ikusmolde eta euskarri anitzez. Elkarren lehian eta elkarren osagarri. Hori da lokaletik globalera egiten dugun ekarpen nagusia, hizkuntza, euskaraz egiten duguna. Harro gaude egindako bide horrekin, pozik egiten dugunarekin, euskal kulturaren isla eta hauspo gara, eta gure euskaltasunetik munduaren ikuskera ugari eskaintzen ditugu. Albistea eta informazioaren haritik, entretenimendutik, gertukotik, sakonetik, zientziatik…

Baina ez da nahiko, ibilbide horretan sakondu behar dugu, orain artekoa hobetuz eta zabalduz. Hiztun komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko eskubideaz ari gara, beharraz, nahiaz. Edozelako gizarte modernoren orainean, edozein kulturaren geroan, giltzarri da hedabideen zeregina. Ez da hau ukatuko duenik eta hala ebazten da behin eta berriz erakunde publiko eta alderdi politiko gehienen euskarari buruzko gogoeta eta plan estrategikoetan. Printzipio eta helburutan letra larriz aitortzen dute  garrantzi hori, baina sostengu ekonomikoan ez, ez behintzat hedabide ez publikoei dagokienez.

Ezagun da EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian oso egoera desberdinak bizi direla: Nafarroan eta Iparraldean erakundeen sostengua hutsala da; EAEn oso bestelakoa da, baina ez da nahikoa, aurrean ditugun erronkei begira eusteko adinakoa ez bederen.

Euskarazko hedabideok ohituta gaude zailtasunean jarduten, gure hizkuntzaren izaera ez normalizatuak horretara bultzatzen gaitu, eta agian horrek ere laguntzen digu bizi dugun krisiari aurre egiten. Baina egoera gorria da eta hainbatetan larria. Hedabide ugari ari dira ixten munduan, hedabide historikoak, ospetsuak, gureen aldean handi eta indartsuak…  Eta guk ere enbataren erdian dihardugu. Publizitatea behera, salmentak ere bai, diru-laguntzak urritzeko joeran… Noiz arte eutsi ahal izango diogu?

Bankuen, autoen, altzari eta elektratresnen salbamendu garaian, guk ere sostengu sendoagoa aldarrikatzen dugu. Maiz aurpegiratu zaigu diru publikotik bizi garela, bai euskal kultura, bai euskarazko hedabideak, konplexua sortzeraino ere bai agian. Orain, ostera, inoiz baino argiago ikusten da nola giltzarritzat jotzen diren esparru eta proiektuetan, erakunde publikoek dirutzak bideratzen dituzten, izan hauek eremu publiko edo pribatukoak.

Eta ekonomikoki ere sektore garrantzitsua da euskarazko hedabide ez publikoena: 600 langiletik gora ari gara bertan, hilero soldata etxera eramanez eta euskal gizartearen aberastasunean gure alea jarriz.

Azken 30 urteetan ibilbide oparoa egin dugu, baina bada ordua beste jauzi bat emateko. Gure konpromisoa hemen dago, egunerokoan ikusgai. Eta instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dugu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz.

Gure gizartearen garapena ezin delako porlana eta azpiegitura handien garapenari lotu. Adibidez, Euskal Y tren proiektuaren kilometro bakar batek, erakunde publikoetatik euskarazko hedabide ez publiko guztietara lau urtetan bideratzen dena balio du. Errepide, trenbide edo eraikuntza handien zati txiki batek gure etorkizuna berma dezake. Euskarazko komunikazioak merezi du tamainako apustua eta euskal kulturak ere bai.

Sinatzaileak: 

...eta kitto! astekaria, ±18 Presta ezazu zure etorkizuna, 28 Kanala, Aiurri, Aizu!, Aldiri arkitektura eta abar, Anboto astekaria, Antxeta Irratia, Arabako Hitza, Argia, Berria, Baleike, Barren (net eta papera), Berton aldizkaria, Bertsolari aldizkaria, BidasoaMedia, Bilbo Hiria Irratia, Bizkaie!, Bizkaiko Hitza, Eizie, Elhuyar, Entzun!, Erlo Telebista, Esan-Erran Irratia, Galtzaundi Euskara Taldea, GAUR8, Gazteberri, Gaztezulo, Gipuzkoako Hitza, Goiena (net eta papera), Goierri Irratia, Goierri Telebista, Goierriko Hitza, Guaixe, Gure Irratia, Hala Bedi, Hala Bedi Irratia, Hernaniko Kronika, HERRIA astekaria, Hik Hasi Euskal Heziketarako Aldizkaria, Info 7, Ipar Euskal Herriko Hitza, Irria, Irulegiko Irratia, Irutxuloko Hitza, Jakin, Karkara taldea kultur elkartea, Koska Irratia, Lea-Artibai, Mutriku eta Busuturialdeko Hitza, mailope, Nafarroako Hitza, Noaua! aldizkaria, Nontzeberri, Nora, Oarso Bidasoako Hitza, Oizmendi Telebista, pauusuirratia.net, Pil-pilean aldizkaria, Prest! aldizkaria, Pulunpe aldizkaria, Sustatu.com, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza, Ttipi-Ttapa aldizkaria, Txintxarri aldizkaria, UK aldizkaria, Ukberri.net, Urola Kostako Hitza, Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkaria, Uztarria komunikazio taldea, www.kazeta.info, Xaloa Telebista, Xiberoko Botza, Xorroxin Irratia, Zuhatza Berriketan, ZuZeu.com.

Posted by: hedabideak.2011/01/31 14:25:56.209000 GMT+1
Tags: hedabideak euskarazko editoriala | Permalink | Comments (0) | References (0)