Urmael bat egin nahi dute San Kristobal auzoko hareatzan.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2007-03-21 00:00

Urdaibaiko Patronatuak padura lehenera ekarri nahi du eta bitartean hegaztientzako gune erakargarri bilakatu.

Urdaibaiko Patronatuak urmael bat egin nahi du San Kristobalgo hareatzan, hegaztiak erakartzeko eta orduan jendeak hegaztiak hurbilagotik ikusteko aukera euki dezan.

Oraindik proiektua aztertzen ari dira. Ekologista, biologo, ornitologo eta baita bizilagunekin elkartu dira Patronatuko arduradunak proiektuaren inguruko iritziak eta ideiak jasotzeko.

Iradokizunen artean, batzuk dagoen moduan mantetzearen alde agertu dira. Baina Urdaibaiko Patronatuak padura lehenera ekarri nahi du. Izan ere, urteak pasa ahala San Kristobalgo padura galtzen joan da eta gaur egun jendeak paseatzeko eta eguzkia hartzeko erabiltzen duen gune bilakatu da. Hasiera batean padura zena nekazari eta abeltzainen gune bilakatu zen, baina industria iraultzagaz handik herrira alde egin beharra izan zuten.

70. hamarkadan Muruetako ontziolek dragatze handia egin zuten euren itsasontzien uretaratzea errazteko. Ateratako sedimentu guztia San Kristobalgo ibarrera bota zuten, eta horrela, harezko 21 hektarea baino gehiago sortu ziren.

Laida eta Lagako hondartzetan arreta jarri ostean, orain San Kristobalgo padura leheneratzeaz arduratu dira Urdaibaiko Patronatukoak.

Horregatik, urmael bat sortzearen ideia aztertzen ari dira. Hare kantitate jakin bat kendu eta hegaztientzako eta baita paseatzera joan nahi duten guztientzako ere erakargarria izan daitekeen espazio bilakatzeko.

Urmaelaz gain, pasealeku bat ere egin nahi dute; baita jendearentzako behatokiak ere, paisaia begiztatzeko.

Orain arte zenbait aukera aztertu dituzte urmaela egin ahal izateko. Aukera horiek ia antzekoak dira; hare gehiago edo gutxiago kentzea izango litzateke batetik besterako ezberdintasunetariko bat. Horrez gain, kendutako hare hori nora eraman edo zertarako erabili ere erabaki beharko dute.

Zenbait proposamen

Urmaela egiteko, batetik 120.000 metro kubo eta, bestetik, 206.892 metro kubo hare kentzea aztertzen ari dira. Horrela, bost hektarea edo zortzi hektareako urmaela egingo lukete.

Harearekin zer egin ere aztertu behar dutenez, urmaela babesteko, inguruan harezko horma bat eraitzea litzateke aukera bat; bestela, kentzen duten harea inguruko beste hareatza batzuetara eramatea.

230.000 euro inguruko aurrekontua beharko lukete proiektua aurrera eramateko, baina oraindik Kosta Mugapekoen oniritzia falta zaie. Horrela izanez gero, urte batzuk beharko lituzteke lanean hasteko.


Utzi iruzkina: