Espainiako ziklo-kros txapelketa Busturian

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2005-01-05 00:00

Espainiako ziklo-kros txapelketa Busturian egitearen kontrako jarrera daukagu, uste dugulako Espainiako Ziklismoaren Errege Federazioa erakunde arrotza dela eta, gainera, Euskal Herrian kirol selekzio nazionalak sortzearen kontrako jarrera sutsua daukan federazioetariko bat delako. Era berean, kirol gertakari hori Busturian egitea larderia da, Busturia gehiengo handiz dagoelako nazio selekzioen alde.

Salatu gura dugu EAJ eta EAko zinegotziek, alkatea barne dela, erakutsi duten jarrera, herriko txirrindulari bati omenaldia egitea aitzakiatzat hartuta Espainiako federazio batek sustatu eta kontrolaturiko txapelketa bat ezarri digutelako. Salatu gura dugu, era berean, gure udalaren oportunismoa, guztion dirua den 36.000 euro baino gehiago eman dituelako aurreko urteetan baztertuta utzi duen kirolerako. Euskal Herriarentzat garrantzi handia duten probak dira Lehendakari Sariaren azken etapa edo Ziklo-kroseko Mina Criteriuma. Bestalde, David Secok benetan merezi du gu guztion esker ona, laguntza publiko eta pribatu gutxi daukan espezialitate batean egin duen kirol ibilbide arrakastatsuagatik, eta lagunen eta herritarren omenaldi beroa ondo irabazirik daukalako. Baina uste dugu omenaldia egiteko hautatu den ekintza, Espainiako Txapelketa gure herrian egitea zoritxarrekoa dela, eta horrela jakinarazi diogu udalari lehen unetik. Alternatibak ere proposatu dizkiogu, hala nola, nazioarteko ziklo-kros criterium bat gure herrian egitea.Udalerri hau Euskal Herria da, hizkuntza eta kultura bereziak dauzkagu, nazio bereizi bat gara, eta nazioarteko probetan eta olinpiadetan gure ordezkari izango den selekzio nazional bat izateko eskubidea daukagu, eta eduki nahi dugu. Eta, hori lortzeko, guztiz beharrezkoa da konpromiso sendo eta etengabea izatea, hala erakundeek, elkarteek, kirolariek, klubek eta herritarrek.

"Herri bat selekzio bat" helburuarekin Auzoarteko taldeak herritarrei eskatzen die lelo hori eurena egin eta 2005eko urtarrilaren 7, 8 eta 9an gure balkoietan eta leihoetan ikurrinak eta Euskal Selekzio Nazionalaren banderak edo elastikoak jartzeko. Era berean, herritar guztiak gonbidatzen ditugu urtarrilaren 9an 10:30ean egingo den erreibindikazio giroko kalejiran parte hartzera.

Erroxeli Ojinaga eta Joseba Barrenetxea.
Auzoarteko Busturiako herri ekimenaren izenean.


Utzi iruzkina: