...su izan nahian...

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-06-30 19:33

 

Urduri jartzen naizen bakoitzean bezala bihotzaren erritmoa handitzen hasia da, bularrean saltari dabiltzan iratxoak dira taupadak, gero eta jarrai eta bizkorragoak… urduri nagoenean bezala, eta zergatik nago urduri? Esperoaren pena da, pazientziaren muga ezezaguna, itsasondoko amildegiaren ertza… behera begiratu eta ikaratuta atzera pausu bat eman nahian erortzen naiz aurrerantz erreflexuek saldua… lurrik bako zulo amaigabean murgilduta nago eta grabitatearen deia entzunda beherantz amiltzen naiz etengabe…

 

Ezintasunak korapilatu dit eztarria berriro ere, eta lepoko zainak lodituz doaz begietatik malkoak ateratzen zaizkidan heinean. Haserre biziz beteriko eztandetan desegingo ote naiz, oihuka, garrasika indarrak galtzen… amaraun erraldoi batean gatibaturik, sarearen hari bakoitzera hiltzaturik ezin naiz mugitu. Inpotentziak gidatua barneratzen naiz sentimendu bakarreko munduan, non gorrotoak, minak, amorruak, nekeak... bat egiten duten, neure izatea sugarra bihurtuz. Bizirauteko grinez oxigeno bila dagoen su erdi itzalia, elikatzeko nahian dabilen su tristea… lortzen du. Lortzen du suak armiarma sare hau erretzea eta desintegraturiko milaka hauts partikula bilakatzea, baina ez naiz askatzen, behar dut euskarri bat eta jarraitzen dut amiltzen nora iritsiko jakin gabe.

 

Hipnotizaturik eta irri erdi okertuaz begiratzen nago izan nahiko nukeen sugarra, nola dantza, nola mugitu, nola den aske sua. Bereak zaizkion bizitasuna eta poza erakusten dizkit, nire kontura ari da barrezka bera dena izatera iritsiko ez naizelako…  eta amorruak hartzen nau berriro. Erretako baso bat besterik ez bainaiz... badakit.

 


Utzi iruzkina: