Soilik egun batez...

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-11-18 16:33

Normalean ez ditut data seinalatuak gehiegi atsegin, aspergarria iruditzen zait egun zehatzetan norbait zoriondu edo opariren bat erosi behar izatea, ez nahi duzulako, baizik eta tokatzen delako. Gaurko eguna ere ez da pozteko ezer, izan ere, gaur hiru urte betetzen dira lagun ona batek alde egin zuenetik, betiko desagertu zenetik. Bai, atzo izan zela dirudien arren, hiru urte pasa dira meningitisak egun batetik bestera Igone hil zuenetik.

Agian ez nuke gaur soilik bere izena aipatu behar, baina ezin ditut betiko esaldiak errepikatu, ez naiz horretarako gai. Gustatuko litzaidake esatea inoiz baino gertuago sentitzen dudala, ezinezkoa zait ordea. Gero eta urrunago sentitzen dut egunak aurrera egin ahala, oroitzapenak dira berarengandik gelditzen zaidan bakarra, eta hauek ere aldatuz eta galduz doaz denboraren laguntzaz. Benetan zaila gertatzen zait gaur egun, laguna azkenik entzun eta hiru urte beranduago, bere ahotsa zen bezalakoa gogoratzea, ezin dut neure buruan ahots hori birsortu lehen egin ohi nuen moduan.

Testu hau bigarren pertsonan idatzi nahiko nuke, berari esan nahiko nioke gutzia eta paregabea litzateke entzuten nauela sinestu ahal izatea... aitzitik, ez dut uste inon dagoenik, ez dut uste entzun nazakeenik,  are gehiago, ez dut uste bere existentzia ezagutzen genuen horien pentsamendu eta ametsetatik haratago doanik. Eta egia esan, horrek poztu egiten nau, oraindik Igoneren izaera oroitzeko kapaza bainaiz eta ziur nago ez litzaiokela gustatuko ikustea zenbat gauza galtzen ari den, zenbat urte gelditzen zitzaizkion aurretik. hainbeste maite zuen bizitza non azkarregi saiatu zen berau topera disfrutatzen, baina orain atzera begiratzen dudanean, bere jarrera bitalista hori zertxobait miresten dudala onartu beharrean nago. ez dut esango munduko pertsonarik onena zela, hori edonoren hiletan botatzen diren hipokresia bat besterik ez litzateke izango. Nire laguna ez zen perfektua, eta ez zizkion maite zuten zenbait pertsonari gauzak errazegi jarri, ez zuen normalean zuzentzat hartzen den bidea hautatu, azken finean, ez zen zehazki aingerutxo bat. Baina nik maite nuen, nire laguna zen, konfiantza handia nuen berarekin... eta inork espero ez zuenean, hamabost urte baino ez zituela, berriro sekulan ez bueltatzeko joan egin zen.

Horregatik ez dut beti bihotzean eraman nahi, horregatik ezin dut etengabe gogoan izan, gogorregia da urteko egun guztieta bera oroitzea, eta pentsatzea zein bidegabe den heriotza berton geratzen garenontzat. Ez naiz kapaz 2004ko azaroaren 18an sentitu nuena behin eta berriz sentitzeko, eta gainera ez dut nahi, ez daukat horretarako gogorik. Beraz, nahikoa dut gaurko eguna pixka bat gehiago sufritu eta tristeago egoteko. Egia da gehienetan alaitasunez gogoratzen ditudala berarekin pasatako momentuak, izan ere, une asko igaro ditugu elkarrekin eta horietatik garunean gordetzen ditudan guztiak izan dira politak eta dibertigarriak, dena den, nire maskorra kontrakoa adierazten saiatzen den arren, ikaragarri sentitzen dut oraindik bere falta. Badakit ez dudala inoiz guztiz ahaztuko, eta hori bada zerbait, baina zorionez bai ahaztuko dut mina, eta ikasiz noa dena pasatzen dela ekaitzaren antzera, ezer ez da betirako. Momentuz izugarri kostatzen zait lagunaren gurasoei begietara begiratzea, beraiekin hitz egitea, espero dut hori ere gainditzeko gai izatea, denbora beharko dudala badakit ere.


Behintzat, Igone, ametsetan hitz egin ahal izango dizut zuri zuzenean, bigarren pertsonan, nire ametsetan agertzean beti zaudelako ni bezain bizirik, entzuten nauzulako. Hori daukat gutxienez zurekin egoteko, finean, ametsak amets diren bitartean, inork ez daki errealitatetik oso urrun aurkitzen dela. Ametsak nireak izango dira, eta hauetan zu benetakoa izango zara zeharo, nik horrela desiatzen dudalako.


Utzi iruzkina: