Blogak.com

Create a new blog   Log in to your blog

2007/11/16 12:12:35.755000 GMT+1

Platonen dialektika

Protagoras (iruzkina)

Protagoras irakurri ondoren eta jakinik Platonen testu guztiak elkarrizketa modura egituratuta daudela, agian hasteko egin beharko genukeen lehen galdera hurrengoa da: zer dela eta idazten zuen beti Platonek aurretik elkarrizketa bat izan balu bezala?

Zenbaitek esan lezakete gustu kontua baino ez dela, berritzailea izateko gogoa akaso, liburu ezberdinak idatzi nahi izatea. Hori, ordea, epai azkarregia iruditzen zait niri. Platonen pentsamendua zertxobait aztertuta, ikusiko dugu nola Gobernari filosofo izatera iristeko, pentsalariak arlo zehatz batzuen lanketa proposatzen zuen, bide horretatik ontasunera ailegatzea posible izaki. Tartean bazeuden soinketa (men sana in corpore sano), geometría eta beste hainbat lanketa gai. Baina dialektika zen piramidearen kuspidean aurkitzen zen jakituria absolutua lortu ahal izateko azkeneko pausua. Eta hori, argi asko isladatzen da bere idazkietan.

Baina, zer da dialektika? Eta zergatik ematen dio Platonek hainbesteko garrantzia? Hiztegian begiratuz gero hau da lortuko genukeen definizioa, errealitatea bere kontraesanak agerian jarriz eta haiek gainditzen saiatuz aztertzen duen arrazoiketa-metodoa. Nahiko baliagarria zaigu ondoren datorrena azaltzeko.

Gure pentsamendua elkarrizketa bat da. Txikitatik, kontziente edo inkontzienteki etengabe ari gara geure buruarekin eztabaidan, kontraesanak sortzen zaizkigu eta geure kabuz saiatzen gara azaltzen zaizkigun arazo horiek askatzen. Horretarako, nahigabe izanik ere, halako lista bat egiten dugu buruan, zer da egiazkoa eta zer ez? Zerk merezi du? Zeintzuk dira alde onak eta zeintzuk txarrak? Etengabeko argudio trukaketa bat gertatzen da geure garunean, hori da pentsamendua, eta bizitza osoan horrela dirau. Baina helduz goazen heinean, gero eta ohikoagoa bihurtzen da barne elkarrizketa horiek kanpoaldera atera eta hainbat pertsonaren arteko ikuspuntu kontua bilakatzea.

Sokratesen esaldirik famatuena erabiliko dut ondoren datorrenari oinarri bat emateko, ezer ez dakidala baino ez dakit. Paradoxa polita Sokratesena, ironiaz betetako paradoxa. Zergatik ironia? Esaldi honek norberak jakituriarekiko dituen mugak onartzeko modua da, ironia, azken finean. Ironia gizakiaren berezko ezaugarri bat dela esan genezake, orain egiazko zerbait esango bagenu, agian egiazkoa litzateke, bai. Baina beste testuinguru batean esaten den eta aurretikoaren aurkakoa den beste zerbaitekin konparatuz gero, akaso ez da hain egiazkoa izango lehenengo zerbait hori. Testuinguruak egia baldintzatzen du, ez baitago egia absoluturik. Ironiak ez ditu ordea soilik muga horiek onartzen, are gehiago egiten du, hizkuntzaren eta jakituriaren muga horietara ahalik eta gehien hurbiltzen saiatzen da, eskuartean daukagun frutari ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzeko tresna da.

Izan ere, Sokratesen esaldiak irekitzen du benetan jakituariarenganako bidea, ez absolutua, nik ez baitut horrelakoetan sinesten, baina bai gero eta ezagutza handiagoa. Benetan zerbait jakiten hasteko baldintza, dakiguna kolokan jar dezakegula onartzea baita. Gure ezagutzak zalantzan jartzeko bide egokiena, aurkako argudioak ematea litzateke, eta horren inguruan eztabaida sortuz, erdibideko erantzun bat aurkitzen saiatzea, posiblea den guztietan behintzat. Dialektikak ematen digu aukera hori.

Demagun lagun talde batean gaudela eta bakoitzak gai berdinaren inguruan bere iritzi propioa duela, eta hauek aldi berean ez daukatela elkarren artean zerikusirik. Iritziak mahai gainean jartzen baditugu, eta jarraian etorriko diren kontrako argudioak gaindituz bagoaz, gutxinaka iritzi horiek hurbiltzen joango dira, eta kasu askotan zerbait adostea ere lor liteke argudiaketa zuzenaren bidez. Tranparik erabili gabe. Bakoitzak zenbat eta argudio gehiago eman, bere tesia zenbat eta zuzenago defendatu, orduan eta indar gehiago izango du tesi horrek. Horregatik da dialektika Gobernari filosofoak dominatu beharreko disziplina bat, bere tesia indartu beharrean dagoelako herriaren aurrean, hauei Platonek aldarrikatzen zuen egia absolutua erakutsi ahal izateko.

Egia esan ez dut uste Platonen helburua erdiko bidea bilatzea zenik, are gehiago, esango nuke pentsalariak nahiko argi zituela bere ideiak Protagoras idatzi zuenerako, eta ziur asko pentsatuko zuen bere egia zela balioduna zen bakarra. Hala ere, testuak elkarrizketa modura idazteak margen handiagoa ematen zion. Hau da, bere tesia aldeko argudioez janzteaz gain, tesi horren aurkakoa zena baliogabetzea zeukan, hala, bera defendatzen ari zen iritzi horri indar gehiago emanez. Liburuan ikus daiteke hori argitasunez, mahai gainean jartzen dira bai Sokratesen argudioak bai Protagorasenak, eta pixkanaka Sokratesek, Protagorasen argudioei kontra eginez, gainditu egiten du bere tesia baliogabetuko lukeen beste edozein argudio.

Posted by: Sugoi.2007/11/16 12:12:35.755000 GMT+1
Tags: platon hausnarketa saiakera filosofia | Permalink | Comments (0) | References (0)

Post a comment





Please answer this question to add your comment
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru