Carpe Diem?

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-09-12 23:03


Concursos de Fotografía de OjoDigital - Mi vida mi futuro


Bizitza, hori da norbanako bakoitzak eskuartean daukan gauzarik baliotsuena jaiotzen denetik heriotzerarte, traszendentalena behintzat bai, ziur. Batzuek esaten dute laburra dela “a vivir que son dos días”, beste batzuek ordea, luzea dela, eta gainera sufrimenduz betea “así es la vida, larga y jodida”. Ni beti nabil berdinean, bizitza ez da nire ustez ona edo txarra, eta beraz, luzea edo laburra ere ez. Neure aburuz, gauza bat baino ez dago argi, bizitza, aukera bat da, handia gainera.

Askeak gara. Gezurra dirudi, eta horrela esanda, ez luke edozeinek sinestuko. Baina pentsa dezagun une batez, benetan ez da geuretzako muga mordoa esistitzen. Hiruzpalau gauza kontuan hartzearekin nahikoa litzateke nahi eran bizi ahal izateko, jan eta edan ahal izatea, bizitzeko toki aproposa aurkitzea (bakoitzarentzat zerbait ezberdina izango da aproposa) eta gainontzekoen askatasuna ez mugatzea. Ez al da nahikoa oinarrizko hiru faktore hauekin? Zorionez ala zoritxarrez, gizakioi pentsatzeko gaitasuna tokatu zaigu eboluzioan, arrazoia, zentzua, logika. Askotan oztopoa izaten da, beste askotan baina, ez datorkigu gaizki. Dugunaz konturatzeko oso baliagarri izan daiteke, izan ere, esaten dute “no sabes lo que tienes hasta que lo pierdes”, kasu honetan, bizitzarekin, galtzen duzunean ere ez zara konturatzen, horregatik hobe lehenago ohartzea.

Milaka esperientzia izateko aukera dugu, baina ez gara ausartzen. Etxean gelditzen gara, ikasten, gero lan egiteko, eta azkenik hiltzeko. Non dago gure jakinmina, bizipen berria izateko gogoa eta irrika, etengabe zerotik hasten zarenaren sentsazioa, inoiz ez aspertzearena? Hori da txarrena, aspertzea. Baina hara eta hona ibiliko bagina, urteak joan urteak etorri jende ezberdina ezagutzen, kultura ezberdinetan murgiltzen, jakituria biltzen, ikusmira zabaltzen... dena litzateke bestelakoa. Sorpresek markatuko lukete gure egunerokoa, erokeriek, harridurak, prontoek, damuek, herriminak, itxaropenak, ezustekoek. Pelikula bat bailitzan ikusten dugu gure bizitza pasatzen, zenbat eta nagusiagoak bihurtu, orduan eta arinago pasatzen da denbora, eta konturatzerako geure burua gatibatu dugu, irteerarik gabeko zirkuluan. Kontrol sistema honetan leporaino sartuta, agintariek gu atxikitzeko tresnarik onena daukate, gu geu. Ez dute ezer egin behar, egongelako sofari itsatsita gelditu baikara oharkabean, gauetik egunera, eta jada ez dugu altxatzeko gogorik...

Beldurragatik edo, bakarrik ez gelditzeko, jokoaren arauak jarraitzen ditugu taldean jolastu ahal izateko, izan ere, beste joko bat hautatuz gero litekeena da lagunik gabe jolastu behar izatea. Zer da ordea, benetan gehien desiratzen duguna?


Utzi iruzkina: